Veronica Gago. Ni Una Menos taldeko kidea

«Feminismoak gai izan dira gizarte gatazkekin bat egiteko»

Mugimendu feministaren indarra agerian jarri dute osteguneko protestek. Argentinan, iaz egin zuten lehen greba. Ni Una Menos taldeko kidea da Gago. Nabarmendu du mugimendu «gero eta transbertsalagoa» dela.

SANTIAGO SBURLATTI.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Martxoaren 8an emakumeek eginiko lanuztea su motelean egosi zen luzaro, kalean, baina azken urteotan borrokagune batuak dira emakume, trabesti, trans, lesbiana eta bisexual askoren gorputzak. Bakarrik egoteari uztea deliberaturik, feminismoek erantzun batzuk prestatu dituzte sektore ugaritan, eta plazara atera eskakizun batzuk, oraintxe bete beharrekoak. Veronica Gago (Chivilcoy, Argentina, 1973) irakasle eta kazetaria da, eta Ni Una Menos taldeko kidea. Elkarrizketa honetan, gogoeta egin du mugimendu feministaren zabalkuntzaz. Ostegunean garbi ikusi zen mugimendu horren indarra, bai Argentinan, bai mundu guztian.

Zer iruditu zaizkizu Martxoaren 8ko Argentinako mobilizazioak?

Mobilizazio historikoa izan da; 700.000 emakumek parte hartu dutela adierazi da, eta lanuztea prestatzeko prozesua historikoa izan da bere hedadura eta pluraltasun guztian. Gainera, mugimenduak argi erakutsi du bera dela oposizioko eragile nagusia Macriren gobernuaren kontra. Gobernua eta komunikabideak saiatzen ari dira, oportunismoz, soldata arrakalaren eta abortuaren gaiez baliatzen, baina, aldi berean, horrek erakusten du eztabaida horiek legitimotzat jotzen direla esparru publikoan. Gobernuak, gainera, ezin du banalizatu mugimenduaren izaera antikapitalista. Hori izugarri nabaritzen da mintzagai dugun antolamendu prozesuan. Hori guztia aditzera eman zen Martxoaren 8an irakurri genuen dokumentuan: diagnostiko feminista egin genien arazo asko eta askori, oso errotik helduta. Eta hori ez da kabitzen kupo eskaera batean edo inklusio hierarkizatua eskatzeko aldarri batean. Dena aldatu nahi dugula esaten dugunean, kontua da moldatzen ari garela zer jotzen dugun zapalkuntzan oinarrituriko harreman sozial bidegabetzat, eta horrek herri adierazpide bat du, herri adierazpide ederra eta masek osatua.

Zer aldatu da 2015az geroztik, Ni Una Menos mugimendua sortu zenetik?

Mugimendua gero eta jendetsuagoa da, baita gero eta transbertsalagoa ere, hau da, feminismoak gai izan dira gizarte gatazkekin bat egiteko. Lehenik eta behin, Ni Una Menos kontsigna agertu zen [Ezta bat gutxiago ere]; deialdi zabal-zabala eginez, agendara ekarri zuen feminizidioen auzia. Horren ondorio izan ziren 2015eko eta 2016ko ekaineko mobilizazioak. 2016ko urriaren 19an, ordea, emakumeen lanuzterako lehenbiziko deialdia egin zenean, koska bat gora egin genuen, lanuztera deitu baikenuen feminizidio bati erantzuteko. Galdetzen ziguten: «Zer ikusteko du feminizidio batek lanuzte batekin?». Gidoitik atera ginen. Lanuztea tresna gisa erabiltzeko, funtsezkoa izan zen hau adieraztea: esaten ari gara aski dela indarkeriarik; emakumeen kontrako indarkeria ulertuko badugu, ulertu behar da zer-nolako indarkeria sarea sortu den indarkeria ekonomikoen, errepresiboen, politikoen eta sozialen artean. Ulertzen ez badugu zer eragin duten eguneroko bizimoduan zapalkuntza mota guztiek, Macriren gobernuaren doikuntza politikak, gizarte laguntzen murrizketak eta erretiroen erreformak, bada, orduan ezingo dugu ulertu zergatik den emakumeen gorputza indarkeria mota askoren erdigunea.

Biktimaren tokitik atera…

Jakina, lanuzteaz hitz egiteak modua eman zigun biktimizazioaren mintzaira baztertzeko; hain zuzen, mintzaira horixe zaio erosoa sistema judizial, politiko eta mediatikoari. Hau da, feminizidioen edo indarkeriaren biktima gisa bakarrik hitz egitea emakumeez. Guk esan genuen: bai, min handia eman zigun garai hartan Lucia Perezen heriotzak, baina min hori amorru bihurtzen ari gara, eta narratiba politiko ere bai. Penatu bakarrik ez: ulertu egin nahi dugu zergatik hiltzen gaituzten. Horregatik proposatu genuen 2017ko martxoaren 8ko lanuztea: lanuztearen tresna geure egin genuen, ikuspegi feminista batez. Uste dut hori dela mugimenduaren berrikuntzarik handiena. Horrek, alde batetik, bidea zabaltzen dizu soldatapeko lan formalaz kanpoko lan errealitate batzuk integratzeko, kontuan harturik feminismoa aspalditik ari dela halako gauzez pentsatzen, zer esan nahi duten etxeko lanak, lan erreproduktiboak eta zaintza lanek; nolanahi ere, ikuspegi praktikotik eta antolamenduaren alderditik begiratzen ari zaio Latinoamerikan kontzeptualizazio lan horri.

2015etik hona, mugimenduaren erreferente asko hara eta hona ibili dira munduko beste toki batzuetako feminismoekin esperientziak trukatzeko. Zer aurkitu dute? Zer berezitasun du Argentinako mugimenduak, edo oraintxe aipatu berri duzun horrek, Latinoamerikakoak?

Asko dira Latinoamerikako feminismoak, eta guztien berezitasuna zera da, hemen hitz egin dezakegula herri feminismoaz, feminismo herrikoi, komunitario edo indigenaz, eta mintzaira eta esperientzia horiek guztiak gurutzatzen direla. Feminismo horien ezaugarrietako bat da, Latinoamerikan behintzat, oso lotura handia dutela gizarte gatazkekin. Horri esker, alde egin dezakete akademiarekin edo espezialistentzako jargoi batekin luzaro oso lotuak egon diren zenbait tokitatik. Orain, oso interesgarria da: zoazen auzora, eskolara edo lantokira zoazela, auzi feminista hortxe dago, errealitatea ulertzeko modu gisa. Generoarena jadanik ez da sektore jakin baten gaia, baizik eta ekiteko eta diagnostiko transbertsalak egiteko era bat. Feminismoaz hitz egitea ez da emakumeen auziaz hitz egitea, baizik eta gai guztien analisi feminista egitea: koiuntura politikoa, eskualdeetako gatazkak, lanaren auzia, osasunarena, etxeena, amatasun berriak, eta abar.

Eta horrek, hitzarmenak egiteko orduan, zer erronka dakartza?

Hori da txundigarriena. Egunotan, bost sindikatuak elkartu dira lehenbiziko aldiz. Orain arte sekula ikusi gabea zen hori, barne liskarrak eta eztabaida historikoak zirela kausa. Baina batzar lan bat egiten ari gara sindikatu guztietako erreferentziazko ordezkariekin, eta, horri esker, bloke sindikal feminista bat osatzea lortu genuen, denok batera.

Zure ustez, gizonek zergatik ezin dute lortu sindikatuetako emakumeek lortzen duten batasun hori?

Uste dut badagoela borondatea esparru bateratu bat osatzeko, dinamika transbertsal horrek indar historikoa har dezan. Sindikatuetako emakume horiek guztiak etortzen ziren batzarretara: 1.500 biltzen ginen, eta hainbat eta hainbat gatazka eta eskakizun aztertu genituen, baina baita beste hainbeste nahi eta asmo ere. Oso mugimendu heterogeneoa da, eta badu modua estatuari eskaerak egiteko eta, aldi berean, gauzen konponbideari dagokionez estatuaz haratagoko ikuspegi bat izateko. Uste dut mugimendua oso inteligentea izaten ari dela, inteligentzia kolektiboari dagokionez, maila politiko bat baino gehiago kudeatzeko: batetik, eskakizun eta aldarrikapenen esparrua dago; bestetik, dena aldatzeko nahiaren esparrua.

Hori nola ikusten da eskualde bakoitzean?

Garbi ikusten da gatazkak elkarrekin lotzeko duen gaitasunean. Esaterako, erauzte eta meatze industrietan, emakumeek jartzen dute beren gorputza lurraldearen aldeko borrokan. Gorputz lurraldearen kontzeptua oparitu digute Latinoamerikako zenbait kidek: nork bere gorputzaz pentsatzea, baina baita lurraren gorputzaz edo lurralde espazioez pentsatzea ere, gorputz komun baten gisan. Oso ideia interesgarria da, gorputzaren ideia indibidualaz harago doalako, zeina gehiago baitagokio feminismo liberal edo zuri bati. Borroketatik eta gatazketatik sortzen diren kontzeptualizazio guztiek bestelako irudimen bat ematen digute, bestelako hizkera bat eta bestelako praktika batzuk.

