Lekukorik pribilegiatuena

Gaurtik hilaren 30era jokatuko da Txapeldunen Ligako Zortziko Finala, Donostian eta Bilbon. Euskal herritar bakarra ariko da: Irene Paredes legazpiarra, Paris Saint-Germainen. «Oso-oso berezia izango da», dio. «Pena» du ateak itxita izatea, baina argi dauka: «Osasuna guztiaren gainetik dago».

Lekukorik pribilegiatuena.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Makina bat partida jokatu ditu Irene Paredesek (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) Txapeldunen Ligan, Paris Saint-Germainekin. Finalean aritutakoa ere bada, duela hiru urte. Baina erdiko atzelari legazpiarrak barru-barrutik aitortu du «oso-oso berezia» izango dela gaurtik hilaren 30era bitartean jokatuko den Txapeldunen Ligako Zortziko Finala. Non jokatuko den egiten du oso berezia, Euskal Herrian jokatuko baita, Donostian eta Bilbon, Anoetan eta San Mamesen. «Nahiz eta koronabirusaren pandemiak eraginda izan, oso berezia eta polita izango da etxean jokatzea. Ezusteko handia hartu nuen azken fasea Euskal Herrian joka zitekeela jakin nuenean. Eta baieztatu zutenean, sekulako poza hartu nuen. Lehen aldiz jokatuko dut Anoeta berrian. Zaharrean behin jokatu nuen, 2012an, Euskal Herriko selekzioarekin, Eslovakiaren aurka. Final-laurdenetan Arsenali irabaziz gero, berriz, San Mames berrian ere ariko naiz estreinako aldiz. Zaharrean aritutakoa naiz, Athleticekin».

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, partida guztiak ikuslerik gabe jokatuko dira. Hori da «pena bakarra», Paredesen iritziz. «Politena ikusleekin jokatzea litzateke, eta harmailan etxekoak eta lagunak izatea. Gainera, Euskal Herriko estadio handietan, Anoetan eta San Mamesen, emakumezkoen partidak jokatu izan direnean jende asko joan izan da beti. Pena da hori ezin bizi izatea. Baina osasuna guztiaren gainetik dago. Oso ezberdina izango da dena».

Hala ere, «garrantzitsutzat» jo du ateak itxita izan arren Euskal Herrian Txapeldunen Ligaren gisako «lehiaketa handi» bat jokatzea. «Albiste oso ona da. Emakumezkoen futbolari bultzada eman nahi zaion seinale da. Nahiz eta ikuslerik gabe izan, jendea adi egongo da. Azken urteetan ikusi da jendea prest dagoela emakumezkoen futbolari bultzada bat emateko. Nire iritziz, goranzko joeran gaude, eta Txapeldunen Ligako Zortziko Finala Euskal Herrian jokatzea beste aurrerapauso bat da joera horretan».

Osasun egoerak okerrera egin du Euskal Herrian azken asteetatik hona, eta, horren ondorioz, zenbait komunikabidek zabaldu zuten Europako Futbol Federazioa (UEFA) aztertzen ari zela Zortziko Finala beste nonbait jokatzea. Baina ez da halakorik gertatu. «Lasai» dago Paredes, baina egoeraren jakitun. «Prebentzio neurri guztiak betetzen ari gara, eta kontu handiz ari gara jokatzen egunerokoan. Ez gara hoteletik ateratzen; burbuila batean bizi gara ia-ia. Astero egiten dizkigute PCR probak. Zaindu egin behar dugu. Horrenbeste denbora pasatzen dugunez elkarrekin, norbaitek positibo emanez gero, denak kutsatuko ginateke. Kontu handiz ibili behar dugu. Zorionez, ondo gaude. Baina ikusten ari gara birusa nahiko azkar transmititzen dela, eta probabilitateagatik bada ere, normala dela taldean norbait kutsatzea. Espero dezagun halakorik ez gertatzea. Gu neurri guztiak betetzen ari gara».

«Finalak dira lehia guztiak»

Bi hilabete pasatu dira Paredesek «ohiko lanari» ekin zionetik. Kosta egin zitzaion martxan jartzea. «Etenaldian ez ginen geldirik egon, egiteko zehatzak baikenituen. Baina kontakturik gabe entrenatzen ginen, taldekiderik gabe, baloia ia ukitu gabe, instalazioak itxita baitzeuden. Horregatik, ohi baino gehiago kostatu zitzaigun martxan jartzea. Bi asteko kontua izan zen. Gero jada betiko egunerokoari heldu genion. Asko entrenatu gara, eta ondo gaude: lehiarako prest».

Entrenatu ez ezik, neurketa ofizialak ere jokatu dituzte, Frantziako Kopakoak. «Lehenbizi, Bordeleren aurka aritu ginen finalerdietan, eta 1-2 irabazi genuen. Finalean, ordea, hutsean berdindu genuen Olympique Lyonekin, eta penaltietan galdu. Gogorra izan zen berriz ere beste final bat penaltietan galtzea [2017an, Txapeldunen Ligakoa galdu zuen penaltietan PSGk, orduan ere, Olympique Lyonen aurka]. Baina Lyon munduko talderik onenetako bat da. Gu hor gaude, tituluak irabazteko borrokan. Txapeldunen Liga honetan ere helburu bera dugu: ahal dugun urrutien iristea».

Arsenal izango dute lehen harria bide horretan. Kale edo baleko partida izango da, Zortziko Finaleko guztiak bezala. Paredesen arabera, «aldaketa handia» da kanporaketak neurketa bakarrera izatea. «Ez dago zelaiaren faktorea, eta partida guztiak finalak dira; edozer gerta daiteke. Gizonezkoen Txapeldunen Ligan ikusi da zer-nolako ezustekoak gertatu diren». «Erronka zailtzat» jo du Ingalaterrako taldea bidean uztea. «Oso talde ona dute. Gainera,UEFAk emandako aukera aprobetxatu dute, eta fitxaketa pila egin dituzte azken fase honetarako. Baina guk ere talde sendoa dugu, eta bizpahiru urte daramatzagu elkarrekin jokatzen. Nire iritziz, horrek mesede egiten digu. Itxura hartzen diot neurketa parekatua izango dela, eta xehetasun txikiek egingo dutela aldea».

Miedemarekin, adi-adi

Vivianne Miedema aurrelari herbeheretarra. Paredesek berehala azpimarratu du Arsenalen arriskurik handiena. «Oso ona da. Ematen du ez dela ezer egiten ari, eta erraz sartzen dizkizu bi gol. Argi ibili beharko dugu harekin».

Ezaguna dute egin beharreko bidea. Arsenal kanporatuz gero, Olympique Lyon edo Bayern Munich izango lukete aurkari finalerdietan, hilaren 26an, San Mamesen. Baina Paredesek ez du bihartik harago joan nahi. «Arsenal bakarrik dugu buruan. Ezin dugu urrunago begiratu. Hanka sartzea litzateke». «Itxaropentsu» dago. «Lehiaketa nagusia da Txapeldunen Liga, partida garrantzitsuenak jokatzen dira bertan. Guk lan handia egin dugu azken bi hilabeteetan sasoiko iristeko.Zerbait handia egin nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.