Hodeitsu hasi, oskarbi bukatu

Argi-ilunak izan ditu 2018. urteak Osasunarentzat. Diego Martinezekin, ez zuen igoera fasea jokatzerik izan, eta taldearen joko makalak gogogabetu egin zituen zaleak. Alabaina, Jagoba Arrasatek ilusioa piztu du berriz, jokatzeko era erasokor eta bizi baten bidez. Gorritxoek sasoi betean amaitu dute urtea.
<b>Osasunak jokalariak, Alcorconi Sadarren sartutako gol bat ospatzen.</b>
Osasunak jokalariak, Alcorconi Sadarren sartutako gol bat ospatzen. J. MANTEROLA / FOKU

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abenduak 29
Eguraldi aldakorra izan da aurten Sadar inguruan. Hasieran, giro goibel eta lainotsua izan zen nagusi. Argi printzen arrastorik ez zen izan urtearen lehen erdian. Hodeiak trinkotuz joan ziren, eta ekaitza lehertu zen azkenean, gorritxoak Lehen Mailara igotzeko borrokatik kanpo gelditu ostean. Denboraleak aurrean eraman zuen Diego Martinez, eta Jagoba Arrasatek hartu zuen zikloia antizikloi bihurtzeko ardura. Bada, erauntsiak ortzadarrari eman dio bide, eta, hodeiak brastakoan desagertu ez diren arren, argigune geroz eta zabalagoak sortuz joan dira, zerua ia oskarbi gelditu arte.

Alegia, taldea ez da berehalakoan egokitu Arrasateren jokamoldera, baina hasieratik igorri ditu sentipen onak, eta haziz joan da asteen joanean, zaleen ilusioa bezalaxe. Hala, Osasunak Bigarren Mailako talderik indartsuenen bagoian bukatuko du urtea: igoera fasea jokatzeko azken postuan den Cadizen puntu kopuru bera dauka, eta dagoeneko bost puntura ditu zuzenean igotzeko postuak hamarrera zituen urri amaieran..

ESPERO ZENETIK URRUN

Nafarrek Lehen Mailara igotzeko faborito izaera aitortu zioten beren buruari iragan sasoian. Gorengo mailatik jaitsi berriak ziren, eta talderik indartsuenetako bat zuten, baina oker jo zien kukuak. Liga lehen bi sailkatuen artean bukatzea zuten helburu, eta, azkenean, igoera fasean sartzeko kapaz ere ez ziren izan.

Urteari ez zioten gaizki ekin, lehen lau partidetatik hiru irabazita. Bosgarren jarri ziren hasiera on horri esker. Haatik, gorabehera handiak izan zituzten hortik aurrera. Behin baino ez zituzten bi garaipen kateatu; Nasticen eta Oviedoren aurka, azken jardunaldietan izaniko susperraldian. Azeleragailua sakatu zuten azken unean, igotzeko kanporaketak jokatu ahal izateko. Sailkatzear izan ziren, baina azken neurketan Valladoliden aurka galdu, eta nahi baino goizago joan behar izan zuten oporretara.

Emaitza txarrek ez ezik, taldearen joko gatzgabeak ere sumindu zituen zaleak. Defentsako jardunari gehiegi erreparatu zion Diego Martinezek, eta, hala, ez zen gai izan talentu handiko taldea zukutzeko. Futbol oso kontserbatzailea egin zuten gorritxoek, eta horrek taldearen eta harmailen arteko lotura apurtzea eragin zuen. Teknikari espainiarrak harrobiko hainbat jokalari bazter utzi izanak ere izan zuen zerikusia.

ITZALI ETA PIZTU

Gailu elektroniko bat gaizki dabilenean, esan ohi da konponbiderik onena itzaltzea eta piztea dela. Bada, aholku hori ontzat hartu, eta 2017-2018ko sasoiko porrotaren ondotik berriz abiatzeko botoia sakatu zuten Nafarroako klubeko agintariek. Hasteko, aldaketa izan zen aulkian: Jagoba Arrasatek hartu zuen Diego Martinezen tokia, denboraldi baterako kontratua sinatuta.

Teknikari bizkaitarrarekin batera, zazpi jokalari berri iritsi ziren Iruñera: Ruben Garcia, Brandon Thomas, Juan Villar, Nacho Vidal, Iñigo Perez, Ruben Martinez eta Imanol Garcia. Irten, berriz, hamaika jokalari irten ziren; batzuk klubaren diru kutxari ekarpen galanta eginda, hala nola Quique eta Lucas Torreren truk 3,5 milioi euro inguru patrikaratu zituzten gorritxoek.

BATASUNA BERREZARRI DU

Taldea estilo bizi eta ausart batez hornitu, eta Sadar gotorleku bihurtu nahian iritsi zen Arrasate Osasunara, hala taldearen eta zaleen arteko lotura estutzeko. Bada, alde horretatik, gauzak nahieran doazkio prestatzaile bizkaitarrari. Haren kontzeptuetara emeki-emeki egokituz joan dira jokalariak, eta, teknikariak eskatutakoa zelaian gorpuztu ahala, konbentzitu egin dituzte zaleak. Iragan sasoiko zuhurtzia eta etsipena ausardia eta adore bilakatu dira Arrasaterekin. Osasunak ikuspuntu erasokor batekin begiratzen die orain neurketei, eta, markagailuan atzetik izan arren, ez du garaipena lortzeko itxaropena galtzen hiru lehia irabazi ditu emaitza iraulita.

Horren harira, espezialista bihurtu da aurkariak partiden azken 20 minutuetan kolpatzen: hamalau puntu batu ditu tarte horretan. Hori gutxi ez, eta aspaldiko boladarik onenari heldu dio Sadarren. Bederatzi norgehiagoka jokatu ditu bertan orain arte, eta horietatik zazpi irabazi eta bi berdindu ditu. Hori horrela, festa giroa itzuli da Iruñeko estadioko harmailetara.

Alta, dena ez da irria eta poza izan zale gorritxoentzat. Urri hasieran, taldea ez animatzea deliberatu zuen Indar Gorri zale taldeak, bere kideen kontrako jazarpena salatzeko. Horrez gain, orain bi aste, Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadar hilabete batez ixtea eta Osasunari 200.000 euroko isuna jartzea eskatu zuen, klubak Indar Gorriko zenbait kideren sarrera ez galarazteagatik. Proposamen hori «zentzugabekeria hutsa» dela erantzun zuen Luis Sabalza presidenteak.

ESTUTUA AZKEN TXANPAN

Denboraldi honetako emaitzei erreparatuta, agerikoa da Osasunaren behetik gorako bilakaera. Lehen hiru jardunaldietan puntu bakarra batu zuen, baina zuzendu egin du ibilia geroztik; batik bat, etxeko jardun distiratsuari esker. Iruñetik at askoz zailtasun gehiago izan du neurketak aurrera ateratzeko, baina bisitari gisa ere hobera egin du azkenaldian, Extremaduraren eta Reusen zelaietan irabazita, eta Albaceteren etxean berdinduta. Aste ugari daramatza itxura sendoa ematen: azken hamalau partidetatik bi baino ez ditu galdu. Gainera, jokoan izaniko azken 27 puntuetatik hogei patrikaratu ditu: urtearen azken txanpan hortzak estutu dituen seinale. Oporretara igoera postuetatik koska bakarrera iritsi da, eta, urteko lehen partidan Cadizi irabaziz gero, tokia egingo du kanporaketarako postuetan.

SADAR BERRITZEKO PLANA

Bulegoetan, albiste gehienak Sadar eraberritzeko egitasmoari buruzkoak izan dira. Bi aukera daude: oinarrizko erreforma bat egitea, 9 milioi euroren truke, Espainiako Ligaren araudia betetzeko; eta 16 milioi euroko kostua lukeen erreforma integral bat egitea. Berrikuntza lan osoa eginez gero, 23.000 edo 25.000 ikuslerentzako tokia izango luke Sadarrek. Bost proiektu daude Osasunaren estadioa osoki azalberritzeko, eta bazkideek bat hautatu beharko dute. Gero, egitasmo hori edo oinarrizko erreforma egingo den erabakiko dute bazkide konpromisarioek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna