Idia, eta, atzetik, gurdi oparoa

Eibarrentzat oparoa izan da 2018a. Zelaian, lehen taldeak ondo amaitu zuen aurreko denboraldia, Lehen Mailan jarraitzeko helburua beteta, eta bertan jarraitzeko oinarriak jartzen ari da sasoi honen lehen erdian ere. Bulegoetan, Kirol Hiria Areition (Bizkaia) egiteko erabakia hartu dute akziodunek.

Amaia Gorostiza, azalpenak ematen azken akziodunen batzarrean. J. HERRERO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Eibar, 2015eko udaberrian Lehen Mailara igo zenean, idi flakoa zen. Jatekorik falta ez zuena, baina neurriz justu antzekoa. Besteak beste, edo batez ere, baliabideetan. Nekez eska ziezaiokeen esaneko idi hari gurditik tiratzeko, eta ezta beharrik ere, atzetik ez baitzuen gurdirik. Eta, edukitzekotan, txikia eta arina zen.

Joan dira urteak balentria hartatik, eta Lehen Mailan jarraitzen du lehen taldeak. Horrek dirua eta oparotasuna ekarri dizkio klubari, eta zelaiko lan onaren zutabe sendoaren gainean ari daeraikitzen etorkizuna Eibar. Bukatzear den urte honek ondo azaltzen du binomio horren berri. Gurdia sortuz joan da, handituz, eta gurdiak ezinbestean behar du idi indartsua orain. Idiak dakar telebisten dirua gurdira, eta horko obra, fitxaketa, kontratu berritze eta bestelako gastuak ordaintzeko ezinbestekoa da dirutza hori.

Urte honen lehen erdian lan ona egin zuten idiek, eta berdintsu dabiltza bigarrenean ere. Gurdi astuna eroso antzean dakarte.

SAILKAPEN HISTORIKOA

Lehen Mailan jarraitzeko oinarri sendoak jarri zituen taldeak urte honen hasieran. Aurrekoaren amaiera onari segida eman zion, eta, Liga bukatzeko bigarren itzuli osoa falta bazen ere, 2018ari ekiterako nahiko garbi zegoen Eibarrek elitean segituko zuela beste denboraldi batez, gutxienik. Ez zen ezusterik izan, eta aise lortu zuen helburua Jose Luis Mendilibarren taldeak. Europarako sailkatzeko aukerak ere eduki zituen, baina, azkenera pixka bat behera egin zuenez, amets hori bete gabe amaitu zuen 2017-2018ko denboraldia.

Amaiera ez zen garratza gertatu, ordea. Izan ere, sailkapen historikoa erdietsi zuen taldeak, bederatzigarren bukatu baitzuen; Lehen Mailan denetik ez du hain goian amaitu. 51 puntu batu zituen sasoiaren amaieran, eta, datu horretaz gain, beste hau ere oso argigarria da denboraldiari neurria hartzeko: jaitsiera 22 puntu atzetik utzi zuen Eibarrek.

Asmo berarekin ekin zion taldeak oraingo denboraldi honen hasieran, eta badoa aurrera. Emaitzetan ez bada ari ere jokoan erakutsitakoa gauzatzen. 21 punturekin harrapatu ditu Gabonetako oporrak. Lehen itzulia amaitzeko, bi partida falta zaizkio: Vila-real etorriko da Ipuruara datorren urteko lehen jardunaldian, eta Bartzelonan amaituko du Ligaren aurreneko erdia.

Beste kontu ilunago batzuk azaldu zaizkio Espainiako Kopan, lehen kanporaketan bota baitu kalera Eibar Sporting Gijonek, Bigarren Mailako taldeak.

EMAITZA HISTORIKOA

Kontu alaiagoak izan ziren Ipuruan duela gutxi, azaroaren 24an. Data hori ez da inoiz ahaztuko hirian, emaitza historiko batena izan baitzen: Eibarrek astindu handia eman zion Real Madrili.3-0 nagusitu ziren armaginak, Escalanteren, Enrichen eta Kike Garciaren golekin, eta, horrenbestez, aurreneko aldiz irabazi zion talde handienetako bati Lehen Mailan denetik.

ALDAKETA GUTXI TALDEAN

Lehen Mailan denetik, Eibarrek bide honi heldu dio taldea osatzean: aldaketa gutxi egin zale bihurtu da, lehen ez bezala. Ondorioz, udaberrian taldean amaitu zuten jokalari askok bertan segitzen dute, eta horrek lana errazten die denei: jokalariei eta entrenatzaileari. Elkar ezagutzeko lana egin beharrik ez. Hala ere, udan bete behar izan zituen pare bat zulo handi: Dani Garcia kapitaina eta Ander Capa Athleticen daude. Bazen kezka kapitainak ez ote zuen bete ezina izango zen zuloa utziko, baina inor gutxi oroitzen da. Lehen zeuden Diop eta Jordan dotore ari dira moldatzen zelaiaren erdian.

