Ander Etxegoien

Ontzi horiaren gidari

San Pedron lau denboraldiz aritu ondoren, arraun ibilbidean «etena» egin behar zuen garaian heldu zaio Orioko 'San Nikolas' ontziaren txopan jesartzeko aukera Ander Etxegoieni. Esperientzia eta berezko gaitasuna lagun dituela, «prest» dago erronka «handiari» aurre egiteko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Azpeitia
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Arraun munduaren historia luzean, Getarian (Gipuzkoa) jaioa den patroirik inoiz jesarri al da Orioko traineruaren txopan? «Nik dakidala, ez». Horra Ander Etxegoieni (Getaria, 1987) barrutik boteprontoan atera zaion erantzuna. Sorterriko arraun elkartean zaildu ondoren, San Pedron aritu da azkeneko lau denboraldietan, eta, arraun ibilbidean «etena» egin behar zuen garaian, horiz tindatutako tren dotorea geratu zitzaion etxeko atarian. «Batzuetan, trena behin bakarrik pasatzen da. Hartuko banu, ez banu hartuko... tira, aurrera».

Etxegoienek irail amaiera aldera jaso zuen Jon Salsamendi Orioko prestatzailearen deia, «ezustean», patroi baten «beharra» zutela esanez. «Ez nuen inola ere espero», aitortu du. Salsamendik astebete inguru eman zion getariarrari erabakia hartzeko. «Argi nuen etxekoekin adostutako erabakia izan behar zuela». Egun horietan, era guztietako sentipenak batu zitzaizkion buruan: «Poza, harrotasuna, baina, aldi berean, ardura eta presioa; Orion patroi izateak berea baitu, onerako nahiz txarrerako».

Zalantzaz jositako bidegurutze batean zegoela aitortu du. «Zer egingo dut?». Bakarrizketa horretan, ordea, egoera erlatibizatzen ahalegindu zen. «Azken finean, traineru batean zein bestean zeregin bera egin behar dut; prestaketa bera eraman behar dut; itsasoa ez da aldatuko; menperatzen dudan eremu bat da. Esperientzia lagun dudala, zergatik ez naiz gai izango?». Astebeteren buruan, baiezkoa eman zion eskaintzari. «Ezin izan nion ezetzik esan». Bi arrazoi izan ditu: «Batetik, Orio ospe handia duen klub bat da, eta edozein patroiri gustatuko litzaioke Orioko lemazain izatea; eta, bestetik, anbizio handia du klubak, eta banderaren lehian aritu nahi du».

Arraun elkarte berrira sartzean eta taldekide berriak ezagutzeko orduan azaleratzen diren urduritasunak samurxeagoak izan dira Etxegoienentzat; aurretik talde berean ibilitako bi arraunlarirekin topatu baita berriz: Andoni Camposekin —Getarian— eta Ibai Gonzalezekin —San Pedron—. «Ondo eta pozik hartu ninduten, eta ni ere hala sentitu nintzen. Pixkanaka-pixkanaka, joango naiz gainerakoak ezagutzen». Taldekideei ez ezik, entrenatzaileari ere badio begirunea. «Nigan izan du konfiantza Orioko patroi izateko, eta orain nik gauza bera itzuli nahi diot». Horretarako, argi du zer egin behar duen: «Dudan guztia emango dut, aurretik Orion egon diren patroiei begiratu gabe». Hori bai, bere zilborrari bakarrik ez dio so egin. «Arraunlariekin konplizitate sendoa sortu behar dut, haiek nigan sinets dezaten; ezinbestekoa baita ontzia uretan ondo ibiltzeko». Helburuez ere mintzatu da: «Azken denboraldian emandako maila ematen edo hobetzen ahaleginduko gara».

Azaro amaiera aldera ekingo diote isilpeko denboraldiaurre luze eta gogorrari. Arraunlariak zintzo demonio aritzen dira ergometroan, makinaren hotsaren zurrunbiloan. Arraunean, baina lehorrean. Eta lemazainek zer egiten dute? «Korrika egitera edota bizikletan ibiltzera joaten naiz, batez ere pisuan arin mantentzeko. Nire kasuan, pisu kontuekin ez dut arazo handirik izaten. Beraz, ez dut gose handirik pasatzen».

Patroi batek hamaika bertute behar ditu punta-puntako ontziaren txopan jarduteko. Etxegoienek bi indargune bota ditu: «Lehenik, lehiakorra izatea; eta bigarrenik, erabakiak momentu oso azkar eta zailetan hartzeko ahalmena edukitzea». Begia zorrotza izatea ere beharrezkoa dute patroiek. «Nahiz eta kanpotik datuak jaso, patroiok beste modu batera ikusten dugu eremua, eta egoera horretatik ateratzen jakin behar dugu». Gaitasun horiek lortzeko «esperientzia» ezinbestekoa dutela nabarmendu du. Ostera, beste aldagai bat ere gehitu du: «Patroi izateko berezko sena eduki behar da, eta hori gero ikasiz lantzen da».

Hain zuzen, Getarian hasi zen lehen urteetan, trainerua itsasoan ondo baino hobeto gobernatzen zuen maisu bat izan zuen ondoan: Xabier Eizagirre. «Izaera handiko patroia zen, eta hari esker gauza asko ikasi nituen. Niretzat eredugarria izan zen, eta harengandik edan dut patroitzarako eskarmentua». 2013. urtea izan zen Etxegoienen arraun ibilbideko «mugarria». Gorka Etxeberria orduko entrenatzaileak esan zizkion hitzak ekarri ditu gogora. «Hi izango haiz nire patroia». «Bultzada» eman zion horrek. Zazpi urtez izan zuen Esperantza ontzia arraun luzearekin gobernatzeko ardura, eta handik San Pedroren Libia traineru mitikora egin zuen jauzi. «Gorengo mailan aritzea zer zen ezagutu nahi nuen».

Herriko taldea, lehiakide

Eusko Label ligan lehiatu bai, baina mailaz jaistea zer den ere bizi izan du. Azken bi denboraldietan KAE 1 ligan aritu da San Pedro, getariarrak bere herriko taldea aurkari zuzena izan duela. «Arraroa» bezain «berezia» izan da, haren esanetan. Aurten, Getaria mailaz igo dela eta, «sekulako poza» hartu du. «Nirekin arraun egin zutenak ere aritu dira. Klubak eta herriak merezi zuten horrelako sari bat jasotzea». Datorren denboraldian ere lehiakide izango ditu Etxegoienek, San Nikolas ontziaren txopan dela. «Ondo ibiliko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.