Eibarrek ez du berriro ezustekorik izan nahi estreinako aldian

Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Oraingoan azti ibili nahi du Eibarrek. Badaki zer den lehendabiziko jardunaldian galtzea talde igo berri baten aurka, eta inolaz ere ez du nahi halakorik berriz gertatzea. Iaz, Huesca igo berriak irabazi egin zion estreinako neurketan, Ipuruan. Gaur, Mallorca izango du arerio, eta Jose Luis Mendilibarren taldeak tentuz aritu nahi du Son Moixen.

Zaldibarko entrenatzaileak uste du bere taldea «ondo prestatuta» iritsiko dela liga hasierara, baina konfiantza gehiegi izanez gero emaitza txarra izan lezaketela iragarri du: «Ondo entrenatu gara, baina ikusi egin beharko da gero zer gertatzen den». Huescaren aurka jazotakoa ekarri du gogora, eta «intentsitatea» eskatu die bere jokalariei: «Mallorcak ilusio handia izango du, eta zaleen babesa».

Hain zuzen, zaleen babesean aritu dira ondoen balearrak, 2019 osoan ez baitute partidarik galdu etxean. Klubak salgai jarritako 16.125 abonamenduek badute jabea, eta indargune hori bere eginda jarraitu nahi du hastear den sasoian ere.

Bi taldeek lehen aldiz neurtuko dituzte indarrak gorengo mailan. Aurrez, hamalau aldiz jokatu dute elkarren aurka,eta gutxitan irabazi du Eibarrek. Duela sei urte neurtu zituzten indarrak azken aldiz; Eibar izan zen nagusi. Berriro irabazi nahi du gaur.

MALLORCA-EIBAR

Mallorca. Reina; Joan Sastre, Valjent, Raillo, Lumor; Dani Rodriguez, Baba, Salva Sevilla, Febas; Lago Junior eta Budimir.

Eibar.Dmitrovic; Tejero, Ramis, Oliveira, Arbilla; Pedro Leon, Edu

Exposito, Escalante, Orellana;Enrich eta Kike Garcia.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Son Moix (23.142 ikusle).

Ordua. 20:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.