Talde bat, rol ugari

Asier Garitanoren aginduetara abiatutako proiektuan, aldatu egin da Realeko zenbait jokalariren egoera. Batzuek gutxi jokatzen zuten lehen, eta entrenatzaileak aintzat hartzen ditu orain; baliteke zenbaitek aurkako bidea egitea.
Realeko jokalariak, herenegun, Zubietan egindako entrenamendu saioan.
Realeko jokalariak, herenegun, Zubietan egindako entrenamendu saioan. MANIX DIAZ DE RADA / REALA

Jon Ander De la Hoz -

2018ko abuztuak 23
Hasiera guztiek izaten dituzte berrikuntzak. Gehienetan, proiektu bati ekitea aldaketen sinonimo izaten da, eta traza hori du Asier Garitanok Realean hasi berri duen ibilbideak ere. Iragan sasoiko zenbait jokalari dagoeneko ez daude taldean, eta geratu direnen artean ere rol aldaketa bat antzeman daiteke. Garitanok lehen jardunaldian zelairatutako hasierako hamaikakoari begiratzea nahikoa da horretaz jabetzeko; iazko estreinaldiarekin alderatuta, lau jokalari soilik aritu ziren berriro hasieratik: Rulli, Illarramendi, Oiartzabal eta Willian Jose.

LEHEN ERE ITSASARGI

Garitanok ekarritako aldaketa nagusietako bat joko sistema ezberdinekin aritzearen aldeko apustua da. Entrenatzaile bergararrak partida bakoitzaren eskakizunetara egokituko den talde bat nahi du, eta horretarako gako dira postu ezberdinetan aritzen dakiten jokalariak. Horretarako gai dira aurrez garrantzitsuak ziren futbolari batzuk, eta baita lehen taldean egonkortzen ari direnak ere.

Horien artean dago Igor Zubeldia. Sasoi-aurrean eta lehen jardunaldian ikusi ahal izan denez, erdilari azkoitiarrak aukera handiak ditu Garitanoren eskemetan sartzeko. Ohiko postuan ekin zion denboraldiari Vila-realen (Herrialde Katalanak), hasieratik, baina baliteke prestatzaileak erdiko atzelari gisa ere kokatzea; udan hainbatetan aritu da postu horretan.

Asier Illarramendi, Mikel Oiartzabal eta Willian Jose, berriz, taldearen gidari izatera deituak daude. Xabi Prieto erretiratuta, kapitainaren besokoa egokitu zaio mutrikuarrari, eta horrek areagotu egin du taldean zuen garrantzia. Hura da Realaren itsasargia, eta, gauzak ondo bidean, hamaikakoan behar luke beti.

Oiartzabal da garrantzi handia izango duen beste jokalari bat. Eibartarra finko izan da azken denboraldietan, eta kontratua berritu ostean ere lehengo gisara jarraitzeko baldintza guztiak betetzen ditu. Txuri-urdinen erreferentzietako bat da. Willian Josek ere antzeko itxura du; Realera iritsi zenetik, brasildarrak bereganatua du aurrelari postua, eta ez dirudi aldaketa askorik izango duenik haren bilakaerak. Itsasargien multzoan jar daitezke Raul Navas eta Hector Moreno erdiko atzelariak, eta baita Adnan Januzaj erasoko erdilaria ere. Iragan sasoiko fitxaketa nagusia izan zen belgikarra, eta, behin Donostian egonkortuta, maila erakusteko garaia heldu zaio.

Halaber, Mikel Merino eta Theo Hernandez iritsi berriak ere garrantzitsuak izango dira ezinbestean. Realak orain artean egin dituen bi fitxaketak klubari tamaina hartzen ari dira, baina entrenatzaileak hamaikakoan jarri ditu dagoeneko.

GARRANTZITSU IZAN NAHIAN

Astea joan, astea etorri, Realak jokalari multzo zabala du hamaikakoan sartzeko lehian aritzeko. Aurrekoez gain, Diego Llorentek, Juanmi Jimenezek edota David Zurutuzak jokatzeko aukera handiak dituzte. Zurutuzak lehiakortasun handia du taldean, baina sasoiko dago. Aulkian geratu zen lehendabiziko jardunaldian, eta Merinoren ordez zelairatu zen bigarren zatian; maila ona eman zuen. Arnasa onean daude Llorente eta Juanmi ere. Lehendabizikoa hasieratik aritu zen Vila-realen, baina ikusteko dago zer-nolako jarraitutasuna izango duen Navas osatzen denean. Juanmik, berriz, iragan sasoia amaitu bezala hasi zuen aurtengoa, aulkitik irtenda. Garitanok Ruben Pardo ordezkatzeko zelairatu zuen , eta berak sartu zuen garaipenaren gola. Realera iritsi zenetik, pizgarri gisa aritu da, eta lehengo lepotik hasi du sasoi berria ere.

Bi atezainek ere hamaikakoan leku bat egiteko lehia izango dute. Geronimo Rullik abantailarekin ekin dio sasoiari, hura hasi baita atea zaintzen. Alabaina, Miguel Angel Moya min hartuta dago, eta bera itzultzeak estutu egingo du atepean egoteko borroka.

AUKERA BALIATZEKO ASMOZ

Sasoiari ilusio bereziarekin ekin dionik ere bada taldean. Zubietan urteak eman izanagatik, Realak jokalari sorta bat du egunerokoa aldatuko den esperantzan; Pardo eta Joseba Zaldua dira horietako bi. Lehenengoak aukera gutxi izan zuen Eusebio Sacristan entrenatzaile zela, eta harmailetatik ikusi behar izan zituen partida gehienak. Imanol Alguacilek berreskuratu egin zuen, eta Garitanorekin jarraipena izateko itxura du.

Pardo bezalaxe, Zaldua ere jokatzen hasi da. Iaz Leganesen utzita aritu zen donostiarra, Garitanoren aginduetara. Haren eskutik itzuli da Realera, eta aukera baliatu nahi du, bigarren taldetik igo diren Luca Sangallik, Martin Merquelanzek eta Andoni Gorosabelek bezala.

Gorosabel eta Zalduarekin batera, Aritz Elustondok ere postu bat nahi du atzeko lerroan. Beasaindarrak garrantzia galdu du denboraldi hasieran, eta, Kevin Rodriguesen moduan, egoera iraultzen saiatuko da, segida izateko.

ARGI BILA DABILTZA

Egoera zailagoa dute Alberto de la Bellak eta Imanol Agirretxek. Kataluniarra deialditik kanpo geratu zen iragan larunbatean, eta baliteke beste talde batera joatear egotea; itxura guztien arabera, Las Palmasera.

Ilunagoa da Agirretxeren egoera. Lesioak konpondu ezinik dabil, eta min hartu zuen herenegungo entrenamenduan. Realeko medikuen arabera, Ā«lesio larria du eskuineko izterraren atzealdeanĀ». Ez du itxura onik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna