Langabeziaren bilakaera. Abuztuko emaitzak. Luisa Oleaga. EGK-ko enplegu teknikaria

«Lan merkatuak zailtasunak ematen ditu bizitza proiektu duina sortzeko»

Ivan Santamaria.
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Luisa Oleaga (1994, Durango) enpleguko teknikaria da EGK Euskadiko Gazte Kontseiluan. Lanbideren txostenaren emaitzak ikusita, gazteen parte hartze handiagoa eskatu du enplegu politikak diseinatzerakoan.

Asko hitz egiten da krisia atzean utzi izanari buruz. Gazteak parte izan dira enpleguaren hobekuntza horretan?

Aipatzen da egoera hobea dela, lanpostuak sortzen direla, baina agian galdetu beharko genuke zer den egoera hobetzea. Lanpostu gehiago sortzea kalitateko lanpostuak izan barik? Hau da, azkenaldian gertatzen ari dena da lanpostuak sortzen ari direla, baina ez baldintza duinekin. Gazte bakoitzak hiru kontratu sinatzen ditu urtean, eta gehienak behin-behinekoak dira, partzialak.

Zer kezka dituzte gazteek lan merkatuari buruz?

Lanbidek egin duen txosteneanaipatzen da gazteek lan merkatuan topatzen duten ezintasunaren ondorioz ikasketak luzatzea erabakitzen dutela, gehiago hezteko. Horrek, aldi berean, dena atzeratzen du: diru propioa izatea, emantzipazioa, haurrak izateko aukera. Finean, lan merkatuak oraintxe bertan zailtasunak ematen dizkigu gazteoi bizitza proiektu duina sortzeko, eta are gehiago emakumeen kasuan, zapalkuntza bikoitza dela medio.

Merkatua prest dago ikasketak amaitzen dituzten gazte horiek barneratzeko?

Badago harreman bat ikasketa maila altuagoekin eta lan merkatuak eskaintzen dituen aukeren artean. EGKtik sakonago aztertu beharko genuke alor hori. Nahiz eta goi mailako ikasketak izan, nahiz eta aukera gehiago izan, egia da merkatuak ez duela behar bezala erantzuten. Are gehiago,emakumeak dira goi mailako ikasketak dituztenen gehienak, eta gero ez da hori islatzen lanpostuetan.

Lanbidek egindako azterketan, langabe gazteen ia erdia ez dago ezta Lanbiden erroldatuta. Ez al dago konfiantzarik tresna ofizialetan lana bilatzeko?

Gu ere harritu gara datu horrekin. Interpretatzeko eta ondo aztertzeko denbora beharko dugu.

Lehen aukera bezalako programak martxan jarri dira laneratzea errazteko; gazte bermeari buruz ere hitz egiten da. Eraginik izan al dute politika publiko horiek gazteen enpleguan?

Gazteei bideratutako politikak egin behar dira, hori argi dago. Gazteen problematika horri irtenbide bat eman behar zaiola ere argi dago. Emaitzak ematen dituzte, hala ere; lanean jarraitu beharra dago, eta ezinbestekoa litzateke bermatzea gazteok ahotsa izango dugula horrelako politikak garatzerakoan, bai diseinuan, bai garapenean. Aldi berean, ikuskaritza handiagoa behar da, landutako politika horiek betetzen direla bermatzeko. Ebaluazioan ere gazteok parte hartzea sustatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.