Ikusgarriak bezain arriskutsuak

Astebete pasatu da Fabio Jakobsen esprinterrak eroriko oso larria izan zuenetik. Lau haizeetara zabaldu dira hark hartutako kolpearen irudiak, eta, larri egon bada ere, azken egunetan hobera egin du. Istripuak zalantzan jarri ditu esprinterren jokabideak eta haien segurtasuna.

Jasper Philipsen eta Dylan Groenewegen lurrean, Poloniako Itzuliko lehen etapan. Azken horrek Fabio Jakobsen jo zuen ukondoarekin. ANDRZEJ GRYGIEL / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Jende gutxi egongo da Dylan Groenewegenen (Jumbo) eta Fabio Jakobsenen (Deceuninck) arteko erorikoaren irudiak ikusi ez dituena. Poloniako Itzuliko estreinako etapan gertatu zen ezbeharra. Tropela osorik iritsi zen helmugara, eta, ohiko moduan, etaparen garaipena esprintean erabaki zen. Groenewegenek beste aurkariek baino lehenago hartu zuen puntako abiadura, eta besteengandik aldendu zen esprintaren lehen partean. Metro gutxiren faltan, Jakobsen eskuin aldetik gerturatu zitzaion Jumbokoari, eta, hura azkarrago zihoala ikusita, Groenewegenek norabidea aldatu zuen: Jakobseni bidea itxi nahian, ukondoarekin hesien kontra bultzatu zuen. Babes moduan zeuden hesien kontra jo, eta airean atera zen errepidearen beste alderantz. Emaitza: Jakobsen koman egon da, eta aurpegiko hezur guztiak hautsi ditu.

Groenewegenen eta Jakobsenen istripuak hautsak harrotu ditu txirrindularitza munduan,eta txirrindularien segurtasuna zalantzan jarri du. Jon AberasturiCaja Ruraleko esprinterrak (Gasteiz, 1989) uste du ez zela nahita eragindako erorikoa izan: «Bi ziklista oso azkarren arteko esprinta izan zen. Biak herbeheretarrak dira, eta lehia dago bien artean. Groenewegenek ikusi zuen Jakobsenek aurreratu egin behar zuela, eta bidea itxi zion. Halere, ez dut uste Jakobseni min egiteko intentzioa zuenik». Enrique SanzKern-Pharmako esprinterrak (Iruñea, 1989), berriz, Jumboko txirrindulariaren jarrera gaitzetsi du: «Groenewegenek norabidea nahita desbideratu zuen, eta hori ez da legezkoa: zigortzeko modukoa da. Amorrua ematen dit, nik hori pairatu dudalako, eta horrek lasterketa batzuk irabaztea eragotzi didalako».

Irabazle petoak dira esprinterrak. Lasterketa lauetan, buru-belarri aritzen dira, eta, helmugara gerturatu ahala, abiadura gero eta gehiago handitzen dute. Esprintak «oso arriskutsuak» direla uste du Sanzek, eta argi dauka zein diren horren arrazoiak: «Bi arrazoi nagusi daude: bat, esprintatzerakoan hartzen dugun abiadura bizia da; bigarrena, berriz, azken momentura arte ahalik eta esfortzu txikiena egin nahi izaten dugu. Metro gutxi falta diren arte aurreko txirrindulariaren gurpilean joan nahi izaten dugu, haren abiadura aprobetxatuz, eta hori ere arriskutsua izaten da». Ziklistaren beraren izaerak ere eragina izan dezakeelakoan dago Aberasturi: «Batzuetan gure errua ere bada, inork ez baitu frenatu nahi izaten azken metroetan. Txirrindulariak oso geurekoiak gara, eta bakoitzak berea egiten du. Hori ez dago batere ondo, eta horrelakoetan ez diogu elkarri laguntzen».

Segurtasun neurri eske

Helmugaratzear diren ziklistak hainbat arrazoirengatik erori ohi dira. Gehienetan, bi txirrindulariren arteko kolpeagatik. Joan den asteazkenean Polonian gertatutakoa ere ez da bakana; 1994ko Espainiako Vueltan, Adriano Baffiren eta Mario Cipolliniren artean antzeko erorikoa gertatu zen, eta azken horrek ere ospitalean amaitu zuen. Lehiakidea botatzeko intentzioarekin eginak ere egon dira: esaterako, 2009ko Turkiako Itzulian, Theo Bosek maillotetik eutsi zion Daryl Impeyri, eta hesien aurka bota zuen. Errepideko trafikoko seinaleek ere istripu asko sortu dituzte, bertan egon behar ez luketen arren. Bilbon amaitu zen 2015eko Euskal Herriko Itzuliko lehenbiziko etapan, bost txirrindularik Basurtuko erietxean amaitu zuten errepidean zeuden bi zutoinen ondorioz. Aberasturiren ustetan, erorikoen erantzule bakarrak ez dira ziklistak: «Arriskua antolatzaileen kontua ere izan ohi da. Batzuetan, oso helmuga azkarrak jartzen dituzte, edo 300 metroren faltan bihurgune zail bat edo biribilgune bat... horrelakoak sobrandaudela uste dut». Kern-Pharmakoa, berriz, helmuga sigi-sagatsuen aldekoa da: «Helmuga guztiak zuzenak balira, abiadura puntu azkarreko esprinterrek irabaziko lukete beti. Niri bukaera teknikoagoak dutenak gustatzen zaizkit, abilezia puntu hori behar dutenak».

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) legeak ezarrita dauzka esprintak arautu eta erorikoen erantzuleak zigortzeko. Honela dio legeetako batek: «Txirrindulariek guztiz debekatuta daukate esprinta abiarazteanaukeratu duten bidetik mugitzea, eta, hori eginez, besteak arriskuan jartzea». Kasu askotan, baina, horrelako jokabideak pasatzen uzten dituzte, eta ez dituzte zigortzen.

Johan Bruyneel ziklista ohia haserre agertu zen Polonian gertatutakoarekin sare sozialetan, eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren eginbeharrei jarri zien azpimarra: «UCIk baliabide gehiago inbertitu beharko lituzke ibilbideak ikuskatzen eta horiei onarpena ematen. Arriskutsuak izan daitezkeen puntu asko baztertu daitezke. Ibilbideari onarpena eman eta gero, gertatutakoaren erantzule izateko beldur dira. Beti berdin UCI (erantzukizuna beste batzuei pasatzen)». Aberasturi harago joan da, eta benetan garrantzitsuak diren gauzei arreta jartzeko eskatu dio UCIri: «Beti dago hobetzeko zerbait; are gehiago txirrindularien segurtasunaren esparruan. UCIk askotan tontakeriei garrantzi handiegia ematen die: galtzerdien luzerari, erlojuaren aurkako probetako bizikleten neurriei... eta segurtasun alorrean hobekuntzak egin behar dira, eta ez bakarrik esprintean».

Helmugetan dauden hesiak hobetzea ezinbestekotzat jo du Sanzek: «Esprintean bukatuko direla aurreikusten diren lasterketetan, hesi barrebigunak jarri beharko lirateke. Modelo bakar bat homologatu, eta helmuga guztietan hori jartzera behartu». Polonian gertatutakoak zerbaitetarako balio izatea espero da, txirrindularitzak ezbeharrengatikalbistegai izateari uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.