Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari berriak

Lehenengo amodioaren gazi-gozoak

Suzanne Lindonen lehenengo filma da 16 printemps. BERRIA.
Amaia Garcia.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'16 printemps'

Zuzendaria: Suzanne Lindon.Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 74minutu

Suzanne Lindon zuzendari eta aktorearen lehen lana dugu Zuzendari Berriak sailean aurkeztutako 16 printemps. Pertsonaia protagonista ere Suzanne deitzen da, eta agian autobiografikoa izan daiteke lana. Gaur egun, zuzendariak 20 urte ditu, eta duela bost hasi zen lan hau prestatzen. Hamasei udaberri dituen gazte hau bere etxetik gertu dagoen antzoki batean lan egiten duen aktore batez maitemintzen da, eta horrek sortzen dizkion sentimenduak helarazten ditu filmean.

Pertsonaiak ikuspuntu nahiko naifa du harremanen eta bizitzaren inguruan. Bere klaseko lagunekin aspertu egiten da, bere ahizparekin harreman gutxi du, eta bere gurasoekin duena nahiko bitxia da. Bere sentimenduak modu nahiko hotz eta arraroan erakusten ditu. Maitemintzen denean ere, bere sentimenduak erakutsi ordez, dantzaren bidez adierazten ditu.

Raphaelek 35 urte ditu eta Suzannez maitemintzen da. Aktorea da, eta badirudi bere bizitzan egiten duena ez zaiola asko gustatzen. Errutinan sartua dago, eta Suzanne ezagutzeak bizitza zertxobait aldatuko dio. Beraien arteko erlazioa ez da pasionala, baina elkar maite dute. Suzannek oraindik ez daki zer egin bizi dituen sentimendu horiekin, eta Raphael zuhurra da egoera horrekin.

Lindonek eraikitako maitasun istorio honekin konektatzeaez da batere erraza, batez ere protagonistek beren sentimenduak adierazteko duten beldurraren ondorioz. Enpatia gutxi sentitu dut biengan, eta istorio nahiko xume eta pobrea iruditu zait.

Filmak duen balioa argazkigintzan eta paisaian du gakoa. Parisko kale ezezagunak ikusten dira, eta planoetan sortzen diren koloreak oso ondo aukeratuak daude. Zuzendari frantses honen lehenengo lana hasiera bat bestetik izatea espero dut, eta hurrengorako beste mota bateko istorio bat kontatu nahi izatea albiste ona izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.