Navalnik espetxe zigorra bete dezan eskatu du Errusiako Fiskaltzak

Gaur epaituko dute, eta fiskaltzak aurreratu du kartzela zigorra eskatuko duela. 5.100 lagun inguru atxilotu dituzte asteburuko protestetan

Navalniren aldeko manifestariak eta Polizia aurrez aurre, igandean, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Duela zazpi urte ezarri zioten zigor berari aurre egin beharko dio Aleksei Navalni Errusiako politikari eta oposizioko kide ezagunak haren aurka gaur egingo duten epaiketan: hiru urte eta erdiko espetxe zigor eskariari. Prebentziozko atxiloaldian dago Navalni urtarrilaren 17an Errusiara itzuli zenetik. Moskuko epaitegi batek hilabetez politikaria atxilo edukitzea agindu zuen, modu prebentiboan, eta gaur egingo dute Errusiako Gobernuaren oposizioko kiderik esanguratsuenaren egoera aztertzeko saioa, Moskun.

Fiskaltzak atzo iragarri zuen Navalni espetxeratzeko eskatuko duela epaiketan. Haren arabera, SFP Errusiako Espetxe Zerbitzu Federalak politikaria kartzatzeko egina duen eskaria «ondo arrazoituta» dago, eta «legearekin bat» dator. SFPren argudioak bere egin ditu fiskaltzak: «Aleksei Navalniren jarrera okerrak behartu zituen epaitegiei eskatzera haren zigorra bertan behera uzteko eta ebazpen judizialak esandakoa betetzeko».

2014an zigortu zuten Navalni, Yves Rocherauziarekin lotuta. Tamaina handiko iruzur bat egin izana eta dirua zuritzea egotzi zizkioten, eta hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten. Epai hori baliogabe utzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2017an, ordea, epaiketaren atzean arrazoi politikoak zeudela argudiatuta.

Hori ez zen nahikoa arrazoi izan Errusiako epaitegiek haren auzia amaitutzat emateko. Aitzitik, abendu amaieran, zigorra berrikusteko saio batera deitu zuen SDFk, eta agindu zion erakundeak Moskun duen egoitzara deklaratzera joateko. Alemanian zegoen orduan Navalni, baldintzapean aske, eta uko egin zion deklaratzera joateari. Ez zen hala egiten zuen lehen aldia, aurrez ere entzungor egina baitzion Moskuren aurrean bere egoeraren berri emateari; SDFren arabera, sei aldiz egin zion izkin lege prozesu horri iazko abuztu amaieran koman sartu zen arte —pozoitu egin zutela jakinarazi zuten Alemaniako medikuek, eta Navalnik Kremlini egotzi zion bera hiltzen saiatu izana—.

Jokabide horrengatik zigortu nahi dute orain politikaria. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak baliogabetu zuen epaia berriz aktibatu eta, are, epai irmo bihur dezake auzitegiak. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jasoko luke Navalnik kasu horretan, baina bi urte eta erdi egin beharko lituzke espetxean, bere garaian etxeko espetxealdian eman baitzuen urtebete.

5.100 atxilotu

Navalni aske uztearen aldeko protesta jendetsuak izan dira asteburuan Errusian, oposizioak gidatuta. Igandean eginiko manifestazioetan, liskarrak izan ziren manifestarien eta polizien artean, eta 5.100 lagun inguru atxilotu zituzten, OVD-info webgunearen arabera. Atxilotutakoen artean dago Navalniren emazte Julia Navanaia ere, TASS albiste agentziaren esanetan. Protestekin segituko dute gaur, epaiketaren harira.

Asteburuko mobilizazioetan Poliziak izandako jokabidea justifikatu zuen Kremlinek atzo, argudiatuta protestak ez zirela legezkoak. Gainera, Navalniren aurkakoak atzerritik gidatutako protestak direla adierazi zuen Moskuk. Mendebaldeak auzian esku hartzeko duen interesaren adibidetzat jarri zuen AEBen enbaxadak mobilizazioen ibilbidea argitaratu izana.

Oposizioko liderraren atxiloketa zeresan handia ematen ari da Errusian, eta, Mendebaldearen interesa tarteko, baita nazioartean ere. Vladimir Putinen gobernuaren aurkako sinbolo bilakatzen ari da Navalni, eta hori baliatzen ari da ideologikoki harengandik urrun egon daitezkeenak bere ingurura gerturatzeko. Liberala eta europazalea da, baina herrialdeko eskuin muturrarengandik hurbil ibilitakoa ere bada, iragan ez oso urrunean. Putinen gobernuaren ustelkeria kasuak argitara emateagatik egin da ezagun, ordea, eta horrek estali egin du, hein batean, haren aurpegirik politikoena.

Horren adibide dira asteburuan izan diren mobilizazioak. Navalniren atxiloketak hauspotuta atera ziren manifestari asko protestara, baina berdin ikus zitezkeen manifestazio berean gobernuak pandemia kudeatzeko duen moduarekin kritikoak direnak, gobernua autoritariotzat dutenak eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldekoak. Finean, Navalnik lortu du gobernuaren aurkakoak bere aldeko bihurtzea, edo, behinik behin, Kremlinekin kritikoak direnen lidergoa eramatea oraintxe bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.