Ugaitz Mendizabal

Lehorreko lemazaina

Urtebetez arraun mundutik kanpo egon ostean, Oriora itzuli da Ugaitz Mendizabal, bigarrenez; oraingo honetan, ordea, lehen ontziko patroi izateko. Jon Salsamendi entrenatzailearen eta arraunlarien partetik jasotako babes handiak bultzatu du eskaintzari baiezkoa ematera.

DORLETA AGIRIANO.
Mikel O. Iribar.
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Arraun munduaren historiaren liburuan, kostaldeko herri batean jaio ez den patroi bakan batzuk egongo dira izenpetuta. Ez da ohikoa, bederen, haurtzarotik itsasotik datorren kresal haizea azalean sentitu ez duen batek trainerua gobernatzea. Ugaitz Mendizabal (Irura, Gipuzkoa, 1991) da horietako bat. Tolosaldeko arraun elkartean hartu zuen lehendabizikoz eskuetan arraun luzea. «Lehorreko patroia naiz». Horrela aurkeztu du bere burua, inongo konplexurik eta lotsarik gabe. «Niri olatuak ikustera joatea ez zait gustatzen; olatuekin jolastea baizik, eta zenbat eta handiago, hobe». Bada, Orioko taldean lemazain lanetan ariko da Mendizabal aurten.

Irurakoarentzat, ordea, ez da izango elastiko horia jantziko duen lehen aldia. Izan ere, garaipen zerrenda luzea duen klubaren partaide izan zen 2018an, bi urtez, baina Gorka Aranberri azken urtera arte patroi jardun denaren itzalpean. «Nahi baino estropada gutxiago jokatu nituen, eta ez nintzen oso gustura irten Oriotik». Agurrean, Jon Salsamendi entrenatzailearen hitzak jaso zituen gogoan Mendizabalek. «Argi esan zidan Gorkak taldea utziko bazuen lehen deia nik jasoko nuela». Esan eta egin. Behin baino gehiagotan eseri ziren biak mahaiaren itzulian. «Denbora luzez buruari bueltak eman nizkion, horrelako erabakiak ez baitira egun batetik bestera hartzen. Hori bai, garbi nuen lehen ontziko patroi izateko aukera handia nuela».

Zalantzaren zurrunbilo horretan zegoen bitartean, Orioko arraunlarien deiak bata bestearen atzetik jaso zituen Mendizabalek. «Nirekin egoteko gogoa zutela adierazi zidaten, eta egoera horretan zaila zen eskaintzari ezetz esatea». Hain justu, hiru aste daramatza ontziaren txopan, baina ez azken urteetan Oriok garaipenak pilatu dituen betiko traineruan, San Nikolas-en. Ontziaren aurrealdeari deitzen zaion izen berbera du berriak: Branka. «Arraroa» egiten ari zaio egokitzapena Mendizabali, bai baititu ezberdintasunak bestearekiko. «Toleta nigandik urrunago dago, eta, beraz, arrauna luzeagoa behar dut. Urtebetez geldirik egon naizela gehituta, deseroso sentitzen naiz, baina banoa apurka ohituz».

Lehen egunetan izaten diren urduritasunak ohi baino samurragoak izan dira irurarrarentzat, taldea aski ezagutzen baitu: «Bi arraunlarirekin ez beste guztiekin aritu nintzen orain dela bi urte. Oso gustura nago, eta haiek ere hala daude». Taldekideei ez ezik, entrenatzaileari ere badio begirunea Mendizabalek. «Harreman berezia daukagu Jonek eta biok. Eroso sentitzen naiz harekin». Hain zuzen, Orioren aurretik, 2010ean, Astilleron elkartu ziren biak lehen aldiz. «Hiru urte horietan, patroi izaten ikasi nuen, irabazi beharrean». Ondorengo urteetan, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Mendizabalek San Pedron egin zuen geldialdia, eta Juan Carlos Fontan patroi handiari erreleboa hartu zion. Bost urtez izan zen Libia traineruko lemazain. Handik gutxira, telefono dei bat jaso zuen; zeinena eta Salsamendirena.

Oraingo honetan, Orioko bigarren etapa hasi berri du. Itzulera soil bat baino zerbait gehiago da harentzat. «Goi mailan patroi aritzeko gai naizela erakutsi nahi dut. Irrikan nago. Gaztetatik aritu naiz patroi , eta, orain arte, Orioren moduko talde handi batean patroi jarduteko aukerarik ez dut izan». Irurakoak, Aranberrik egin duen bezalaxe, uberan bere arrastoa utzi nahi du. «Batzuek izen gehiago dute besteek baino, baina, azken batean, azkarrenak balio du. Are, patroi batentzat errazagoa da estropada galtzea irabaztea baino, inori ez baitzaio gustatzen galtzea». Horregatik, eskarmentuari balio handia eman dio. «Erabakiak oso azkar hartu behar dituzu une erabakigarrienetan, eta egoera horietan esperientziak asko laguntzen du. Nire kasuan, asko ikasi beharko dut, baina horretarako prest nago». Bestalde, norbanakoari baino, taldearen batasunari eman dio garrantzia, eta ez du kerik saldu nahi. «Nire izena ateratzea ez zait asko gustatzen, taldearena baizik».

Etxekoen aldeko apustua

Udan arraunzaleen gozagarrirako ikuskizuna sortzeko, aurretik neguko prestaketak ezinbestekoak izaten dira arraun taldeentzat. «Neguan egin beharreko etxeko lanak ez baditugu egiten, udan ezinezkoa da goi-goian aritzea». Arraunlariak bakarrik ez, patroiak ere zintzo demonio aritzen dira arlo fisikoa zein teknikoa lantzen. «Geuk ere zaindu beharra daukagu. Nire kasuan, pisu kontuekin ez dut arazo handirik izaten. Beraz, ez dut gose handirik pasatzen», dio erdi brometan.

Iazko denboralditik hona, Oriok zenbait aldaketa izan ditu. Besteak beste, bost arraunlarik utzi dute taldea: Aranberrik ez ezik, Leandro Salvagnok, Jon Etxanizek, Unai Etxeberriak eta Mikel Aiestaranek. Kanpoko atea jo beharrean, etxekoen aldeko apustua egin du klubak, eta Mendizabalek erabaki «zentzuzkoena» dela iritzi dio, ondo asko baitaki Orioko arraun elkartearen filosofia zein den. «Askoz ere balio handiagoa ematen zaio harrobiko arraunlariekin jarduteari. Punta-puntan aritzea zaila dela? Noski. Baina, denboraren poderioz, ekarriko ditu bere fruituak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.