Ez dago gehiago eskatzerik

Urte borobila osatu du Alavesek: salbazioari estutasunik gabe eutsi zion lehenik, eta sasoi honetan Europako postuetan finkatu da. Bulegoetako lan ona, Abelardoren estilo pragmatikoa eta 'Mendizorrotza faktorea' lagun, helburu handiekin amesteko eskubidea irabazi du Arabako taldeak.
Abelardo Fernandez eta jokalariak, Mendizorrotzan Real Madrilen aurka lortutako garaipena ospatzen.
Abelardo Fernandez eta jokalariak, Mendizorrotzan Real Madrilen aurka lortutako garaipena ospatzen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abenduak 26
Pozarren jango dut turroia». Hitz horiekin laburtu zuen Abelardo Fernandezek bere zoriona Alavesek Anoetan irabazi berritan. Entrenatzaile espainiarrak sobera arrazoi ditu Eguberrietako jan-edanez lasai ederrean gozatzeko, Arabako taldeak egoera idilikoan bukatu baitu urtea, bosgarren postuan. Zale baikorrenen itxaropenak ere txiki ari dira gelditzen. Hamazazpi lehiatan 28 puntu batuta, arabarrak marka historiko guztiak ontzeko bidean dira. Salbazioa eskura daukate, eta Europara itzultzeko ametsak geroz eta gutxiago du utopiatik.

Nolanahi ere, Alavesen loraldia ez da soilik sasoi honetako kontua. 2018a osoki izan da borobila Gasteizko taldearentzat, 2017-2018ko denboraldiari zegozkion hilabeteetan ere puntuak erruz batu baitzituen. Hori horrela, 60 puntu bildu ditu urte osoan jokaturiko 38 partidetan. Lehen Mailako sei taldek bakarrik lortu dituzte gehiago. Jokalariek fede itsua dute Abelardoren estilo fisiko eta lehiakorrean, zaleen babes nekaezinak Mendizorrotza gotorleku bihurtzen lagundu du, eta, horri guztiari esker, ametsetako urtea osatu du Alavesek.

SUSPERRALDI SENDOA

Egoera kritikoan hartu zuen taldea Abelardok. 2017ko abenduaren lehenean iritsi zen Gasteizera, eta, orduan, sailkapeneko azkena zen Alaves, hamahiru lehiatan sei puntu eskas batuta. Hil hurren zegoen, baina Sportingeko teknikari ohiak terapia egokia topatu zuen. Berehalakoa izan zen erreakzioa: urteko azken lau partidetatik hiru irabazi zituen taldeak. Horri esker, nabarmen arindu zitzaion itolarria, eta jaitsiera postuetatik kanpo ekin zion 2018ari. Zulora itzuli zen urteko lehen neurketan, Athleticen aurka 2-0 galdu ondotik, baina atzerapauso txiki horrek susperraldi sendo bati eman zion bide.

Pixkanaka, emaitza onak pilatuz eta sailkapeneko azken postuetatik aldenduz joan zen. Otsailean hiru garaipen kateatu zituen, Celtaren, Vila-realen eta Deportivoren kontra, eta, hala, hamar puntura utzi zuen jaitsiera. Behera egin zuen martxoan, jarraian Realaren, Betisen eta Valentziaren aurka galduta, baina, aurkari zuzenen ahuldadeaz lagundurik, bere horretan eutsi zion errentari. Horiek hala, azken txanpa gozo eta lasaia izan zuen. Lau jardunaldiren faltan eutsi zion mailari, Las Palmasi 0-4ko astindu historikoa emanda. Ordura arte, etxetik at horren emaitza zabala sekula lortu gabea zen elitean. Beste marka berri bat ere ezarri zuen, Gasteizetik urrun hiru garaipen kateatuta, Las Palmasen beraren, Eibarren eta Malagaren zelaietan.

BIZKARREZUR BERBERA

Kontratua beste urtebetez luzatuta eskertu zion miraria Alavesek Abelardori, denboraldia amaitzear zela. Era berean, Manu Garciak beste bi urterako berritu zuen. Hala, Sergio Fernandez kirol zuzendariak egonkortasunaren alde egin zuen apustu. Erabaki apurtzailea izan zen, udaz uda taldea azalberritzera ohituak baitzeuden arabarrak. Entrenatzaileari eta kapitainari eustearekin batera, susperraldian giltzarri izaniko jokalari gehienak lotu zituzten, hala nola Pacheco, Laguardia, Pina eta Ibai. Bizkarrezurrak orno bakarra galdu zuen: Bartzelonara itzuli zen Munir, gasteiztarren erasoko erreferentzia nagusia.