Zer gertatzen da probintzietan, hau da, Buenos Airesen zentralitatetik kanpo?

Dakigunez, leku guztietan egiten dira batzarrak, eta lantoki guztietan. Sindikatuetako kideek esan digute inoiz egin duten prozesurik federalena izan dela. Batzarrak hainbeste ugaritu izanak erakusten digu hau ez dela urtean behingo gauza bat, baizik eta lanuzteak prozesu politiko bat zabaldu zuela. Hain zuzen, ikasleen gatazka izan zen iazko auzirik garrantzitsuenetako bat: hezkuntzaren murrizketen kontrako aldarriak bat egin zuen eskoletan sexu heziketa integrala izateko premiarekin, modu intersekzionalean. Mugimenduaren parte gazte eta lotsagabea indartsua da oso, eta bizitasun eta dinamismo kutsu bat ekartzen ari da, etorkizunerako oso ona izango dena.

Zure ustez, zergatik ari da hainbeste indartzen azkenaldian Argentinako mugimendua?

Nik uste dut hemen oso esperientzia garrantzitsuak izan direla eta zerikusia dutela epe luzeagoko gertakariekin. Alde batetik, Emakumeen Topaketa Nazionalaren esperientzia dugu, orain dela 32 urte hasitakoa. 2001eko krisiaz geroztik, langabeen mugimenduko emakume guztiak hartu zituzten topaketa horiek, eta horrek klase izaera aldatu die. Topaketak gero eta jendetsuagoak dira, eta gero eta irekiagoak mugimendu sozialentzat eta oinarrizko mugimenduentzat. Gune horietan, pedagogia lan feminista oso garrantzitsua egiten dute. Batetik, bat egiten dute giza eskubideen aldeko borrokak —Maiatzeko Plazako Amak eta Amonak—, feminismoak eta giza eskubideen aldeko borroka eguneratzeko gaitasunak. Bestetik, nabarmentzekoa da herri ekonomian dabiltzan kideen borroka; ekonomia informalak dira, baina bizia erreproduzitzeko moduak antolatzen dituzte auzoetan, jantoki, haurtzaindegi eta topaguneen bitartez. Emakumezko piketeroen alabak dira, hau da, hor ere badago belaunaldien arteko transmisio bat eta bizitzeko, krisiak gainditzeko eta bizia erreproduzitzeko moduen metatze bat, eta hor soldata ez da bizimodua antolatzeko ardatza.

Nola landu zen gizonen parte hartzeari buruzko gaia? Zer iritzi duzu horretaz?

Hemen, eztabaida ez zen oso handia izan; zenbait kontu planteatu ziren, hala nola gizonek modua jartzea emakumeek egun guztian lanuztea egin zezaten eta protestetan parte har zezaten. Hau da, gizonek bere egitea etxeko lanak, zaintzakoak, lan erreproduktiboak. Eskatu zitzaien manifestazioen buruan ez egoteko. Alderdi pertsonalean, iruditzen zait interesgarria dela gorputz feminizatuen protagonismoa planteatzea, eta gizasemeek jakitea ikusgaitasun politikoaren pribilegioei uko egiten.

Aste honetan, berriro aurkeztu da abortua legeztatzeko proiektua, zazpigarren aldiz, eta inoiz baino babes handiagoa izan du legegileen artean…

Irakurri zen dokumentuaren puntu funtsezkoetako bat da. Lan handia egin behar izan zen dokumentu hori ontzeko, baina pozik gaude, askotarikoak izanik ere bat etorri baikara. Ardatz nagusiak hauek izan dira: murrizketen eta kaleratzeen kontrakoak; abortua legeztatzearen eta zigortzeari uztearen aldekoak; indarkeria femizidaren, trabestizidaren eta estatalaren kontrakoak; eta genoziden etxeko atxiloaldiaren arbuioa. Abortuaren gaia funtsezkoa da, eta, gobernuaren erabilera oportunistaz harago, debate publikoa zabalik dago, zeren mugimenduak, kalean duen indarrari esker, plazara atera baitu, parlamentuaren agendan ez ezik, baita eguneroko solasaldietan eta komunikabideen eztabaidetan ere.

Zer espero duzu orain?

Mobilizazioa historikoa da, historikoa izan baita lanuztea prestatzeko prozesua ere. Prozesua ez da ez magikoa eta ez berezkoa: oinarri-oinarritik lantzen da, eta oso mikropolitikoa da; oso erne dago landu ahal izateko zer esan nahi duen lanuzteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.