Aurreko sasoitik falta diren beste jokalariak hauek dira: Lomban, Yoel, Jovanovic, Junca, Fran Rico eta Alejo. Etorri direnak, berriz, beste hauek dira: Bigas, Cucurella, Calavera, Sergio Alvarez, De Blasis, Pere Milla, Hervias eta Cardona.

Jokalarien artean, nabarmendu egin behar da Pedro Leonek bizi izan duen sufrikarioa urte honetan. Lesioek erasan diote erdilariari, eta apenas jokatu ahal izan duen. Duela hilabete pasatxo, osatua zegoenean eta jokatzera itzultzeko pronto, oinean beste lesio bat izan zuen, eta operatu egin behar izan zuten berriz ere.

MENDILIBARREN JARRAIPENA

Lehen taldearen eta klubaren barruan izan zen kontu bat denak aztoratu zituena: Mendilibarrek kontratua berrituko zuen edo ez. Luze iraun zuen kontuak, eta jarduna ibili zen leku guztietan. Entrenatzaileak data bat eman zuela hizketan hasteko, klubak berandu irizten ziola... Bi aldeak hizketan ari ziren bitartean, eta tarte horretan zabaldu zen Mendilibarrek beste eskaintza batzuk ere bazituela. Azkenean, maiatzaren 2an iragarri zen kontratu berritzearen albistea.

Lasaitu ederra hartu zuten klubean, eta Amaia Gorostiza presidenteak ez zuen ezkutatu hori denboraldia agurtzeko afarian, Arraten. Boligrafo bat oparitu zion Mendilibarri, eta hitz hauek esan zizkion: «Tori opari hau, datorren urtean lehenago berritu dezazun kontratua».

IPURUAN, HARMAILA BERRIA

Asko aldatu da Ipurua Eibar Lehen Mailara igo zenetik, eta itxura berritua dauka gaur egun. Gehiago berrituko da Mendebaldeko harmailako lanak amaitzen direnean. Ikusle gehiago sartu ahal izango dira, eta harmailaren azpian aparkalekua egingo dute. Orain arte egon den bezala, futbol zelaia ere izango du alboan. Lanen harira, leundu egin da EAEko erakundeen eta klubaren arteko harremana, Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro emango baitizkio.

KIROL HIRIA, AREITION

Ipuruakoa ez da izango, ordea, Eibarrek egin beharko duen lanik handiena. Ez behintzat, neurriz, ezta estrategikoki ere. Kirol Hiriari ateak irekita daude, akziodunek administrazio kontseiluak aurkeztu zizkien bi aukeretako bat aukeratu zutenetik. Areitioko (Bizkaia) kokapenaren alde egin zuten urri amaierako batzarrean, Eibarren bertan egiteko aukeren aurretik. Areitiokoa da administrazio kontseiluak nahi zuena, «klubaren beharrei erantzuteko egokiena» delako. Erraz nagusitu zen bozketan Bizkaiko herriaren hautua, eta, bi urteren buruan, Eibarrek Kirol Hiria izango du, behin lanak hasten direnetik.

Lau futbol zelai izango ditu, eta bosgarrena egiteko aukera ere eskaintzen du. Klubeko talde guztiak ariko dira bertan lanean, baita lehen taldea ere, klubeko agintariek «estrategiko» gisa izendatu duten gune horretan. Eibarko Untzaga plazatik zortzi minutura dago. Eibartarren artean eztabaida egon zen hain eraikin garrantzitsua hiritik kanpo egin nahi zutelako, eta buruko min handiak eragin zizkien gaiak Amaia Gorostizari eta gainerako kontseilariei.

Beste kezka batek ere hartu zuen eztabaida: bideragarria izango al da halako azpiegiturari eustea egunen batean lehen taldea Bigarren Mailara jaisten bada? Klubeko agintariek ez dute zalantzarik, eta, azterketa ekonomiko guztien datuekin, azkar erantzun izan diote galdera horri, baiezko indartsuarekin. Gehiago ere aipatu dute, kirol helburuak ere tartean sartuta:«Bigarren Mailara jaisten garenean, igotzeko lehian ibiliko direnetako bat izateko ezinbestekoa dugu itxurazko Kirol Hiria edukitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.