Bidasoaren bi aldeetan

Apaletan hautsa hartzen zeuden oroitzapenak gaurkotu ditu Bidasoaren Txapeldunen Ligako oraingo ibiliak. Javi Barretok ezagutu zuen garai loriatsua, eta Iker Serrano orain dabil gozatzen. Gaur, Suedian ariko da Bidasoa, Savehofen aurka, C multzoko lehen postuari eutsi nahian.

Iragana eta oraina. Iker Serrano (Bidasoako jokalaria) eta Javi Barreto (taldeko jokalari ohia), Artalekun. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Irun</i>
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Eskubaloia arnasten da Irungo (Gipuzkoa) Artaleku kiroldegiko pistan. Zenbat bizipen gordetzen dituen lau hormen barruan, Bidasoaren azkeneko hamarkadetako garai loriatsuetako oroitzapen gozoak ez ezik, aldi txarreko oroimen gaziak ere bai. Onean eta txarrean, harrobia izan da eskubaloi taldearen zutaberik sendoenetako bat, eta gazte mailako emakumezkoen taldea ari da entrenatzen.

Atera joan zaizkio begiak Javi Barretori (Irun, Gipuzkoa, 1975): «Horko hori alaba dut». Bidasoako atezain ohiaren alaba ere atezain dabil. «Baditu nire keinu batzuk», esan du hain ohikoa duen umore kolpearekin. Gazte mailan entrenatzaile izan zuen Miguel Izquierdo, orain harrobiko koordinatzailea dena, koaderno batean ari da gauzak idazten. «Hamasei talde dauzkat nire ardurapean, eta entrenatzaile guztiek nahi izaten dute ordurik onena entrenatzeko, baina ezinezkoa da». Harrobia beste behin Artalekun, klubaren nortasun agiri.

Berehala azaldu da Iker Serrano (Urretxu, Gipuzkoa, 1984), egungo Bidasoako jokalaria, pibotea. Eta kapitaina. Elkarri eskua eman diote Barretok eta Serranok, eta harmailetan eseri dira, BERRIArekin solasean aritzeko, Barretoren alaba eta taldekideak lau lauren aurkako eraso eta defentsako ariketan murgilduta dauden bitartean.

Jokalarien oinetakoek pistan ateratzen duten soinu berezia eta baloiak pista ukitzean egiten duen zarata leuna atzeko musika balute bezala, mingaina astintzen hasi dira behin batean taldekide izan ziren biak: «16 urte nituenean, denboraldi-aurrea hauekin egitea egokitu zitzaidan», gogoratu du Serranok. Igaro dira hainbat urte Barretok Bidasoa utzi zuenetik, 2002an, eta, horrenbestez, Serranoren esperientzia zirraragarri hartatik ere joan dira urte mordoa.

Bidasoari ere pasatu zaizkio urteak, zahartu egin da, baina zaharrak berri. Izan ere, 23 urteren buruan, berriz ari da Europako Txapeldunen Liga jokatzen, eta orduko hartan bezala, dotore dabil: lider da bere multzoan. Aparteko ilusioa eragiten dio Barretori: «Ilusioa egiten dit taldea horrela ikusteak berriz ere Europan, gauzak asko aldatu badira ere ordutik». Gero sakonduko du aldatu den horretan, eta, bitartean, klubak hartu duen bideari eman dio garrantzia: «Bidasoa urteetan hain gaizki egon eta gero, berriz hor egotea polita da, eta bizia eman dio herriari, gainera».

Serrano ari da taldekideekin batera hori dena lortzen, eta garbi adierazi du «ezustea» izaten ari dela: «Adrianek [Crowley] bakarrik zuen eskarmentua txapelketa hau jokatzen, San Antoniorekin, eta beste guztiok berriak izanda, ez genuen espero hain ondo ibiltzea». Azaldu du zer izaten ari den Europako lehiaketa handiena jokatzea: «Jokalari batentzat hunkigarriena da. Eskarmentu handirik ez daukagu lehiaketak irabazten, eta handi hauetako bat jokatzea soilik goia jotzea da guretzat».

Barne bizipen handi hori lehenagotik bizi izan zuen Barretok, eta baita txapelketa irabazi ere, 1994-1995eko denboraldian. Ez zen edozer Bidasoa hura, Europako talderik onena garai hartan, eta ondo gogoan dauka atezain ohiak taldekide bat: «Tomas Svensson maisu bikaina izan nuen, ia dena erakutsi zidan. Oleg Kisselev ere han zebilen, eta beste asko. Sekulako jokalariak genituen». Europan barrena bidaiatzea gustuko zuela dio: «Azkenean, horrek egiten ninduen zoriontsu, bidaiak, aireportuak, hori dena taldekideekin bizitzeko aukera edukitzeak».

«Eskubaloia aldatu egin da»

Jokatu zuen kontinenteko pista handienetan, eta bat esateko eskatuta, 1995eko Europako Kopakoa —hala zuen izena lehiaketak orduan— finalekoa ekarri du gogora: «Zagrebekoa ikaragarria izan zen. Finaleko itzulikoa jokatu genuen han, eta aldagelatik entzuten genituen zaleak oihuka. Pistara atera eta giro hura dena aurrez aurre ikustea sekulakoa izan zen». Serranok, oraingoz, Lisboan eta Presoven (Eslovakia) jokatu du denboraldi honetan, eta gaur Suedian ariko da, Partilleko pabiloian, Savehofen aurka. «Ligaxka honetako pistarik beldurgarriena Mazedoniakoa izango da». Ligaxka lehen biren artean bukatzen badu, Bidasoak kanporaketa jokatu beharko du D multzoko talde baten aurka, eta Serranok badu begiz jota talde bat, pistaren bereizgarriengatik: «Bideoetan ikusi dut Bukarestekoa ez dela txantxetako lekua».

