Esklaboekin batera bizitzen

Kontzentrazio eremuetako presoak herri lanak egitera bidaltzen zituzten. Batzuetan, etxeetan eta baserrietan izan zituzten, edo, bestela, herritik gertuko barrakoietan.
Preso batzuk agur faxista egitera behartuta, Irungo kontzentrazio eremuan.
Preso batzuk agur faxista egitera behartuta, Irungo kontzentrazio eremuan. BERRIA

Jokin Sagarzazu -

2019ko ekainak 25
Lur azpian gordetzen ziren arratoiak. Egun batean, erabaki zuten egurrak kentzea, eta handik atera ahala hartzen zituzten. Batek hanka tartetik ihes egin zien, eta Corella deituriko batek hartu zuen. Hozka egin zion eskuan, eta hark arratoiari buruan, krak-krak, hil zuen arte; hura ere kalderura. Egun horretan horixe jan zuten». Bere begiekin ikusi zuen hori Mikel Salaberriak, haur koskorra zela, Lezon (Gipuzkoa), gerra amaitu berritan, 1940an.

Kaskoan bizi zen orduan, osabarenean: Elias Salaberria margolariaren etxean. Haren sotoan, besteenetan bezala, hainbat pertsona zeuzkaten, militarrek zainduta. Herrian 2.000 biztanle ziren, eta beste 3.000 bat jaso zituzten 1939tik 1946ra, hiru taldetan. Hasieran, etxeetan izan zituzten. «Herriko emakumeek garbitzen zizkieten arropak, ur berotan, eta orduan ikusten genituen zorriak saltoka, zientoka, arropetatik ihesean». Plazan zigortzen zituzten, herritar guztien aurrean. Mezara eramaten zituzten. Elkarrekin bizi ziren. Frankismoaren printzipioen uztarpean. «Bikote batzuk sortu ziren».

Preso horiek Lezora bidali zituzten herri lan batzuk egitera. Hasieran, kaiko moila txikikoetara. Gero, Jaizkibelgo errepidera (egungo GI-3449). «Gurdiek egindako bide zuloetan egiten zuten lo, baina gutxi iraun zuten, bolada hartan euri pila egin zuelako eta asko gaixotu zirelako».

Azkenean, barrakoietan sartu zituzten, «hesituta eta zentinelekin». Lau multzo egon ziren Jaizkibelen, eta horietan izan zituzten bost urtez. Noizean behin tiroak entzun zituzten, ihes egiten saiatzen zirenak gelditzeko. Hala hildako hiru zenbatu dituzte. Lanean hildakoak, lau, gutxienez.

«Ordurako baserrira igoa nintzen [Martizkonera], eta hemen hurbil bi barrakoi zeuden: 900 lagun inguru. Lanetik bueltatzen zirenean-eta, hutsik uzten ziguten baratzea; gosez hilda zeuden». Baina umorerik ez zuten falta, Salaberriak dioenez. «Dena entzuten zen baserritik. Igandeetan, abestu egiten zuten; igandeetan soilik. Hori errespetatzen zieten».

«Denetatik» pasatu zen Lezotik; bereziki, kontzentrazio eremuetatik lan batailoietara bidalitakoak. Irundik batzuk, eta ezagunak ere bai: Marcelino Camacho, Luis Ortiz Alfau, Iñaki Eizmendi Basarri... «Guk bizkaitar batzuk genituen osabarenean: Lavin, Dimas Agirre... Gogoratzen dut katarroa kentzeko gorputz osoa asunez igurtzi zutela. Ez genituen gehiago ikusi».

«Batzuk ondo-ondo jantzita iristen ziren, beroki eta maleta eleganteekin; ez ziren militarrak, haiek ere trabajadoriak ziren». Izen horrekin ezagutzen zituzten herrian. Baina, izatez, presoak ziren, asko epaitu gabeak: desafektoak, susmagarriak, errepublikaren garaian soldaduska egindakoak eta frankistekin berriz egitera behartutakoak, besteak beste.

«Hemengoa de facto kontzentrazio eremu bat izan zen», azaldu du Joxe Luix Agirretxe Etxetxo elkarteko kideak. Sasitan egon diren barrakoiak azaleratzen aritu dira azken urteetan. Baita han egondakoen izenak ere; 1.500 lagunenak dituzte, gehienak Errenteriako eta Pasaiako udalean aurkituak, han erroldatzen baitzituzten. Dokumentazio ofizial gutxi lortu dute. Eta testigantzak dituzte iturri nagusia. Salaberriarena bezalakoak.

Lanak ez zituen aske egin

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna