Berrikuntzarik ez aurten, eta aurrekontua gero eta estuagoa

aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Aldaketa handirik gabe baina aurrekontuari zorrotz begira dator aurtengo Azkena Rock jaialdia. Musika arloan ezusteko handirik egon ez bada ere, arlo teknikoan hainbat aldaketa txiki egin behar izan dituzte gastuak murriztu ahal izateko. Izan ere, sarreren salmenta iaz baino motelago joan da aurten, eta kezka eragin du horrek. Horrez gain, gero eta garestiagoa da izen handiko musikariak Euskal Herrira ekartzea, Alfonso Santiago ARF jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez: «Rock jaialdi bat da gurea, eta lehia gero eta estuagoa da beste jaialdi batzuekin; haiek ere gure gisakoak diren taldeak kontratatzen baitituzte». Kontuak kontu, azken urteetako ikusle kopuruari eustea aurreikusten dute: 30.000 eta 35.000 artean izatea espero dute antolatzaileek aurten.

Diruaren erabileran izango da aldaketarik nabarmenena: ez baita eskumuturreko digitalik izango; «sistema garestiegia» da antolatzaileen hizetan. Aurrera begira berreskuratzeko nahia iragarri dute, nolanahi ere. Ez dira, halaber, motorren azoka eta ibilbiderik egingo, ez eta bestelako jarduera kulturalik ere. Aldiz, Trashville guneari eutsi diote, doinu alternatiboen elkargune den egurrezko karpari; laugarren agertokia bilakatuko da. Oinarrizko zerbitzuak ere indartu dituzte, gastronomia bereziki.

Emakumeen parte hartzea

Aurten ere eztabaida sortu du emakumeek jaialdian duten parte hartze txikiak; 40 taldeetatik soilik lautan ari baitira andreak. Antolatzaileek ez dute eztabaidan sakondu nahi izan. «Azkena Rock jaialdi inklusiboa da», azpimarratu du Santiagok, eta erantsi du, inoiz ez dutela inor baztertu jatorriagatik, erlijioagatik edota generoagatik. Eztabaida «azalean» geratu baino «oinarrira» eraman behar dela ohartarazi du.

Bestalde, hurrengo urteko data ere finkatua dute dagoeneko: ekainaren 21ean eta 22an izango da 2019ko Azkena Rock. Ekaineko azken aurreko asteburuan finkatuko da jaialdia horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.