Errumania, Eslovakia... Orain edozein herrialdetan daude talde indartsuak, lehen ez bezala, Barretok azaldu duenez: «Gure garaian, betiko herrialdeetakoak ziren talde indartsuak, baina, orain, lehen hain aberatsak ez ziren tokietan ere sekulako taldeak azaldu dira». Serranoren ustez, «globalizatu egin da eskubaloia, eta,horri esker, talde indartsuak edonon sortzen dira orain». Jokalarien eta jokoaren mailan ere aldatu egin dela uste dute biek, eta ez onera: «Ni ez naiz objektiboa», hasi da esaten oraingo kapitaina, «baina ni hasi nintzenean Bidasoan, Patrick Cazal ari zen, eta hori bezalakorik ez dut ikusi. Bartzelonako oraingo taldean ere ez dago Cazal modukorik. Garai hartan, taldeak hobetzen zituzten jokalariak zeuden. Bidasoan, Svensson eta Kisselev ziren horrelakoak. Orain, gu erdi mailakoak gara, batzuk hobeak, besteak ez hainbeste. Behera egin du mailak».

Barretoren ustez, oraingo Bidasoa «orekatuagoa» da: «Gure garaian, gehienez ere aldaketa bakarra egiten zuen entrenatzaileak [Juantxo Villarrealek], eta Viky de la Haza ateratzen zuen defentsako lanak egitera. Gainontzean, aulkira begiratzen zuenean, azkar joaten zen handik, baleko inor ez zeukalako», oroitu du barrezka. Jokatzeko modua ere aldatu egin dela dio: «Orain, fisikoa oso garrantzitsua da, eta beste erritmo batean jokatzen da. Ezinbestean egin behar dira aldaketak, hamar minutu segidan jokatu eta bidean hil daitekeelako norbait». Jokalarien ezaugarriak ere beste batzuk direla azaldu du: «Orduan, bi metroko jokalariak ikaragarri baldarrak izaten ziren, eta orain, aldiz, oso arinak. Jauzi egiten dute, azkar atera korrika...». Bi metroko horiek lehen zeregin zehatz bat izaten zutela gehitu du: «Jaurtitzaile petoak izaten ziren. Jokaldi guztiak haientzat izaten ziren: erasora iritsi, hauei baloia eman eta hauek bota. Gaur egun, denek jaurti dezakete, eta sei metrora edozein lekutatik sartzen dira, buelta hara eta buelta hona ibili ondoren».

Serrano bat etorri da taldekide ohiarekin: «Lehen, bakarkako talentuak balio handiagoa zeukan; orain, aldiz, gure kasuan, indarra taldean dago: bideoak ikusi, sistemak aztertu... Guk elkarren beharra daukagu ondo jokatzeko, eta erloju bat bezala aritzen gara, lehengoen talenturik ez daukagulako». Adibide zehatza ipini du: «Bidasoa hartako jaurtitzaile zen Nenad Perunicicek gaizki pasatuko zuen gure alboan, albokoei beste aldera mugitzeko eskatzen zaielako orain. Hark, baloia hartu, eta bota egiten zuen. Talentu handi hori da galdu dena, baina, bestalde, diziplina handikoak gara. Azkenean, antzeko mailako jokalariak gara, eta denok egiten diogu ekarpenen bat taldeari eta taldeko jokoari». Talentuarena ondo zehazteko, Cazalen izena ekarri du ahora berriz ere: «Entrenatzen geundela, esan egiten zidan ezker aldera aterako zela. Parean jartzen nintzen, erasoko falta eragin nahian, baina hain zen ona, ezkerrera ateratzen zitzaidan beti».

«Gazte lotsagabeak datoz»

Barreto gazte eta beterano izan zen Bidasoan, eta antzeko egoeran da Serrano orain. Adinkide ez diren jokalarien arteko harremana aldatu egin dela diote: «Munduko kapitainen artean, taldekideek errespetu gutxien nire izango didate», esan du Serranok, barrezka: «Ez dago beteranoen eta gazteen arteko lehengo alde hori. Orain, gazteak lotsagabe datoz», esan du serioago.

Barretok bizi izan zituen beteranoen arau zorrotzak: «Aldagelan, ezinezkoa zen beteranoen lekuetan esertzea. Baloiak eta materiala ere guk jaso behar izaten genituen, eta beteranoen arteko adar jotzeetan ezin zen barre egin». Ziria era sartu omen zioten behin: «Gazte mailakoa nintzela, lagunarteko batean, min hartu zuen Miguel Angel Zuñiga atezainak. Juanjo Uriak eta Salva Pombarrek esan zidaten jartzeko Juantxoren atzean, atera egin behar ninduela. Buelta eman, eta 'zer egiten duzu hemen!', bota zidan. Barrez lehertzen zeuden Uria eta Pombar». Serranok ere badu berea: «Urte eta erdi eduki ninduten aldagelan esertzeko lekurik gabe, ohatilan arropak uzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.