Xabier Gantzarain izango da Arteleku zentroko koordinatzaile artistikoa

Arte kritikariak aurkeztutako proiektua hautatu du Adelina Moya, Peio Agirre, Txomin Badiola eta Idoia Zabaletak osatutako epaimahaiak
Xabier Gantzarain, Artelekuko koordinatzaile artistikoa.
Xabier Gantzarain, Artelekuko koordinatzaile artistikoa. RAUL BOGAJO / ARP

Iñigo Astiz -

2014ko uztailak 5
Egoitza berrian proiektu zaharraren espiritua berreskuratzea. Erronka hori izango du Xabier Gantzarain arte kritikari eta idazleak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975). Bera izango da Artelekuren koordinatzaile artistikoa, zentroak Donostiako Santa Teresa komentuan hasiko duen fase berrian. Orain hilabete batzuk egin zuen deialdi publikoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gantzarainek aurkeztutakoa izan da epaimahaiaren ustez lanik onena. Adelina Moya, Peio Agirre, Txomin Badiola eta Idoia Zabaleta artistek egin dute hautaketa.

Eskola esperimental baten egitekoa betetzea eta praxi artistikotik abiatutako prestakuntza eskaintzea. Bi ezaugarri horiek bete behar zituen proiektuak deialdi publikoan zehaztutakoaren arabera, eta, aurkeztu diren lanen artean, Gantzarainen proiektuak bete ditu baldintza horiek hobekien, epaimahaiaren arabera. Programazioa osatu gabe dute oraindik, baina, besteak beste, zentroan lan egin ahal izateko aukera eskaintzeko deialdi irekiak egitea eta mintegiak eskaintzea da asmoa. Artista bilakatu nahi dute protagonista, eta hezkuntza akademikoaz bestelakoa da Artelekuk egin nahi duen eskaintza. «Desakademia» terminoa aipatzen du, adibidez, Gantzarainek bere proiektuan.

«Asmo deklarazio moduko bat» da lehiaketara aurkeztutako proiektua, Gantzarainen hitzetan, eta hori finduz joatea eta egitaraua osatzen eta zehazten aritzea da orain burutan duena. «Horretarako asmoa, gogoa eta beharra daukat», azaldu du. Proiektuan planteatutako ideiak zehatz nola mamitu lantzea da, beraz, haren ideia.

Ekainetik eraikin berrian

Hilabeteotan Donostiako Txomin-Enea auzoko eraikina utzi, eta Santa Teresa komentura eraman dituzte Artelekuko material guztiak, eta ekainaren erdialdetik martxan da arte fabrika. Hasiak dira langileak eta artistak lanean, eta, orain, Gantzarainen egitekoa izango da etorkizunean zentroaren egoitza berrian egingo direnak diseinatzea eta koordinatzea .

Arte Ederretan lizentziaduna da Gantzarain, eta arte kritika lanetan ibilia da, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. Horretaz gain, bi liburu ere argitaratuak ditu: Van Gogh, bihotzean eguzkia (2002, Txalaparta) eta Epelde, mende baten soinua (2004, Trikitixa Elkartea). 2012an, Euskal Herriko historia hurbila aztertzeko Tene Mujika beka jaso zuen, eta bidean du beste lan bat ere, hirugarrena. Begia artegintzaren eta historiaren bidegurutzean jartzea da idazlearen asmoa, eta hainbat arte lan garaikide baliatuko ditu horretarako liburu horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna