Albistea entzun

Koronabirusa

Osakidetzak kontaktu estu zaurgarriei soilik egingo dizkie testak

Positibo bakan batzuen jarraipena baino ez dute egingo. Nafarroan 31ra arte luzatu nahi dituzte neurriak. Iparraldeko eskoletan, malguago
Emakumezko bat test bat egiten, Osakidetzak irekitako guneetako batean.
Emakumezko bat test bat egiten, Osakidetzak irekitako guneetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Oihana Teyseyre Koskarat - Joxerra Senar -

2022ko urtarrilak 12

Izurria goraldian badago ere, proba gero eta gutxiago egingo dituzte. Bilakaera horretara buruz doaz Hego Euskal Herriko erakundeak, azken egunotan harturiko erabakien ondorioz. Eusko Jaurlaritza izan da azkena: herenegun jakinarazi zuenez, farmazietan erositako testetan positibo emandakoek ez diote hala direnik erran beharko Osakidetzari. Pertsona horiei, beraz, ez diete bertze testik eginen positiboa berresteko, eta ez dituzte kontuan hartuko Osakidetzak egunero ematen dituen datuetan. Jaurlaritzak bertze berritasun bat gehitu zion horri atzo: hemendik aitzina, positibo baten kontaktu estu direnek ez diote abisurik eman beharko Osakidetzari, eta ez diete erietxean probarik eginen koronabirusa duten ala ez jakiteko, baldin eta ez badira pertsona zaurgarrien multzoan sailkaturikoak: haiei bai, haiei soilik eginen diete proba.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, hain justu protokolo aldaketaren helburua da pertsona zaurgarriei ahalik eta azkarren egitea diagnostikoa —egunetako itxaron zerrenda egon da hilabeteotan—. ELA sindikatuak salatu du, ordea, baliabide faltaren ondorio dela.

Zaurgarri gisa 70 urtetik goitiko herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia dutenak, txertatu gabeak eta gaixotasun kronikoak dituztenak hartuko dituzte; erraterako, diabetikoak eta eritasun hepatikoak edo giltzurrunetakoak dituztenak. Kontaktu estua diren gainerako pertsonei sintomei «adi» egoteko eskatu die sailburuak. Farmazietan erositako testak egitea izanen da haien aukera bakarra, eta, horietan positibo emanez gero, bakartu egin beharko dute. Osakidetzak ez die jarraipenik eginen, ordea: soilik sintomak dituztenei, aparteko arta behar dutenei eta gaixo agiria behar dutenei eginen diete kasu.

Nafarroan, oraingoz, Osasunbideari abisatu egin behar zaio positibo emanez gero, eta kasu horiek kontatu egiten dituzte; baina soilik sintomak dituen jendeari egiten dizkiote probak. Ipar Euskal Herrian kontaktu estu diren guziek egin behar dute eta dezakete proba, farmazietan edo laborategietan —testak dohainik dira txertatuentzat; txertatu gabeentzat, berriz, soilik sintomak izanez gero edo kontaktua ofiziala bada—.

Bitartean, positibo kopuruak gorenetan segitzen du. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, herenegun egindako probetan 15.430 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. 36.271 proba egin zituzten guztira: egindako proba guzien %42k eman zuten positibo. Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuen hiru pertsona hil direla azken orduetan COVID-19ak jota.

Ospitaleei dagokienez, oraintxe bertan 1.038 lagun daude koronabirusagatik erietxeratuta Hegoaldean. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 174 lagun daude.

Eutsi edo aldatu

Nafarroako Gobernuak mantendu egin nahi ditu COVID-19aren aurka Eguberrietan iragarritako neurriak. Ostiralean amaitzen dira berez, baina luzatzea proposatu du gobernuak: gutxienez, urtarrilaren 31ra arte. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dago orain foru agindua.

Ipar Euskal Herrian, eskoletako protokoloa aldatu dute. Orain arte, eskolan egindako auto-probak positibo ematen bazuen, gurasoek berehala joan behar zuten ikaslearen bila. Hemendik goiti, eskola eguna bukatzea itxoiten ahalko dute gurasoek. Gainera, hurbileko kontatu izanez gero, egin beharreko hiru probak auto-probak izaten ahalko dira —orain arte lehena antigeno testa edo PCRa izan behar zen—. Farmazietan eros daitezke auto-probak urririk, eskolaren agiria erakutsita. Azkenik, lehen, umeen probak negatibo ematen zuten aldi oro, gurasoek agiri bat igorri behar zioten eskolari; orain, aski izanen da agiri bakarra bidaltzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara aurrera, milaka lagun Donostian euskararen alde

Milaka lagunek Donostiako kaleak hartu dituzte euskararen alde

Julen Aperribai

Ohikoan baino nabarmen handiagoa izan da gazteen presentzia, manifestazioan zein aldarrikapenetan. Euskal Herrian euskaraz bizitzeko dauden oztopoengatik «kezka» agertu dute antolatzaileek

Plaka, kenduta, Donostiako Gaskonia plazan. ©Joseba Alvarez

Txillardegi omentzeko plaka kendu dute Donostiako Gaskonia plazatik

Berria

Txillardegi Plaza zioen plakak hiru urte zeramatzan jarrita, 2019an Txillardegi Liburutegia ekimenak jarri zuenetik.

 ©JON URBE / FOKU

«Feminismoaren zati batek amatasunaren biologia ukatu du»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Lagoma Pombarrek eta Fernandez Maritxalarrek 11 amaren eta bi aitaren bizipenak bildu dituzte 'M ama* eme* ume*' liburuan. Uste dute guziek «arrakalatzen» dituztela amatasunaren instituzioak «inposatutako» ereduak.
UEUko zuzendariak omendu zituzten, UEUko kide guziei emandako omenaldi gisa. ©BOB EDME

Euskal unibertsitatea obretan, baina irekia

Ekhi Erremundegi Beloki

Udako Euskal Unibertsitateen 50. urteurrena ospatu dute Miarritzen, aurtengo ikastaroei hasiera emateko ekitaldian. Urteetan UEU egin dutenak omentzeko eta etorkizunerako erronkez mintzatzeko aukera izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...