Laugarren izateko oztoporik zailena du gaur Athleticek

Sevillaren zelaian ariko da, bigarren taldeko hainbat jokalarirekin. Realak, berriz, Betis hartuko du, sailkapenean atzetik duen taldea

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Athletic eta Reala Sevillako taldeen aurka ariko dira gaur, ligako 28. jardunaldiko partidetan. Athleticek Sevillaren zelaian jokatuko du (11:00, Mov. Vamos), eta, irabazten badu, erdi ziurtatuta utz dezake laugarren postua. Realak, berriz, Betis hartuko du Zubietan (12:00, ETB1). Txuri-urdinak seigarren dira, eta sailkapenean atzetik duten taldearen aurka ariko dira.

Athleticek laugarren postuan bukatzea jarri du helburu ligaren azken txanparako, eta gaurkoa du oztoporik zailena hori lortzeko. Egun, laugarren dago, eta puntu baten aldea du Granadillarekiko, eta hirurena Realarekiko. Liga bukatzeko hiru jardunaldi falta dira, eta hurrengo bietan azken bi sailkatuen aurka jokatuko du. Horiek hala, Sevillari irabazten badio oso gertu izango du helburua. Aurkaria 11. postuan dago, eta ezer gutxi du jokoan, baina, hala ere, ez da partida erraza izango. Joseba Agirrek hutsune asko ditu, eta bigarren taldeko hainbat jokalari deitu ditu. Sevillak, berriz, gora egin du azken asteetan. Lehen itzulian 6-0 irabazi zion Athleticek, eta aurkarien entrenatzaileak aste honetan esan du ordaina nahi dutela.

Reala, bestalde, begi bat Kopako finalean duela ari da azken asteetan. Finala prestatzeko modu onena ligan lehiakorrak izatea da, eta azken lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta bat berdindu. Gaur bolada on hori mantentzen saiatuko da aurkari gogor baten kontra. Lehen itzulian Betisek 2-1 irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.