Kamutsa zorroztu ezinik

Reala golik sartu ezinik aritu da ligako azken hiru partidetan, eta atera gutxien jaurtitzen duen taldea da Espainiako Ligan. Horretaz hausnartu dute Juanan Larrañaga, Larraitz Lucas eta Luis Fernando Dadie jokalari ohiek.

Sandro Ramirez, airean, lurrari ostikada eman ondoren, joan den igandean, Sevillaren aurkako partidan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Lantza kamustu, eta aurkariaren sarea zulatu ezinik dabil Reala azken jardunaldietan. Golak erreskadan sartzen ekin zioten txuri-urdinek Espainiako Ligari, eta lehen sei jardunaldietan lortu egin zuten kontrarioen ate barrura jaurtitzea. Zazpigarrenean, baina, ezin izan zuten golik sartu Valentziaren aurka, eta antzera aritu dira azken hiru jardunaldietan ere: Girona, Atletico Madril eta Sevilla izan dituzte kontrario. Salbuespena izan zen Athleticen aurkako derbia; donostiarrek hiru gol sartuta irabazi zuten San Mamesen.

Lehortea nabari da estatistiketan ere: Reala atera gutxien jaurtitzen duen taldea da. Guztira, 102 aldiz saiatu da; Athleticek baino 11 aldiz gutxiago —hura da bigarrena—. Horren arrazoiak xehatzeko orduan erasoko jokalari gehienek izandako arazoak azaldu dute zenbaitek. Willian Josek, Adnan Januzajek, Juanmi Jimenezek edota Sandro Ramirezek gelditu egin behar izan dute txapelketaren uneren batean, izan lesioengatik izan zigorrengatik. Jon Bautista izan da une oro jokatzeko moduan egon den aurrelari bakarra. Hori kontuan izanda, Realeko jokalari ohi Larraitz Lucasek, Juanan Larrañagak eta Luis Fernando Dadiek uste dute horiek egonkortuz joan ahala hobera egingo duela taldeak.

LARRAITZ LUCAS



Realeko jokalari ohia

«Orain arteanaurrelari bakarrarekin aritu da Reala»



Larraitz Lucas (Donostia, 1982) Realeko jokalari ohiaren ustez, oraindik «goiz» da gol faltarengatik kezkatzeko: «Egia da ez dutela asmatu azkeneko jardunaldietan, baina egia da aurrelarietatik Bautista bakarrik zegoela ondo orain arte». Lucasen esanetan, erasoko jokalari gehiago izateak egoera iraultzeko aukera eman diezaioke Realari, eta gogorarazi du zenbait jokalari zelaietatik kanpo egon direla orain artean: «Juanmi itzuli da, zigortuta egon baita; Willian Jose osatu da, eta badirudi Januzaj ari dela aurrera egiten pixkanaka. Horregatik, ez dut uste kezkatzeko moduan gaudenik; orain artean aurrelari bakarrarekin aritu dira». Horren harira, Lucasek uste du pixkanaka aukerak iritsiko direla, «eta, horrekin batera, golak».

Realak Asier Garitanorekin izan duen joko aldaketak ere eragina izan dezakeela dio Lucasek: «Lehen, norabide bakarreko jokoa ikusten genuen; Realak, baloia hartu, eta alde batetik bestera erabili du. Orain, ez dakit entrenatzailea erosoago sentitzen den baloirik gabe. Jokalarien ikuspegia ere kontuan hartu beharko da; lehenengo jardunaldietan, lesioak eta txartelak tarteko, beste jokalari batzuekin aritu dira, eta pentsatzen dut talde guztia ondo dagoenean, agian, beste joko mota bat erakutsi eta aukerak ugaritu egingo direla».

LUIS FERNANDO DADIE



Realeko jokalari ohia

«Arrisku jokaldiak sortzeko ezintasuna erakusten ari da taldea»



«Estatistikak ez dira onak». Hori esanaz hasi da Luis Fernando Dadie (Pasaia, Gipuzkoa, 1966). Are gehiago San Mamesen irabazi osteko lehortean Realaren erreferente gehienak jokatzen ari direla kontuan hartuta: «Erasoko jokalari guztiak erabilgarri daude, eta haiekin guztiekin ere ez du golik sartu». Dadieren ustez, «arrisku jokaldiak sortzeko ezintasuna erakusten ari da taldea».

Gutxien jaurtitzen duen taldea izatea «estilo aldaketa» frogatzen duen datua dela dio Dadiek: «Garitanok beti aipatzen du kontua ez dela gola sartzeko aukera asko sortzea, iristen zarenean benetako arriskua sortzea baino». Halere, jokalari ohiak onartu du aurkarien atera gutxiago iritsiz gero gola sartzeko aukerak murritzagoak direla, «nahiz eta estatistikek batzuetan errealitatea argi azaldu ez».

Dadiek dio atzean «sendo aritu nahiak» eragina izan dezakeela oraingo egoeran: «Defentsa arloan ondo orekatutako taldea izaten saiatu da, eta aurkariarentzat zaila da haiei irabaztea. Orain, bigarren fasean gaude; Realari kostatzen ari zaio irabaztea». Hargatik, bi estiloen arteko «oreka» komeni dela dio, atzean sendo egonez eta aurrean arriskua sortuz: «Realak proposatzen duen jokoarekin ez bazara eraginkorra, arazoak izan ditzakezu, eta hori gertatzen ari zaio».

Dadiek adierazi du Garitanok behin baino gehiagotan aipatu duela hegaletako jokalarien falta: «Sevillaren aurka, postu horietako zenbait jokatzeko prest izan zituen, Januzaj, Juanmi eta Sandro kasurako, eta ikusiko dugu horrekin hobera egiten duen eta aukera gehiago sortzen dituen».

JUANAN LARRAÑAGA



Realeko jokalari ohia

«Azken hirupartidetan aukeragutxi sortu ditu taldeak»



Azkeneko partidaren ostean «kezka gutxiago» ditu Juanan Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958). Kapitain ohiaren esanetan, aurrekoekin alderatuta, «partida hobea» egin zuen Realak Sevillaren aurka: «Taldeak joko hobea erakutsi zuen, eta poliki-poliki entrenatzaileak nahi duen hori hartzen ari da». Uste du jokalari batzuk «askatasun handiagoarekin» ariko direla behin Garitanok eskatzen duen estiloa lortzen dutenean, eta «jokalari gehiagorekin» iritsiko dela erasora: «Azken hiru partidetan aukera gutxi sortu ditu taldeak».

Gironaren aurkakoa jarri du adibide; Larrañagak uste du kataluniarrek partida itxia egin zutela, eta Realak ez zuela asmatu aukerarik sortzen: «Sevillaren aurka zerbait gehiago ikusi genuen, eta talde on baten aurrean. Horrek sortzen dit esperantza».

Azken partidetan golik ez sartzeak «antsietatea» sor dezakeela uste du: «Denei gertatzen zaie, ez Realari bakarrik. Partidak nola hasten diren zerikusia du; ezinean hasten bazara, gogora etortzen zaizu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.