Atletismoa

Kopuruak behera, ilusioak gora

Herri lasterketa mordoa jokatzen ari dira Euskal Herrian udazkena astearekin batera, eta korrikalariek inoiz baino aukera gehiago izango dituzte. Hori da, besteak beste, Donostiako Maratoian eta Behobia-Donostia lasterketan izen emateak behera egin izanaren arrazoi nagusietako bat.

Korrikalariak, urriaren 17an Donostian jokatutako 15K klasikoan. 15K DONOSTIAKO KLASIKOA.
Iñaki Berastegi.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Parte hartze hutsa garaipen bat da. Kirolean askotan erabili ohi den esamolde horrek are eta zentzu handiagoa hartu du pandemia garaian. Koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdiaren ostean ezarritako murrizketek bertan behera utzi zituzten herri lasterketak, eta horiek berreskuratzea kosta egin da. Asko eta asko etengabe atzeratu ziren, azkenean bertan behera geratu arte. Beste lasterketa batzuetako antolatzaileek berehala erabaki zuten neurri eta baldintza haiekin ez zuela zentzurik lasterketa antolatzeak, parte hartzaileen segurtasuna bermatzea oso konplexua zelako, ezinezkoa ez bazen. «Herri lasterketetan parte hartzeko ilusio handia nabaritu dugu orain, nahiz eta denbora beharko den pandemia aurreko parte-hartze kopuruetara bueltatzeko», dio Iñigo Olaizola (Donostia, 1966) Donostiako maratoiaren eta hamabost kilometroko lasterketaren koordinatzaileak.

Hiru aste atzera egin zen hamabost kilometroko lasterketan 1.800 pertsonak parte hartu zuten, eta hilaren 28an egingo den Donostiako Maratoian 2.000 korrikalariren langa gainditzea espero dute. Azken aldietako parte hartzearekin alderatuta, behera egin du korrikalarien kopuruak, hilaren 14an Behobia-Donostia lasterketan gertatuko den antzera; hura da, hain zuzen, herri lasterketarik jendetsuena Euskal Herrian. Arrazoiak bilatzen hasita, hainbat aipatu ditu Olaizolak: «Denbora kontua izango da aurreko kopuruetara itzultzea, baina izan daiteke lasterketarik egon ez den tarte honetan korrikalariek beste kirol batzuk deskubritzea edo entrenatze hutsarekin nahikoa izatea. Multzo txiki bat den arren, bada lasterketa hasieran eta amaieran maskara jantzi beharrak atzera botatzen duenik ere. Ulertzeko zaila da, baina hala esan digute. Horrez gain, lasterketa asko udazkenean pilatu dira, eta eskaintza handia da».

Eskaintza handia

Arrazoi hori dago nagusiki, Maite Arraiza (Donostia, 1987) korrikalariaren ustez, izen ematearen beherakadaren atzean. «Asteburu berean bost lasterketa egon daitezke Euskal Herrian. Udazkenean lasterketa asko egin ohi dira urtero, baina, hainbat eta hainbat lasterketa euren ohiko egunetatik kanpo egin direnez, ia asteburuero lasterketa mordoa dago orain». Halere, Arraizak aitortu du eragina duten beste arrazoi batzuk ere badaudela: «Etengabe lasterketa baten data aldatzeak prestaketa aldatzera behartzen zaitu. Gainera, batzuetan, ez zen ziurra data aldatuta egingo zirenik ere. Horrek atzera botatzen zaitu».

Arraizak pandemia garaiko lehen dortsalak Josetxo Imazen Oroimenezkoan —Ordizian, Beasainen eta Lazkaon jokatzen da (Gipuzkoa)— eta Los Arcoseko (Nafarroa) San Silbestre lasterketan jantzi zituen iaz, eta, aurtengo irailera bitartean, ekainean egin zen Granollerseko (Herrialde Katalanak) maratoi erdian baino ez da aritu. «Ez nituen batere disfrutatu. Neurriekin ez nengoen batere eroso: publikorik gabe korritzen genuen, lasterketa amaituta berehala alde egin behar genuen, ohikoa genuen solasaldia egin gabe eta abar».

Aurtengo irailean egin zen Josetxo Imazen Oroimenezkoa «mugarria» izan zen «ilusioa» berreskuratzen hasteko: «Neurri guztiak errespetatuz, festa giroa sumatu zen, publikoak animatzen zuen. Jendea lasaitzen ari da, txertaketak ere lagundu du, eta aurrera egiteko ordua da: birusarekin bizitzen ikasi behar dugu».

Lehenengo aldiz ari da Olaizola Donostiako hamabost kilometroko lasterketa eta maratoia antolatzen, eta bi lasterketak hobeto ezagutzeko urtea izango da. Pandemia garaian egokitu arren, zortea izan dute, murrizketak arindu edo kendu osteko egunetan egin izan direlako biak ala biak. «Udan Donosti Cup antolatzea oso gogorra izan zen, baldintzak asko eta oso exijenteak zirelako. Hori horrela, orain kezkatuago gaude beste gauza batzuekin. Oso pozik gaude lehenbiziko lasterketako emaitzarekin, eta ea maratoiaren ostean gauza bera esan dezakegun. Gogotsu ari gara maratoia prestatzen».

Hurrengo erronkak

Hamabost kilometroko lasterketako korrikalari kopuruaren antzekoa izango du, baina maratoia antolatzea zailagoa da: «Boluntario kopurua bikoiztu egin da; 500 inguru izango dira, anoa puntu gehiago daudelako eta lasterketa, zirkuituan bada ere, luzeagoa delako. Horretaz aparte, 27 herrialdetako jendea dator, eta baita eliteko atletak ere. Horrek bestelako kudeaketa lan bat eskatzen du». Pandemiari dagokionez, ordea, neurriak oso sinpleak izango dira, eta betetzeko errazak: «Korrikalariek asko lagundu zuten; oso barneratuak dituzte neurriak: maskara hasieran eta amaieran janztea, zirkuituan sartzeko multzokako irteeren ordenari kasu egitea eta distantzia mantentzea. 2.000 lagun kopuru egokia da ondo kontrolatu ahal izateko».

Oraindik ere hiru aste falta dira maratoirako izen ematea ixteko, eta, beste lasterketa batzuetan izena eman eta ez parte hartzearen fenomenoak gora egin badu ere, Olaizolak uste du maratoian ez dela hori gertatuko: «Maratoia ohiko datetan egingo da. Bestalde, ez diogu azken aldiko izen emateari eutsi, dirua itzuli zelako. Azkenik, izen ematea azken bi hilabeteetan egin denez, lasterketa egunean parte hartzeak behera egiten badu ez dut uste pandemiagatik izango denik».

Arraizak hirugarrenez irabazi du Donostiako hamabost kilometrokoa, eta Behobia-Donostia izango da haren hurrengo lasterketa. «Irabaztea beti da berezia, baina pandemiak ez du are bereziagoa egin garaipen hau. Alde horretatik, pandemiak ez du eraginik izan nigan, onerako edo izan txarrerako». Korrika egin eta lasterketan parte hartzea «zaletasuna» denez, lasterketekin baino gehiago entrenatzearekin, errutinarekin, disfrutatzen baitu «Iaz, lasterketarik ez bazegoen ere, entrenatzen jarraitu genuen, jendearekin elkartu ginen. Lasterketa batean egotea jada saria baita». Han eta hemen herritarren parte hartzearen zifrek behera egin duten arren, korrikalariak gogotsu daude normaltasunera itzultzeko. Eta ilusioa berreskuratzeko biderik azkarrena zapatilak jantzi eta korrika egiten hastea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.