Albistea entzun

Pilota. Binakakoaren finala

«Pilota zorretan dago Albisurekin»

Jon Ander Albisuk Binakako Txapelketan bikotekide izandako aurrelariak «izugarri» pozik daude hura berriz ere final batean ikusita. Guztiek esan dute «merezi» duela.

Jon Ander Albisu, pilota jotzeko prest, Binakako Txapelketa honetan jokatutako partida batean.
Jon Ander Albisu, pilota jotzeko prest, Binakako Txapelketa honetan jokatutako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2021eko maiatzak 5

Zortzi urte pasatu dira jada, eta berriz ere final batean egoteak oso zoriontsu egiten nau. Ea txapela lor dezakegun», zioen Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990) joan den igandean, binakakoaren finalerako sailkatu berritan.

Ez da harritzekoa horrenbesteko poztasuna. Albisu nahi baino gehiagotan geratu da atarian, sartu ezinik: hamargarrenez ari da binakakoan, eta aurreko bederatzietatik seitan iritsi da finalerdietara, baina behin bakarrik jokatu du finala. Bakar horren oroitzapena, gainera, txarra du, hasi eta gutxira haren bikotekide Pablo Berasaluzek min hartu baitzuen. Igandean du arantza hori ateratzeko aukera, Bilbon, Jon Ander Peñarekin, Danel Elezkanoren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.

Harmailak hutsik egongo badira ere, jende askoren babesa izango du. Besteak beste, binakakoan bikotekide ofizial izandako aurrelariena: Pablo Berasaluze, Iñaki Artola, Victor Esteban, Unai Laso eta Aimar Olaizola. Guztiak «izugarri» poztu dira harengatik, eta azpimarratu dute «merezi» duela txapel bat irabazteko aukera izatea. Izan ere, haien iritziz, pilota «zorretan» dago harekin.

PABLO BERASALUZE Baikoko teknikaria
«Ea elkarrekin irabazi ezin izan genuen txapela lor dezakeen. Itzela litzateke»

Albisu Pablo Berasaluzerekin (Berriz, Bizkaia, 1977) aritu zen lehen hiru binakakoetan. Aurrenekoan, finalerdietara iritsi ziren; bigarrengoan, finala jokatu zuten, baina hasi eta berehala min hartu zuen Berasaluzek; eta hirugarrengoan, ez zuten gainditu lehen ligaxka. Egungo Baikoko teknikariak aitortu duenez, «sekulako poza» hartu du Albisu berriz final batean ikusita. «Mutil oso jatorra da, eta beti izan dut oso harreman ona harekin. Horregatik, oso zoriontsua naiz hura berriro final batean dagoela ikusita».

Oso argi du: «Txapel bat merezi du. Txapelketa oso onak egindakoa da, baina zorte txarra izan du. Nirekin finala jokatu zuen, baina hasi eta berehala lesionatu nintzen. Sekulako pena hartu nuen, baina batez ere harengatik. Beste batean, Aimarrekin [Olaizola], oso ondo ari ziren, baina Aimar lesionatu egin zen. Egia esan, ez du zorterik izan. Zorionez, igandean aukera du arantza ateratzeko. Ea elkarrekin irabazi ezin izan genuen txapela lor dezakeen. Itzela litzateke».

«Itxaropentsu» dago. «Oso erregular ari dira. Horregatik daude finalean. Eurena eginez gero, irabaz dezakete». «Bikain» ikusi du Albisu, eta berehala egin du atzera, atzelariak izan duen «gorakada handia» azpimarratzeko. «Lehen, bizpahiru tanto huts egin, eta urduri jartzen zen. Orain, ez. Beste patxada batekin ari da. Urteek eta partidek ematen dute hori. Horri esker, oso erregular ari da: jo egiten du, baina pilota gutxiago galtzen du. Horregatik egin du jauzia».

