Baskoniak Fenerbahceri irabazi behar dio lehen krisi hotsak uxatzeko

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Baskoniaren liga hasiera ez da gozoa izaten ari. Arazo fisikoak eta bidaia ugariak medio, uste baino gehiago kostatzen ari zaio ACB ligako eta Euroligako jarduna tartekatzea. Azken hiru partidak jarraian galdu ditu, ACBko bi eta Euroligako bat, eta gaur bolada txarra luza liteke, Europako pista zailenetako batean jokatuko baitu: Ulker Arena, Fenerbahceren gordelekua (19:45).Toki gutxi hura baino okerragoak burua altxa nahi duenarentzat.

Gaur galtzen badu, denboraldi hasieran jokaturiko zazpi partidetatik bi bakarrik irabazi izango ditu Baskoniak. Nabarmentzekoa da Euroligako hiru partidak etxetik kanpo jokatu dituela, eta ACBn Bartzelona eta Malagaren gisako aurkariekin egin duela topo, besteak beste. Pazientzia, baina, ez da Buesa Arenako bulegoetako bertute nagusia, eta krisi hotsak eragoztea zaila izango da.

Hots horiek, normalean, entrenatzailea izaten dute jomuga, baina Perasovicek ez du zorterik izan. Batetik, jokalari berri asko ditu, eta, bestetik, iragan sasoitik jarraitzen zuten bik min hartu dute. Jayson Grangerrek sasoi osorako du; Luca Vildozak, aldiz, egun batzuetarako, eta gaur jakingo da jokatu ahalko duen ala ez. Vildozak Istanbulerako bidea egin du, baita Lautaro Lopez harrobiko antolatzaile gazteak ere. Vildozak ezingo balu jokatu, berak beteko luke haren hutsunea. Nik Stauskas, aldiz, jokatzeko dago. ACBko azken partidan minutu batzuk izan zituen, eta, ondo bidean, gaur egingo du debuta Euroligan.

Aurkariari dagokionez, Fenerbahceri bisita egitea inoiz ez da erraza, eta are gutxiago bolada txarrean dagoenean. Zeljko Obradovicen taldeak Euroligako lehen bi partidak galdu ditu, eta norabidea aldatu beharrean dago. Teknikariak Joffrey Lauvergneren hutsunea du, baina zuzendaritzak Jan Vesely oparitu dio hura ordezkatzeko. Iragan sasoiko taldearen aldean, Nando de Colo eta Derrick Williams dira berritasun aipagarrienak. Baskoniak behin bakarrik irabazi du Ulker Arenan azken zazpi urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.