Espanyol 1-0 Eibar

Azkar ibili, eta bidean geratu

Eibarri Espanyolen zelaian eten zaio bolada ona, mendean izateko partida zail bat galduta. Izan ez den korner batean sartu diote gola

Eibarreko Anaitz Arbilla eta Espanyoleko Sergio Garcia, lurrean lehian, atzoko partidan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Hermosok (68. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Espanyoleko S. Garcia eta Baptistaori; eta Eibarreko Jordan eta Bigasi. Bestelakoak. 13.547 ikusle RCDE Stadium zelaian.

Bizi eta azkar jokatzea ona izaten da futbolean, norbere taldearen mesederako bada. Atsegin du erritmo handian jokatzea Eibarrek, eta eroso moldatu ohi da. Baina aurkariak ere badakienean bizi eta azkar jokatzen, ez da samurra izaten halako abiaduran jokatzea. Atzo, Eibarrek hori jasan zuen Espanyolen aurka, haren zelaian. Galdu, ez zuen galdu azkar jokatzen dutelako bi taldeek, baina asko kosta izan zitzaion partida mendean izatea ohi bezala jokatuz. Soilik lehen zatiaren bigarren erdian nagusitu ziren Mendilibarrenak.

Ez zion, baina, inolako etekinik atera baloiaren jabetza horri, eta, gainera, izu antzean ibili behar izan zuen, Espanyolek erakutsi baitzion partidaren hasieran oso arriskutsua dela kontraerasoan jokatzen. Behintzat, armaginek lortu zuten partidaren erritmo biziegia moteltzea, eta etxekoek ere ez zizkioten aukerak egin 25. minututik aurrera.

Behar zuen Mendilibarren taldeak sosegu pixka bat, aurreneko hogei minutuetan sarriegi hautsi zelako taldea zelaiaren erdian, sekulako zuloak utziz presioa erabiltzen zuenean. Aurreneko hamar minutuetan, aukerak izan zituzten Baptistaok, Piattik eta Darderrek, baina azken bien kasuan, erne ibili zen Dmitrovic. Ez zen egoera erosoa Eibarrentzat, oso bizi zihoalako jokoa, eta halakoetan oso zaila delako taldea ez haustea eta okerrik ez egitea.

Sosegatu zen halako batean jokoaren zoramena, eta atsedenaldira berdinduta joatea emaitza ona zen Eibarrentzat, ikusitakoak ikusita. Cucurella debutariak baloia kanpora bota zuen area kanpotik 33. minutuan, eta hamar lehenago Orellanak egin zuen antzeko zerbait, kontraeraso batean,area txikiko jaurtiketan.

Aukera onenak, etxekoek

Bigarren zatiaren hasieran, Cardonak izan zuen aukera, baina jaurtiketa Diego Lopezek urrundu zion, eta, hortik aurrera, berriz ere Espanyolen aukerak etorri ziren. Bigasek ondo kendu zion baloia Sergio Garciari area barruan, 55. minutuan, atera zihoala bakarrik, eta 62.ean, Piattiren errematea Eibarreko atezain serbiarrak geratu zuen. Gaizki zebilen Eibar une horretan, baloiaren jabe etxekoak zirelako, eta armaginak bere zelaian sartuta zeudelako, goian presioa egin ezinda.

Pixkanaka, baina, berdindu egin zen lehia, etxekoen gola etorri zen arte. Izan ez zen korner bateko bigarren jokaldian, Hermosok buruz sartu zuen gola, 68. minutuan. Eibarri eman zion baloia Espanyolek azkenera arte, baina ezin aukerarik sortu. Penaltia eskatu zuten eibartarrek azken unean, baina epaileak ez zuen adierazi, eta hor joan zen partida. Eten zaio, hortaz, hiru partidako bolada ona Eibarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.