Itsasoa bezalakoxeak: irekiak

Bihar hasiko da KAE 1 liga Pasai Donibanen (Gipuzkoa), eta hamabi talde lehiatuko dira; azken urteetako lehiarik irekienetako bat izango da. Bigarren mailakoek etzi ekingo diote lanari, Lutxanan (Bizkaia), azkenaldiko talde kopururik txikienarekin: 11 traineru baino ez dira ariko aurten.

San Juaneko trainerua, Ondarroan jokatutako denboraldi-aurreko estropadan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
KAE 1 eta 2 ligak asteburu honetan hasiko dira, eta ezberdin datoz aurrekoekin alderatuta. Izenez aurreko urteetako berberak dira, baina izanez ez.

KAE 1 ligako aldaketarik handiena da ez dagoela talderik aldez aurretik faborito garbitzat jo daitekeenik. Aurreko urteetako Astillero, Donostiarra, Santurtzi, Kaiku, Portugalete eta horiek bezalakoak ez dira antzematen liga honetako itsaso zabalean. Irekia egongo da, hortaz, bi sari nagusiak eskuratzeko borroka: lehen biek Eusko Label ligara igotzeko bi sailkatze estropadak jokatuko dituzte.

Faborito argirik ez egoteak ez du esan nahi, ordea, traineru indartsurik ez dagoenik. Bat baino gehiago aurten. Denboraldi-aurrean gero eta estropada gehiago jokatzeko aukera dute taldeek, eta, horietan izandako emaitzak kontuan hartuta, laukote ustez indartsuago batek eman ditu kolpeak, orain gerta daitekeenaren adierazgarri: Arkote, Deustu, San Juan eta Zarautzek osatzen dute laukote hori.

Juan Mari Etxabe beteranoak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) hirugarren urtea beteko du San Juango entrenatzaile lanetan, eta, iaz liga nagusitik jaitsi eta gero, honela begiratzen dio aurtengoari: «Liga borrokatua izango da, ez baitut ikusten talderik besteak baino askoz hobea izan daitekeenik». Hari horri tiraka, beste arraun kolpe zehatz hau jo du: «Tarte txikiak egongo dira goiko taldeen artean, eta leku horietan ikusten ditut Arkote, Deustu, Getaria eta gu». Zarauzko trainerua goraxeago jarri du: «Ematen du koska bat gorago ibiliko dela, baina ez oso aparte». Halako berdintasuna baldin badago, hutsa beharko da hain preziatuak diren puntuak gutxiago biltzeko: «Egun txar bat izaten badugu ustez goian ibili behar dugunetako batzuek, puntuak galtzeko arrisku handia izango da». Ustez go-goian behar ez lukeen Donostiarra B ere aipatu du arrisku horren eragile bezala: «Ikusi da badabilela, eta gai izan daiteke estropada batzuetan faboritoetako bat edo batzuk atzean uzteko».

San Juanek etxean ekingo dio ligari asteburu honetan; bihar 12:00etan, eta etzi 12:30ean, eta talde gaztea plazaratuko du Etxabek, ezinbestean: «Esperientzia gutxiko arraunlariak dira gehienak, eta gaztetasuna lagungarri izan daiteke, edo ez. Ondo hasi nahi dugu liga, urduritasunak-eta gainetik kentzeko».

Lasaiago antzematen zaio hizketan Gari Uranga Zarauzko arraunlari eta entrenatzaileari (Zarautz, Gipuzkoa, 1982). Ez du presiorik nahi: «Ea gai garen muturra sartzeko goikoen artean. Iaz bosgarrenak izan ginen, eta beste aurrerapauso bat eman nahi dugu, ohorezko txandan ibiltzeko». Bere taldea, hortaz, ez du faboritotzat jotzen: «Goian ikusten ditut Deustu, San Juan eta Arkote». Bilboko taldea jotzen du faboritotzat: «Indartsuena izan daitekeela iruditzen zait, orain arteko emaitzak ikusita».

Liga «irekia» izango dela dio: «Pentsatzen jartzen naiz, eta aurkariak baino ez ditut ikusten. Dozena erdi bat kontatzen ditut behintzat. Getaria ere aipatzera noa, iazko taldearen zati oso handi bat falta arren, prestaketako estropada batzuetan gure parean ibili delako. Eta Pedreña ez baztertu, nahiz eta ez jakin zein duen maila, erakutsi ez duelako».

Aurtengo liga iazkoaren ezberdin egiten duen beste ezaugarri bat estropaden kopurua da. Hamazazpi aldiz lehiatuko dira, iaz baino gehiagotan, eta Urangak ontzat jo du aldaketa: «Hobeto dago horrela. Azkenean bederatzi hilabetez ibiltzen gara entrenatzen, eta estropada asko nahi izaten ditugu. Arraunlari guztiei estropadak emateko aukera ere handitu egiten da horrela».

KAE 1 liga honetan, ez dira talde guztiak gorako lehian ibiliko. Jaitsierari ihes egiten ere jardun beharko dute batzuek, eta araudiak garbi dio: azken sailkatua KAE 2 ligara jaitsiko da, eta azken- aurrena eta haren aurrekoa ariko dira kanporaketan.

KAE 2 ligan, Orio B, Getxo...

Kanporaketa horretan KAE 2 ligako bigarrena eta hirugarrena ere ariko dira. Aurrenekoa zuzenean igoko da. Bigarren mailan ere irekia dator lehia, eta ez da antzematen talde indartsu bat besteen gainetik nahi bezala ibiliko dena. Faboritoak badaude, hala ere, zuzenean igo edo kanporaketa hori jokatzeko, eta hiru izen aipatzen dira: Castro, Getxo eta Orio B. Etzi ekingo diote lehiari, Lutxanan (Bizkaia), 17:00etan

Eneko van Horenbeke (Getxo, Bizkaia, 1979) da getxoztarren entrenatzailea, eta arraunean ere egingo du. Irekia ikusten du goiko lehia: «Estua izango da, emozioz betea». Eman ditu goian ibil daitezkeen talde batzuen izenak: «Orio B da faboritoa, eta taldetxo bat ibil gaitezke atzetik. Hor geundeke Portugalete, Castro eta gu». Onartu du kanporaketa jokatzea dutela helburu: «Iaz ez genuen lortu, eta arantza dut».

Hori lortzeko, hainbat aldaketa eta garai «txar» bizi eta sufritu dituen taldea dauka esku artean: «Iazko taldetik falta zaizkigu batzuk, eta arraunlari gutxiago dauzkagu aurten. Nahiago dut horrela, oinarri zehatz batekin lan egiteko aukera eman didalako. Uste dut udara begira hobea izango dela horrela lan egin izana». Itxaropentsu dago, baina neguan beltzak ikusi dituztela onartu du: «Urterik gogorrena izan da arraunlarientzat eta niretzat, bederatzi-hamarrekin ibili garelako, osatu ezinda. Gelditu eta geure buruari galdetu ere egin diogu ea neguan jarraitu behar genuen edo ez». Aldi txar horiek pasatuta, uretan izango da Getxo.

Ligako talde kopuru txikiaren inguruan, gogoeta hau egin du: «Uste dut antzera jarraituko dugula etorkizunean ere, gauza batzuk aldatu ezean. Arraunlariek ordaintzen dute, adibidez, entrenatzeko joan-etorria egiteko, eta horrela zaila da gazteek konpromisoari eustea».

Orio B-n ere badira hutsuneak iaztik, baina filosofia ez dute aldatu: «Harrobiko lana egiten segitzen dugu», esan du Anjel Larrañaga entrenatzaileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1967). «Gure helburu nagusia formakuntza da, eta gero, lehian sartuz gero, mailaz igotzeko nahia da koska garaiena». Lehiari begira jarrita, hau esan du: «Getxok talde ona egin du, eta argi Castrorekin, garai batean TKE ligan ibilitako arraunlari batzuk bildu dituelako».

Talde eskasiaren inguruan, berriz, gogoeta hau utzi du: «Pena da, eta batez ere gu bezala harrobia lantzen ari garenontzat. Arraunlari gazteei zenbat eta estropada gehiago eman, orduan eta hobeto, horrela lortzen dutelako heldutasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.