Arrauna

KAE ligetan bada zer argiturik, azken txanpa gainean dutela

Lehen Mailan argi samar dago goialdea, baina nahasia atzealdea, eta Bigarrenean, igoerako kanporaketako lekuak daude estuen

Iker Gimeno Lekittarrako patroia Igartza bandera astintzen, herenegun. I. U. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun

Aldakorra izan zen asteburua KAE 1 ligan, Pasaiako bi estropadetan. Larunbatean, Isuntzak hiru puntu jan zizkion Astillerori, baina igandean bat galdu zuen Lekeitioko taldeak, eta hiru segundogatik bakarrik eutsi ahal izan banderari, bi egunetara jokatu baitzen garaikurra. Bi taldeak doaz ligako lehen bi postuetan. Azpialdean dantza handiagoa izan zen, eta bi egunetako estropadei San Juanek atera zien etekina, Zumaiaren kaltetan.

Lau estropada baino ez zaizkie falta liga amaitzeko, eta bi astean jokatuko dituzte laurak, gainera. Astilleron (Espainia) ariko dira datorren larunbatean, erlojuaren aurka. Etzi zortzi, abuztuaren 15ean, Plentzian daukate estropada, eta, handik hiru egunera, Zarautzen. Azkeneko jardunaldia biharamunean izango dute, abuztuaren 19an, Bilbon, erlojuaren aurka hori ere. Esprintean amaituko da liga.

Ligako lehenak, lehiaketa irabazi izanaren saria jasotzeaz gain, Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera eskuratuko du, eta bigarrenak lagunduko dio irailaren hirugarren asteburuko bi estropadako kanporaketan. Astillerok lotu samar dauka txartela, Deustu hirugarrenari 11 punturen koska ateratzen baitio. Isuntzak zortzi dauzka Deustuk baino gehiago, eta bada aldea. Are gehiago kontuan hartzen bada azken hiru banderak Isuntzak irabazi dituela.

Jaitsierako lekuetan dantza handiagoa egon daiteke. Izan ere, kanporaketa jokatuko dute azken-aurrekoak eta azken-hirugarrenak, eta bat Hibaika izango dela nahiko ziurra da, urrun baitu hamargarren lekua. Azkena joango da zuzenean KAE 2 ligara, eta Portugalete izango da. Hamargarren leku desatseginean San Juan dago, baina bi puntura gerturatu zaio Zumaiari asteburuan. Goraxeago dago Arkote, pasaitarrek baino bost puntu gehiagorekin. Ikusirik hiru talde horien gorabeherak, irekia dago erabat borroka hori.

Hiru hautagai KAE 2n

Sei estropada falta zaizkie KAE 2 ligan, eta lehen lekuak jabea dauka oraingoz: Camargo. Zuzenean igoko da KAE 1era irabazlea, eta zortzi punturen aldea du bigarrenarekiko. Hemen hasten dira komeriak, bigarrena eta hirugarrena ariko direlako igoerako kanporaketan, eta lau puntuan daude, hurrenkera honetan: Donostiarra, SantoƱa eta Orio B. Hain zuzen, oriotarrek irabazi zuten igandean sasoiko lehen bandera, Erandion. Getxo geratu zen aukerarik gabe, kanporatua izan baitzen, estropada aurretik egindako arau-hauste bategatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.