Bilboko Aste Nagusia

Iraganeko jaien sua berpizten

Bilboko txupinerek euren eguna ospatu dute. Omenaldia jaso dute Itsasne Nuñezekin batera aurreko urteetan kargua bete duten beste hogei bat emakumek. Dozenaka txapligu jaurti dituzte, kalejiran ibili dira, eta, tradizioari jarraikiz, iazko txupineraren txosnan egin dute bazkaria; Aixeberrin.

Dozenaka suziri piztu dituzte txupinera ohiek. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Eguna libre eskatu dut lanean hemen egoteko», aitortu du Aratz Irazabalek.«Hau da nire eguna; oso ondo pasatzen dugu». Irazabalek ez du urrun kargua hartu eta utzi zuen urtea —2010a—, baina urtero joaten da topaketara, zorrozki. Oso gustuko dute euren eguna txupinerek, Aste Nagusiko osteguna, eta gehienek ez dute kale egiten. Tintigorri konpartsako Aitziber Adellek 2005ean jantzi zuen txapela lehen aldiz. «Urtero etorri naiz ordutik, behin izan ezik, ospitalean nengoen eta».

11:30ean hasi behar bazen ere, pare bat goiztiar kenduta, hogei bat minutu geroago heldu dira txupinera txapel gorridun gehienak Bilboko Areatzara. Inguruan bildutako herritarrek txalo artean egin diete harrera. Ustez, aurreko gauean arin oheratutako pertsona helduak gehienak. Txupineren eguna ospatzeko ohitura ez zen jaien hasieran sortu, baina hainbat hamarkada ditu dagoeneko, eta errotuta dago.

Emakume kuadrilla Arriaga Plazan batu da, goizeko hamarretan, Bea Sever pregoilaria eta Itsasne Nuñez aurtengo txupinera egunari hasiera ematen ikusteko. Gero, Erriberako merkatura joan dira gosaltzera. Indaberrituta, Areatzara jo dute omenaldia jaso eta txapliguak botatzera.

Hamaika suziri baino ez

Aste Nagusian egunero suziria bota zuten garaia gogoratzeko balio izan die atzokoak txupinera ohiei, eta emozioz bizi dute. Suziriak pizteko lehen saiakerak ezustekoz harrapatu ditu asko: Antolatzailea «bat, bi eta hiru» zenbatzen ibili da, urruneko txupinerek «itxaron, itxaron!» oihukatzen zuten bitartean. Elkarri zigarroa pizten aritu dira presaka, eta gehienek horrekin eman diote sua suziriari. Suzirien bigarren eta hirugarren txanda hobeto joan dira, txupinera guztiak egon baitira prest.

Xabi Aburruzaga trikitilariarekin poteoan ibili ondoren, bazkalordua iritsi zaie. Txupineraren kargua konpartsen artean txandakatzen dute, eta, ohiturari jarraituz, aurreko urtekoaren txosnan egin dute gaur bazkaria. Aurten, Aixeberrin.

«Pena da, pregoilariak ez baikara biltzen», adierazi du Bea Sever pregoilariak, inbidiaz. Baina ez da ezkorra: «Aste Nagusiaren aurretik pregoilari ohi batzuekin harremanetan izan naiz, eta, agian, egunen batean gu ere bilduko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.