IÑAKI ARTOLA Baikoko pilotaria
«Pozik gaude lankideak, eta ezohikoa da hori; lehia handiko giroa da gurea»

Iñaki Artolak (Alegi, Gipuzkoa, 1994) hartu zion lekukoa Berasaluzeri. Hiru urtez jokatu zuten elkarrekin: lehen bietan, finalerdietara iritsi ziren; hirugarrengoan, ordea, bidean geratu ziren. «Oso pozik» dago laguna finalean ariko delako. «Pertsona, bikotekide eta enpresakide gisa ezagutzen dut, eta beti tratatu nau oso ondo. Pilotari handia izan arren, oso umila da, eta oso profesionala. Asko poztu naiz, baina baita beste lankideak ere. Eta ezohikoa da hori, lehiakortasun handiko giroa baita gurea. Baina Jon Anderrek lortu du, eta horrek meritu handia du».

Artolaren iritziz, Albisuk bere burua «aldarrikatu» du. «Urteak zeramatzan maila oso onean, baina hori ez zen islatzen emaitzetan. Baina zerbait oso garrantzitsua lortua zuen: sasoi osoan maila oso ona ematea. Pilota gertu-gertutik jarraitzen ez duten askok kritikatu egin izan dute, pilota asko galtzen zuela leporatuta. Baina barruan gaudenok badakigu zergatik den enpresako atzelaririk onena, eta zergatik jarri ohi duten hasi berriekin; oso ona baita. Plazera da harekin aritzea. Adibidez, aurrelariok izugarri eskertzen dugu kolpe batekin tantoa dominatzera pasatzeko duen gaitasuna. Edozein unetan sortzen dizu aukera, eta defentsan, erraz bueltatzen ditu edozeinentzat ezinezkoak liratekeen pilotak. Zulo asko ere estaltzen ditu. Pilotari handia da».

Horregatik uste du pilotak txapel bat «zor» diola. «Ez da justua hainbat pilotarik txapelen bat izatea eta berak ez. Ikusteko dago ea irabaz dezakeen, baina finalean egoteak hobeto islatzen du haren benetako maila».

VICTOR ESTEBAN Pilotaria
«Enpresaren gatazkan, erakutsi zuen pertsona eta lankide itzela dela»

Aurretik Artolaren ordezko izan ondoren, 2017-2018ko ekitaldian izan zen Victor Esteban (Ezkarai, Espainia, 1993) Albisuren bikotekide ofizial. Lehen itzulian bakarrik jokatu zuten elkarrekin, bigarren itzulirako Asegarcek Unai Lasorengatik ordezkatu baitzuen. «Izugarri gustura aritu nintzen harekin. Pilotari eta lankide bikaina da. Nirekin oso ondo portatu da beti. Oso zoriontsua naiz finala jokatuko duelako. Oso ondo aritu da txapelketa osoan, oso erregular. Jauzia egin du. Zabaletaren eta Rezustaren pare dago, baina txapel bat falta zaio. Ea igandean lor dezakeen. Merezi du».

Aitortu duenez, «pilotari gisa handia da, eta beste horrenbeste edo gehiago da pertsona moduan». Baiko enpresaren lan gatazka ekarri du gogora —Asperekin ari da entrenatzen Victor, baina oraindik ez du eskaintzarik jaso—. «Enpresako pilotari nagusietako bat izanda, hark bazuen aukera beste bide bat hartzeko, errazagoa, beste batzuek egin zuten moduan. Baina kolektiboaren alde egin zuen, eta hor ikusi zen zer-nolako pertsona den: pilotari handia izateaz gain, pertsona eta lankide itzela dela. Nik izugarri baloratzen diot hori».

Zenbat frontoi betetzen duen; Albisuren dohain hori azpimarratu du Victorrek. «Oso ondo mugitzen da kantxa guztian, eta zulo asko estaltzen ditu. Jo indartsua ere badu, eta defentsa bikaina. Finean, oso pilotari konpletoa da. Aurrelari batentzat gozamena da halako atzelari batekin jokatzea».

AIMAR OLAIZOLA Baikoko pilotaria
«Merezi du finala jokatzea, baita txapela irabaztea ere»

2018-2019ko binakakoa jokatu zuten elkarrekin Albisuk eta Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979). Ondo aritu ziren, 11. jardunaldian Olaizolak min hartu zuen arte. Ez zuen gehiago jokatu, eta Albisu finalaren atarian geratu zen, Victorrekin bikote eginez. «Pena izan zen. Biei ilusio handia egiten zigun elkarrekin jokatzeak, eta ondo ari ginen. Baina lesionatu egin nintzen. Oso gustura aritu ginen, eta halaxe aritu izan gara beti. Oso jatorra da. Harreman ona dugu».