Handia zirudien marokoarrak utzitako zuloak, baina ondo bete zuen Fernandezek, Calleri fitxatuta. Hasieran, zalantzak eragin zituen argentinarraren fitxaketak, baina denak uxatuz joan dira, aurrelariak golak sartu eta borrokarako grina handia erakutsi ahala. Jony fitxatuta ere bete-betean asmatu zuen Fernandezek, hegalekoa jokalaririk onena bihurtu baita urteko bigarren zatian. Pedrazak aurreko sasoian ezker hegalean egindako lana txiki uzten ari da. Borja Bastonen eta Ximo Navarroren fitxaketak ere balekoak izan dira, orain arte ikusitakoa aintzat hartuz gero; ordea, Twumasik eta Adrian Marinek oso zeresan txikia eman dute oraingoz.

ONENEN PARE

Urteko lehen zatiko erritmoari eutsi dio 2018-2019ko denboraldiari dagozkion hilabeteetan. Areago, beste estutu txiki bat eman du. 2018an jokaturiko aurreko sasoiko partiden %47 irabazi zituen, 21etik hamar, eta denboraldi honetan garaipenen proportzio berbera du, hamazazpi lehiatatik zortzi irabazita. Alabaina, oraingoan gutxiago ari da galtzen: 21 partidatatik bederatzitan gelditu zen esku hutsik urtearen lehen erdian, eta, bigarrengoan, hamazazpi neurketatatik bostetan. Jokalariek gero eta hobeto ezagutzen dute Abelardoren jokamoldea, eta horrek eragin zuzena du emaitzetan. Ia buruz dakite plana. Eta ez hori bakarrik: oso gustuko dute.

Akaso, Abelardoren estiloak ez du balio zale neutralak limurtzeko, baina bai Alavesen zaleak gogobetetzeko. Izan ere, orain lehiakortasuna DNAn txertatuta darama Arabako taldeak. Defentsako lana lehenetsita eta erasoan eraginkortasunari helduta irabazten ditu partida gehienak. Ez da jokamolderik ikusgarriena, baina Espainiako Ligako talderik indartsuenen pare aritzeko aukera ematen dio. Bosgarren da, baina gorago ere egon da; adibidez, behin-behineko lider bihurtu ziren 9. jardunaldian Celtari 0-2 irabazi ondoren. 5. jardunaldiaz geroztik dago Europako postuetan, eta zazpi jardunaldiz egon da lau onenen artean. Helburu nagusia mailari eustea izan arren, jaitsiera postuez ahaztu egin da ia.

BEHERALDIA, AMAIERAN

Orain arte, olatu oso onak harrapatu ditu Alavesek. Izan ere, bi aldiz kateatu ditu hiru garaipen: lehenik, Espanyolen, Valladoliden eta Rayoren aurka —azken horri 1-5 irabazita, ondu egin zuen aurreko sasoian Las Palmasen zelaian ezarritako marka—, eta, gero, Real Madril, Celta eta Vila-real jarraian azpiratuta. Balio berezia du espainiarren aurka Mendizorrotzan lortutako garaipenak, amaiera eman baitzion 87 urteko itxaronaldiari. Balentria hori arabarrek Mendizorrotzan erakusten duten sendotasunaren adierazgarri ona da. Sasoi honetan oraindik ez dute partida bakar bat ere galdu etxean: lau garaipen eta lau berdinketa lortu dituzte. Apirilaren 29tik inork ez du irabazi Gasteizen.

Sasoi honetako orban nagusia urteko azken asteetan nozitutako makalaldia da. Azaroaren 11n Huescari irabazi ostean, Abelardoren taldeak lau partida eman ditu irabazi gabe, eta Gironak Espainiako Kopatik kanporatu du final-hamaseirenetan. Haatik, 2018a aho zapore gozoarekin bukatuko du, urte borobila izan delako oro har, eta azken partidan garaipen baliotsua lortu zuelako Anoetan. 28 punturekin, eskura du elitean klubaren historiako lehen itzulirik onena osatzeko aukera. Gelditzen zaizkion bi partidetatik bakarra irabaztea aski litzaioke 2001-2002ko sasoian Maneren aginduetara ezarritako 30 puntuko langa apurtzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna