ESNE SEKTOREA, GAINEZKA EGITEAR

Valle de Odieta Nafarroako kooperatibak 20.000 esne behi izango dituen ustiategi erraldoia ireki nahi du Sorian, Nafarroatik ehun kilometrora. Bi urte iragan dira Europako Batzordeak esne kuotak kendu zituenetik, eta sektorearen krisia areagotu besterik ez da egin. Orain mehatxu berria dute gainean.

ESNE SEKTOREA, GAINEZKA EGITEAR.
joxerra senar
Iruñea
2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Apirilaren 1ean bi urte beteko dira Europako Batzordeak estatukide bakoitzari urtean gehienez ekoizteko esne kuotak kendu zizkiela. Garai hartan, ahots ugarik ohartarazi zuten sektorearen gainbehera areagotu besterik ez zuela egingo erabakiak: produkzioa igo eta prezioak merkatzearekin batera, epe luzera ekoizle txikiak industriaren menpe gera zitezkeen. Sektoreko ordezkariek ez zuten baztertzen ustiategi erraldoi bat agertzeko aukera.

Bi urte geroago aurreikuspenak bete dira. Batetik, Europako Batasun osoan esnearen ekoizpena %2,1 igo da, baina, herrialdeka, bi joera marraztu dira: aurreko sisteman, barne kontsumoa baino kuota handiago zuten herrialdeetan, ekoizpenak behera egin du—adibidez, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan —. Alderantziz, beste herrialde batzuetan, gora egin du —Espainian , Irlandan edo Herbehereetan.

Euskal Herrian, Europako bi joerok errepikatu dira mugaren bi aldeetan. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko datuen arabera, esne ekoizpenak %7 egin du behera bi urteotan; aldiz, Hego Euskal Herrian, %8,8 igo da.

Bestetik, prezioek behera egin dute. Mikel Hiribarren ELB sindikatuko idazkariaren arabera, Iparraldean salneurriak «jautsi dira oso-oso behetik». 2015an, adibidez, 25 zentimora ailegatu zen litro baten salneurria, eta, iazko udan 27,5 zentimora. «Kuota horien gelditzeak nahasi du merkatu guztia, eta krisi gaitza etorri da». Frantziako Gobernuak hala eskatuta, Lactalis multinazionalak 29 zentimoko prezioa negoziatu zuen.«2009an, gogoan dut prezio apalena 29 zentimo izan zela eta borroka anitz izan zen horregatik. Orain, tratu horretan erabaki zuten zazpi urte lehenagoko prezio apalena. Oso txarrera egin du egoerak».

Nafarroan ere gorabehera handiak izan dituzte prezioek: uztailean, behea jo eta 28,9 zentimora iritsi zen, eta gerora 31-32 zentimo inguruan ibili da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz egoera egonkorragoa izan dute abeltzainek, industriak litroko 34,8 zentimo ordaindu baitzien iaz.

Ignacio Gil Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Laborantza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren arabera, «Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren baitan kuotak kentzeko erabakiak bete-betean eta berehala eragin dio sektoreari». Hegoaldean hamar urteren buruan, esne ustiategi kopurua erdira murriztu da, eta azken bi urteotan ez da joera geratu; iaz, adibidez, 34 abeltzainek utzi zuten sektorea.

Hiribarrenen ustez, Ipar Euskal Herrian «krisi gorria sektore askotan da, baina behi esnean sekula baino gehiago. Egun, prezio apalketa horrekin kostuak beti gora doaz. Sektorea larri dago, eta perspektiba gutxi ikusten da».

Esne industriako enpresa batzuen erabakiak ere ez du lagundu. Danone taldeak, 30 urtez Nafarroako mendialdeko abeltzainekin lan egin izan du, baina abenduan Larraungo eta Baztango zazpi abeltzaini kontratua eten zien. Danonek utzitako hutsune hori Iparlatek bete du, baina, EHNEren arabera, hiru abeltzainek amore eman dute.

Imanol Ibero Nafarroako EHNEko presidentearen irudiko, babes gabeziak ezinegona eragiten die abeltzainei. «Ez dakit zenbat urte daramagun albiste txarrekin. Ez dago egonkortasunik. Badirudi urtetik urtera ahal bezala bizitzen saiatu behar zarela». Horregatik, bereziki kezkagarria da hogeita hamar urteren ondoren Danonek hartutako bidea: «Beste hamabi etxalderi ere ohartarazi die hobe dutela alde egitea».

Behitegien General Motors

Ziurrenik, Danoneri errazago zaio sakabanatutako etxaldeetatik barrena ibili ordez, zuzenean instalazio handi batera jo, eta kamioiak istant baten betetzea. Caparroson, Valle de Odieta Nafarroako kooperatibak 3.600 esne behi biltzen dituen instalazio handi bat du, eta, gainera, ia 100 kilometro hegoaldera Sorian (Espainia), Noviercas herrian, bost bider handiago izango den ustiategia eraikitzeko asmoa du: 20.000 esne-behi bilduko lirateke toki bakarrean preso, larreetatik urrun. Odieta ibarrean sortutako kooperatibaren atzean Gerendiain familia dago, eta Europara ekarri nahi du AEBetatik datorren esne fabrikaren eredua. Hartara, sektorearen amesgaiztoa hezurmamitzeko bidean da.

«Europan, egitasmo hau behitegien General Motors izango da». Halaxe saldu zuten proiektua sustatzaileek Sorian. Landa eremua krisi betean denez, 170 biztanleko herri txiki horretan zenbaitek ihes egiten utzi ezin duten tren baten gisa ikusi zuten.Tokiko erakunde publikoek (udalak, Soriako Diputazioak eta Gaztela Leongo Juntak) gogor egin dute presio, eta «alfonbra gorria» jarri diote Valle de Odietari, Iberoren aburuz. EHNEko kideak Noviercasera jo zuen urtarrilean, eta «nahiko aldeko giroa» nabaritu zuen: «Jendeak zein komunikabideek Soriako garapenaren aurka jartzea egotzi zioten zalantzak agertu zituen nekazari bati».

Azkenean, tokiko 94 jabek 900 hektareako lur eremu zabala saldu dute, hektarea bakoitzeko 5.000 euroren truke. Azken asteetan administrazio baimenak lortzeko tramiteei ekin dio kooperatibak. Ingurumen eta ur hornidurarako baimenak lortzeko zailtasunak izan ditzakeen arren, erakunde publikoen babes erabatekoarekin abiadura handia hartu du, eta udaberrirako lanak hasi nahi dituzte. Horregatik, Ibero oso kezkatuta dago. «Azkenean, Euskal Herriaren ate parean ekoizpenaren erdia lor dezakeen instalazio bat jarri nahi dute».

Guztia da erraldoia. COAG erakundearen arabera, egunero Soriako hiriburuak adina ur kontsumi dezake etxaldeak (sei milioi litro inguru). Era berean, 368.000 tona hondakin sor ditzake, lau milioi biztanleko eremu batek adina. Behitegiaren alboan hondakinen tratamendurako biogas planta bat ezarri nahi badute ere, isuriak izateko arriskuaz ohartarazi du COAGek.

Enplegu galera handiak

Valle de Odieta kooperatiba 95 milioi euroko inbertsioaz mintzo da, baina ez du zehaztu alor publikoak zenbat jarriko duen. Zeharka zein zuzenean 250 enplegu sortuko liratekeela badio ere, COAGek salatu du hiru bider lanpostu gehiago galduko liratekeela, 726 inguru: «Inbertsio hitza entzutearekin batera motzean begiratzen duten politikariek ez dute balantzan jartzen zer dakarren batetik eta zer galera eragin ditzakeen bestetik», dio Iberok.

Sustatzaileek ez dute azaldu zer egin asmo duten esne horrekin. Dena den, Saiona kooperatibarekin erlazioa du Valle de Odietak, eta Saionak 2014an gazta fabrika erosi zuen Noviercastik hamar kilometrora, Olverga herrian. Bi proiektuak erlazionatuta egon daitezke, baina Noviercaskoaren dimentsioa harago doa.

Berez, duela bost urte Valle de Odietak Caparrosoko behitegia handitu eta 9.000 behi izaterainoko proposamena egin zion Nafarroako Gobernuari, baina espedienteak irekita segitzen du departamenduan. «Lurraldean duen eragina aztertzen ari gara, ea ongarrien kudeaketa eta ingurumen irizpideak betetzen dituen», dio Gilek. Abeltzain jarduera orok hartu behar ditu aintzat kontuok, baina behitegi erraldoi baten eragina «garrantzitsua» dela dio: «Ez da urte gutxi batzuetara mugatu behar, eta epe ertainera begiratu behar da».

Soriara joateko erabakiak horrekin zerikusia izan dezake. Gilek ez du ukatu egungo gobernuak eredu hori ez duela gustuko, abeltzain txikietan oinarritutako ereduaren guztiz aurkakoa baita, eta lurraren okupazio zabala eskatzen baitu. «Lur ugari erosten dute, hondakinak kudeatzeko eta abereen elikagaiak ekoizteko. Beste laborariei lurra erosteko ahalmena mugatzen dute». Nahiz eta Noviercas ehun kilometrora izan, Gilek nahiago du Nafarroatik at izatea: «Ikusteko dago zein den estrategia, baina uste dugu eragina ez dela bera Sorian izan edo Caparroson izan».

Iraganean ere zalantzak egon ziren Caparrosoko ustiategiaren inguruan. Hamahiru milioi euro inbertitu zituzten ustiategian, eta biogas plantan, eta lau milioi euroren laguntza publikoak jaso zituen. UPNren gobernuak behitegiari baimena eman zion 2009an, baina Villafrancako Udalak eta hainbat bizilagunek salaketa jarri zuten, inguruko akuifero, animali eta landareei kalte egingo zielakoan. Nafarroako Auzitegi Nagusiak baimena atzera bota zuen hirigintza eta ingurumen arloko azterketa nahikorik ez zela egin argudiatuta. Bost urte geroago, Villafrancako Udaleko iturriek baieztatu dute enpresarekin akordiora iritsi zirela gerora.

Iraganean ehun enplegu sortuko zirela aipatu zuten, baina Caparrosoko alkateak dioenez, egun 54 laguni ematen die lana. Esnea Saiona kooperatibak merkaturatzen du, eta irailean Eroskirekin akordio bat hitzartu zuen Nafarroa marka zuriko esnea saltzeko.

Ultzamakoa izaki, Juanma Garro Lacturaleko presidenteari harrigarria egiten zaio Odietako familia batek «Kaliforniako eredurik basatiena» ekarri nahi izatea. «Alberto Gerendiain betidanik ezagutzen dut, eta txarrerako harritu nau. Kontsumitzaileari onurarik eragin gabe bizilagunen kaltetan dirua irabazi nahi izateak kontraesanak eragiten dizkit».Garroren ustez, eredu intentsibo horrek sustatzaileei eta industriari baizik ez die mesede egingo. «300 etxalde itxiko badira baina 100.000 herritarri mesede egiten badie, aurrera. Hemen arazoa da ez duela inork irabazten, ez esne kalitatean, ez enpleguan».

Garroren arabera, okerra da kalitateari erreparatu gabe prezioan oinarritzea guztia. Uste du 60-70 zentimoko esne litroa ez dela sozialki bideragarria: «Guk 20 zentimo merkatuko bagenu, gure soldatak edo abeltzain zein garraiolarien tarifa %15 jaitsi beharko genuke». Haren ustez, bide hori hartzea akatsa da, «ekonomia kate bat baita eta domino baten tankeran, batak besteari eragiten dio. Ez dezagun sektore hau honda, ondo ari baikara lanean».

Gizarteak du giltza

Hiribarrenen irudiko, gizarteak du aterabidearen giltzetako bat. Frantzian, duela hiru urte Confederation Paysannek 1.000 behiko ustiategi baten aurkako kanpaina egin zuen, eta fruituak eman zizkien: «Gaur telebista eta irratietan egiten diren eztabaida guztietan aipatzen da inork ez duela eredu hori nahi». Gizartearen presio horrek bultzatu du administrazioa halako ustiategiei trabak jartzera. «Erosleen nahikundeak aldatu ahal du, eta bideratu beste eredu batera», dio Hiribarrenek.

Ignacio Gilen arabera, beste lan ildo politiko bat da sektoreari lagun diezaioketen neurriak hartzea. Hala ere, erantzun nagusiak Bruselan daude, eta han eragiteko moduak bilatu behar dira, batik bat hurrengo Nekazaritza Politika Bateratuan merkatua egituratzeko babes neurriak hartuz. Bitartean, babesik gabe eta megaproiektuen mehatxua buru gain, sektorea gainezka dago, amaierarik gabeko krisiari irteera bilatu ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.