Espaloiaren eta basoaren artean

Hirien inguruan bioaniztasuna sustatzearen garrantzia nabarmendu dute adituek. Ordea, ohartarazi dute gizakiak aniztasun hori kudeatu behar duela desorekak zuzentzeko.

Ur ipurtatsa, Salburuko hezeguneetan. BERRIA.
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Salburuko basurdeei buruzko eztabaidaren erdian, Salburua auzoan ikusi dute aleren bat. Adituek azaldu dute ez dela guztiz ezohikoa. Animalia basatiak hirira gerturatzearen hamaika adibide zerrendatu dituzte: hirian sartzen diren basurdeak, hezeguneen inguruko espaloietan agertzen diren ahateak, kanpandorreetako zikoinak... Are, desagertzeko arriskuan dauden animalia basatiak berreskuratzeko proiektuak ere badira zenbait lekutan, Salburuan ur ipurtatsarekin egiten ari diren bezala.

Hiriek garrantzi handia dute bioaniztasuna kontserbatzeko. Gorka Belamendia Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kideak, azaldu du bioaniztasunaren %60 inguru biltzen dela hirietan eta horien inguruan. Belamendiak nabarmendu du aniztasun horrek «aberastasuna» ematen diola lurraldeari, eta bizitza kalitatea herritarrei. Batetik, hausnartu du hiriak «pertsonen gotorleku» izateari uzten diola, eta «iragazkorrago» bihurtzen dela naturari sartzen utzita. Bestetik, natura hirietan sartzean herritarrek errazago dute «bizi diren ingurumeneko kide» izatea.

Belamendiak bioaniztasun hori bermatzeko eta kontserbatzeko zenbait gako eman ditu. Batetik, azaldu du espazioen arteko loturak egon behar dutela: espazioak era askotakoak badira, are aniztasun handiagoa lor daiteke. Espazio horien zabalerari ere erreparatu dio: zenbat eta zabalagoak, orduan eta errazagoa izango da animalia basatiak erakartzea eta egonkortzea.

Zaindutako hiri inguruetan animaliak egotea aberasgarria dela berretsi du Belamendiak. Oro har, animalia horiek ez dute eragozpenik eragiten hiriarekiko elkarbizitzan. Dena den, ale batzuek arazoak sor ditzaketela gaineratu du: errepideak gurutzatzen dituztelako, janaria bilatzen dutelako hiri hondakinen artean... Egoera horietan, edota natur eremuetan antzeman daitezkeen desorekak zuzentzeko, egoera kudeatzeko beharra dagoela azaldu du Belamendiak. Kudeaketa hori funtsezkotzat jo du, gizakiaren eragina duten eremuetan bioaniztasuna bermatzeko eta handituz joateko. «Animaliak izan behar ditugu, baina oreka ere mantendu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.