Argi du: «Merezi du final bat jokatzea, baita txapel bat irabaztea ere. Enpresako atzelari onena izan da azken urteetan, eta onenetakoa, Zabaletarekin eta Rezustarekin batera. Txapelketa honetan, Zabaleta eta bera izan dira onenak pilotari guztien artean, alde handiz, gainera. Meritu handia du, are gehiago kontuan hartuta enpresako atzelaririk onena izanda, askotan abantailak eman behar izan baititu. Eta hori ez da batere erraza. Izugarri poztuko nintzateke txapela irabaziko balu. Ea igande honetan lortzen duen».

Olaizolak azaldu duenez, aurrelari batek izan nahiko lukeen atzelaria da Albisu. «Bi esku oso on ditu, eta beste bikotearen aurrelariari pilota asko kentzen dio. Asko ematen du, eta gutxi utzi. Oso ona da zuloak estaltzen ere. Erregularrago ari da orain, baina normala da hori. Hare gisako jotzaile handiek gogor jotzen dute pilota gaztetan, baina baita dezente galdu ere. Adinarekin ikasten da oreka lortzen, eta erregularra izaten. Jon Anderrek ikasi du, eta txapelketa honetan ia partida guztietan eman du bere maila».

UNAI LASO Pilotaria
«Malezia eta jenio txar pixka bat falta zitzaion. Eta orain, hori ere badu»

Bi ekitaldietan izan du bikotekide Albisuk Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997). Iaz, finalerdietara iritsi ziren, baina Baikoko lan gatazkak bete-betean harrapatu zituen, eta Laso enpresatik kanpo geratu zen —eskaintza baten zain dago—. Asier Agirrek ordezkatu zuen azkeneko bi partidetan, eta hura eta Albisu finalaren atarian geratu ziren. Victorrek egin bezala, garai zail haietan erakutsi zien «elkartasuna eta laguntasuna» azpimarratu ditu Lasok. «Pilotari bikaina ez ezik, pertsona eta lankide bikaina dela erakutsi zuen. Horregatik, asko pozten naiz berarengatik. Merezi zuen final bat jokatzea. Zorte txarra izan du: Pablo eta Aimar lesionatu zitzaizkion, eta ni kanporatu egin ninduten».

Bikote izan direnean, «oso gustura» aritu izan da Laso. «Oso oroitzapen onak ditut harekin pasatutako momentuez. Oso lasaia da, gertukoa, eta sanoa. Eta hori oso garrantzitsua da bikotea egiteko. Kantxan, berriz, izugarri laguntzen dizu: pilota zail pila bat kentzen dizkizu, eta aukera asko sortu. Gainera, jarrera aldatu du. Malezia eta jenio txar pixka bat falta zitzaion, eta orain, badu. Behar zuen. Ondo eraman du bikotearen liderra izatea ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Filippo Ganna, maglia arrosa jantzita, gaur, Turinen. ©Giro

Bere legea ezarri du Gannak

Iñigo Lasa

Ineos taldeko txirrindulari italiarrak irabazi du Giroko lehen etapa, zortzi kilometroko erlojupekoa, eta maglia arrosa jantzi du. Faboritoen artean, Bardet bakarrik izan du atzetik Landa

Alaveseko jokalariak, Joseluk sartutako binakoa ospatzen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Puntu bat gertuago du helburua

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek berdinketa lortu du Levanteren aurka, sufrituta, Joseluk azken unean sartutako gol bati esker. Aurretik jarri da lehen zatian, baina alferrik galdu du abantaila

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Mikelekin irabazi nahi dugu Giroa; bera da kapitaina»

Eñaut Agirrebengoa

Gaur hasiko da Italiako Giroa, Turinen, eta konfiantzaz helduko dio Bilbaok. Mikel Landarentzat egingo du lan, bere aukerak erabat baztertu gabe: hasieran, bederen, aurrean egon nahi du.
Realeko hainbat jokalari Aritz Elustondok sartu zuen gola ospatzen, atzo, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Klarionaren puntuak

Jon Ander De la Hoz

Realak Elx garaitu du, eta bosgarren postuari lotu da. Jokalari bat gehiagorekin arituta, bigarren zatian lortu ditu partidako bi golak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna