Fosil arteko zientzialari gazteak

Zarautzen biltzar bat egingo dute heldu den astean paleontologo gazteek; gaia ikuskera askotatik landu nahi dute, ikerketan hasi berri direnentzat bultzada bat izateko. EHUko ikertzaile talde batek urtebete darama topaketa antolatzen.

Biltzarreko hainbat antolatzaile EHUren Leioako campusean, aste honetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
Leioa
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bakoitzak bere istorioa du. Fosilen inguruko ikerketara, paleontologiara bultzatu zituen motibo bat. Andrea Garcia Sagastibeltzak biologia ikasketak ditu, eta doktoregoko bigarren urtean dago. «Karrera hasi nuenean, ez nuen uste mundu honetan amaituko nuenik, baina ikasturte batean giza hezurrei buruzko ikasgai bat izan nuen, eta izugarri deigarria iruditu zitzaidan; egun, alor horretan dihardut». Oscar Bonilla ozeanologoa da ikasketaz, eta hirugarren urtea du doktoregoan. «Beti erakarri nau itsasoak: Kretazeo aroko koralak ikertzen ditut». Leire Perales Gogenola biologoa da. «Beti ikasi nahi izan nuen biologia, eta biokimikara jotzea zen nire lehenengo asmoa. Ezetz ikusi nuen, ordea, eta ez nekien ongi zer egin. Hautazko ikasgai gisara hautatu nuen paleontologia, eta, hara, maitemintzearen antzeko zerbait izan zen. Doktoregoko bigarren urtean ari naiz: Eozenoko zaldien hortzak ikertzen ditut». Aitziber Suarez Bilbao geologoa da, eta doktoregoko azken urtean dago. «Ornodun txikiak aztertzen ditut: Goi Pleistozenoko narrastiak, sagutxoak, anfibioak, satorrak... Umea nintzenetik erakarri ninduen paleontologiak; beti iruditu zitzaidan interesgarria iragana nolakoa zen jakitea». Roi Silva Casal geologoa da, eta doktoregoa amaitu berri du. Estratigrafia du ardatz: arrokak aztertzen ditu, horietan iragan urrunak lagatako arrastoen bila. «Geologia ikasketak hasi nituen zer zen ongi jakin gabe. Dinosauroen mundua, horixe zen erakargarri egiten zitzaidana, karrera hasitako beste askori bezala seguruenera. Baina gero zera gertatu zitzaidan: geologiako landa lanak erakarri ninduela, batez ere».

Bostak gazteak dira, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, eta, beste hainbat kide gazterekin batera, heldu den aste honetan Zarautzen (Gipuzkoa) egingo den Paleontologiako Ikertzaile Gazteen 16. Topaketa antolatzen ari dira. Hilaren 11tik 14ra, ehun ikertzaile gazteren baino gehiagoren topalekua izango da.

Haizea Portillo Blanco da antolaketan parte hartzen ari den beste ikertzaile gazte bat. Geologoa da; doktoregoko bigarren urtean ari da. «Nire espezialitatea pixka bat urruntzen da paleontologiatik; mineralogian eta petrologian ari naiz. Erromatarren aroko burdin laginak ikertzen ditut teknika geologikoekin». Diziplina jakin batzuetara hertsi gabe, egitarau ahalik eta osoena egituratu nahi izan dute gazteek: guztien ekarpena garrantzitsua dela uste dute. Antolaketan parte hartzen ari diren ia denak dira EHUko Paleontologia eta Estratigrafia eta Minerologia eta Petrologia departamenduetako ikertzaile gazteak. Urtero toki ezberdin batean egiten da biltzarra, eta tokiko ikasleei egokitzen zaie antolatzea. EHUko ikertzaile gazteek urtebete daramate antolaketa lanetan.

