Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Maitasun gabeko haurtzaroa

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Chupacabra'

Zuzendaria: Grigory Kolomitsev. Herrialdea: Errusia. Iraupena: 75 minutu.

Andrei Errusiako herri txiki batean bizi da, itsasotik gertu. Haren bizitza ez da batere atsegina, amak umezurztegi batera eraman nahi du, eta duten harremana ez da batere ona. Bizi den herrian chupacabra delako ahuntz-banpiroaren eraso bat jasan dute bertako animaliek, eta horren atzean ibiliko da Andrei.

Haren egunerokoa abentura bat da. Hondartzara iristen diren botilak jasotzen ditu, eta herriko gazte bati saltzen dizkio. Lagun batekin egiten du negozio hori, eta batzuetan ez zaio ondo ateratzen. Herritik ihes egiteko ideia asko ditu: kostara gerturatzen den itsasontzi batera iritsi nahi du bere txalupa txikiarekin; eta, aldi berean, hirira joan nahi du bere amaren planak zapuzteko intentzioarekin.

Andreiren ezinegona da filmaren protagonista. Ez dago inon eroso, ez dago inoiz lasai. Ingurune latza du, ez du gurasoen maitasunik, ezta lagunena ere. Errealitate gordin batera bultzatzen gaitu Grigori Kolomitsev zuzendari errusiarrak. Landa eremuaren krudeltasuna bizi du Andreik bere gorputzean eta bere arima chupacabra-ri eman nahi dio.

Andrei Zviagintsev (Leviatan eta Loveless) zuzendariaren lanak burura etorri zaizkit filma ikustean. Estilo antzeko filma sortu du Kolomitsevek, eta, egia esan, nahiko ondo egin du bere lana. Sentimendu oso zailak plazaratu nahi izan ditu zuzendariak ume baten ikuspuntutik: ezinegona, amorrua eta etsipena dira Andreik sentitzen dituenak. Ez da erraza hori guztia ume baten bitartez helaraztea.

Amaiera borobila du lanak, ez da batere garbi geratzen zer gertatuko zaion Andreiri; haren etorkizuna kili-kolo geldituko da, filmaren hasieran bezala. Film honetan batzuetan badirudi ez dela ezer gertatzen, baina akats bat da hori pentsatzea, dena gertatzen delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.