begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gailur ekaiztsuetatik Royal Fulton hotelera

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Egia biribil-biribila esatearren, ez dago ziorik The Birthday filma gurera ekartzeko. Ez da gaur estreinatuko. Ez hemen, ez hor, ez han, eta aspaldi samarrean berreskuratu zuen Filmin plataformak. Noiz? Gaur hamasei hilabete eta lau egun beteko dira, hain zuzen ere.

Ez, ez dago zergati handirik. Gura, desira, txirrinta baino ez. Eta zer hobe film batez mintzatzeko plazera baizik?

Geure burua babesteko ahaleginetan-edo aitzakia bilatu nahi badugu, zera esan dezakegu: Kataluniako egunkari garrantzitsu batean laster asko ekingo diote gogor, bizi, sutsu bere alde egiteari. Nortzuk? Ohikoek: zale-friki-amorratu batzuek. Zergatik? Kaskoan sartu zaie(gu)lako.

Sekula ez da berandu inor gutxik ezaguturiko pelikula baztertu baten alde jo eta fuego hasteko. Hasi bainoago, jarraitzeko. Irabazi arte.

Hala eta guztiz ere, ez dakit The Birthday-ren adoratzaileen (adoratzaileon) xedea garaipena ote den. Beharbada ez. Zertarako ekarri argitara itzaletan hain kontent ematen duen zinema puska hori? Zergatik partekatu beharko genuke gure aspaldiko aurkikuntza den altxor misteriotsua? Are, norekin partekatu? Are, gugandik at, nork, zeinek ulertuko luke atrebentzia baino gehiago, balentria baino gehiago, zeluloidezko harrikada izan zen film paregabe hori? Kultuzkoak bilakatu diren lan horiek, zer dela-eta denen aurrean plazara ekarri?

Badakit pentsamendu horiek ez direla ez zintzoak, ez demokratikoak, ez solidarioak, baina 2004 hartan edo 2021eko urriaren 16tik aurrera Eugenio Miraren film berezi-xelebre-bitxi horri ez bazenioten erreparatu, ez etorri orain damuz, penaz, negar bizian, ea nolakoa den galdezka.

Bale, ados. Kontatuko dizuet... Ez dakizue ondo zelako mirari iluna galdu zenuten, duzuen. Dena da harrigarria orain Katalunia aldean merezitako omenaldia jasoko duen pelikula horretan. Esaterako, nor aktore nagusia, eta The Goonies-eko kuadrilla mitiko hartako suerterik gabeko Corey Feldman. Berez, 2004an hain zen malerus lan kontuetan, ezen Eugenio Mira hasiberriaren lehengo luzean sos batzuk inbertitzea erabaki baitzuen. Ez pentsa, ordea, hautu desesperatua izan zenik. Eraikuntza abandonatu bateko korridore arreetan eta denborak higaturiko ateen bestaldean gertatzen den Eugenioren 2000ko Fade laburra hain da markaz kanpokoa, ezen Guillermo del Toro bera ustekabean hartu baitzuen. Bazuen, berez, suerte gaiztoko Coreyek Miraren berri majoa. Serio pentsatu ondoren inbertitu zuen The Birthday proiektuan. Baldintza bakar batekin: berak izan behar zuen protagonista handia.

Urteak joan, urteak etorri, ¡García! telesaila filmatuko zuen Eugeniok baiezkoa eman zuen, eta hara nola Gremlins, Stand by Me edo The Lost Boys bezalako legendazko filmetan parte hartua zen Kaliforniako aktoreak Alacanten jaiotako eta Madrilen ikasitako zinemagile baten lehenbiziko luzea ekoiztu zuen... (Bide batez, Fade debalde dago Interneten...).

Baina zergatik ari gara horren luze horretaz berbetan? Ba, hainbat eta hainbat nazioarteko garaikur irabazi arren, diru leihatiletan sosik poltsikoratu ez zuen The Birthday-en murgilduz gero, ikusten duzuena eta ikusten ez duzuena sinetsi arren, ikusten duzuena ikusten ari zaretela dudatan jarriko duzuelako. Are gehiago, zergatik ari zareten ikusten galdetuko diozue zeuen buruari, pantailatik begiak apartatu ezinik...

Hasiera-hasierako planotik egongo zarete harrapaturik. Pelikula gutxi hasten dira The Birthday bezala, parekorik ez duen plano horrekin. Baina, zertaz ote filma? Auskalo. Antza, laster eraitsiko duten hotel baten sakonetan gaude. Alkoholez, drogaz, misterioz, birusez, lupuz, munstro ikusezinez gainezka egiten duen festa batean. Lepoa jokatuko nuke Climax eta Lux Aeterna-ren autore Gaspar Noe aise ibiliko zela bertan. Aise eta gustura. Gora eta behera egiten du The Shining-etik hartutakoa dirudien igogailuak. Zure nobiak koskor ikaragarria du sabelean, baina guapa dago festarako jantzia...

Ikusi egin beharko zenukete, film mitiko honen nondik norakoa aurkitzeko. Lepoa jokatuko nuke, oraingoan ere, ikusi ondoren filma zertaz den esaten ez duzuela asmatuko. Joko maltzur horretan zaudetela, bota begirada kreditu tituluei, eta, zor eta lor (arras), honako euskal jendaia berdingabea deskubritu bertan: ekoizpen lanetan urteak pasatu ondoren As bestas ekoitzi duen Ibon Cormenzana; kamera lepoan, No habrá paz para los malvados-eko argazki zuzendaria izan zen Unax Mendia; gidoian zein zuzendariaren laguntzaile, Mikel Alvariño...

Filma ausardiaz beteak direnentzat baino ez da. Atrebitua izan behar ere, Gailur ekaiztsuak idatzi zuen Emily Bronteren bizitza, oinazeak eta pasioak pantailaratzen dituen Emily dastatzeko. Eta ez ahaztu nobelaren euskarazko bertsioa badela, Irene Aldasoro Katarainek itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.