Batez ere, topaketa ikerketan hasi berriak diren gazteentzako hauspo izatea nahi dute. «Kongresuetara askotan izen handiko zientzialariak joaten dira, eta horrek albo batera uzten ditu ikertzaile gazteak. Topaketa hau aukera bikaina da, ordea, hasten ari garen paleontologoentzat», adierazi du Suarezek. «Iberiar penintsula osoko ikertzaileak elkartuko gara, eta baita urrunagotik datozen batzuk ere. Kongresuak aukera ematen du bidea egiten hasteko». Aurkeztuko diren azterlan guztiak batzorde zientifiko batek ebaluatu dituela adierazi dute, eta beste edozein topaketatan izaten diren irizpide zientifikoak erabili direla. Jadanik ibilbide luzea egina duten hiru ikertzailek ere emango dituzte hitzaldiak: EHUko irakasle Estibaliz Apellanizek eta Mikel Lopez-Horguek etaCSICeko zientzialari Olga Prieto Ballesterosek.

Baina gazteak izango dira lehen lerroan. «Jendea eroso sentitzea da helburua; eroso egotea sentitzen duzulako kongresuko gainerako partaideak ere zure egoeran daudela, eta ez duzula ondoan ospe ikaragarria duen zientzialari bat», azaldu du Peralesek. «Eta denok ikastea: izan ere, jende askorentzat lehen kongresua izango da. Guretzat ere, antolatzen ari garen lehen biltzarra hauxe da. Beraz, denontzat da oso interesgarria», erantsi du Silvak. «Paleontologiaren adar askotako jendea erakarriko dugu, gainera, eta horrek bidea emango du elkarren berri izateko: harremanak lantzeko». Paleontologian bidea hasi berri dutenentzat, halaber, zein ikerketa alorretan sakondu nahi duten ebazteko topaketa lagungarria izan daitekeela uste dute.

65 euro: muga estu-estua

Kongresuak aurrez ezarritako arau gutxi dituela azaldu dute; gazteentzat da, eta gazteek antolatu behar dute. Hortik aurrera, «autogestioaren» bidez erabakitzen dira biltzar bakoitzaren ezaugarri nagusiak. Hori bai, muga estua izaten da gehienetan aurrekontua. Izen-ematea garestia izaten da kongresu askotan, eta zama gehiegizkoa ikertzaile gazteentzat. Diruagatik inor topaketan parte hartu gabe geratzerik ez dute nahi, ordea, eta horretarako egiten dute ahalegin apartekoa. «Low cost kongresu bat da hau», azaldu du Suarezek. 65 euroren truke kongresuan izena eman ahal izan dute gazteek, eta lo egiteko tokia eta otorduak barruan sartuta daude. Hori erdiesteko, hainbat erakundetara jo behar izan dute babes eske. «Eskerrak eman behar dizkiegu». Tartean daude Aranzadi elkartea, Bilboko Arkeologia Museoa eta Zarauzko Udala, besteak beste. Lan handia izan da: «Euro bakoitzari etekina atera behar izan diogu».

Euskal Herrian inoiz egin gabea zen orain arte paleontologo gazteen topaketa hau. Zarautzen egingo dute, eta aukera baliatu nahi dute kanpotik datozen ikertzaile gazteei euskal kostaldeak haien diziplinarentzat dituen harribitxiak erakusteko. Bertatik bertara. Hain zuzen, Zarautzen, Iñurritza biotopoko dunak bisitatuko dituzte; Zestoan, Ekainberriko leizeak, eta Deba-Zumaian, itsaslabarretako flyscha.

Liburu batean argitaratuko dituzte ondoren kongresuan paleontologo gazteek argitaratzen dituzten azterlanak. Izan ere, argi dute zein den ikertzaileen helburu ezinbesteko bat: «Egindakoa argitara ematea». Bulegoan hautsak jango duen lanik ez dela behar gogorarazi du Peralesek. «Egiten duguna plazaratzera behartuta gaude». Eta horretan ariko dira heldu den aste honetan. Berariaz beraientzat antolatutako foroan. «Baina ez dezagun ahantz: kongresu zientifiko bat da», azaldu du Silvak. Mundu osoko ikertzaileek osatzen dute biltzarreko batzorde zientifikoa, eta haien bermearekin ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.