Leonor Espinosa. Sukaldaria

«Biokultura eta biodibertsitatea transmititzen ahalegintzen naiz sukaldean»

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Kolonbiako sukaldari bat da Leonor Espinosa (Bogota, Kolonbia, 1963), baina sariak jaso ditu mundu osoan.

Bi jatetxe dituzu; nola definituko zenuke bakoitza?

Leo jatetxearen kasuan, Kolonbiako sukaldaritza eraldatzen dugu; promesezko espezie biologikoak erabiltzen ditugu, eta Kolonbiako sukaldaritzari eusten diogu. Misia jatetxean, tradizioa da nagusi: keinu bat, Kolonbiako sukaldaritza eta ondareari.

Zer balio transmititzen ditu zure sukaldaritzak?

Nire sukaldaritzaren bitartez biodibertsitatea eta biokultura transmititzen ahalegintzen naiz. Indarkeria eta gatazka eremu diren lurraldeak lotzen ere saiatzen naiz, hein batean, eremu horiek konektatu eta elikagaien bitartez ikusgarri egiteko.

Tradizioa garrantzitsua da zure ibilbidean, ezta?

Bai, noski. Aurrera egiteko eta bilakaera bat egoteko ezinbestekoa da aurretiaz tradizioa ezagutzea. Bilakaeraren oinarrian eta lan prozesu guztiaren oinarrian ikerketa dago, eta promesezko espezie biologiko horiek ere ikerketaren parte dira.

Emakumea zara sukaldaritzaren munduan, nola bizi duzu hori?

Generoak ez du inporta; jarrera da gakoa. Maite duzun hori egiten duzunean, munduari erakutsi nahi diozunean eta balio baztertzaile horiek alde batera uztean, ez dago oztoporik. Aitortza sentitu dut, eta asko eskertzen dut.

Sari asko jaso dituzu. Izan dute eraginik?

Sariak aurrera bidean jarraitzeko pizgarriak dira; aurrera egiteko kemena ematen dizute, baina ez dute bizitza hainbeste markatzen; izan ere, sariek apaltasunaren eta bizitzaren xalotasunaren balioak distortsionatu ditzakete.

Duela bi urte, Basque Culinary World Prize saria eman zizuten. Nola jaso zenuen albistea?

Hamahiru urte daramatzagu fundazioarekin lanean, eta, hamahiru urte horietan, gobernuak eta enpresa pribatuek ez zuten ulertzen ekonomia garapenerako faktore izan zitekeela. Sari honek koherentziaren eta kohesio sozialaren kontzientzia hori pizten lagundu zuen.

Ametsik edo etorkizuneko proiekturik?

Ametsak egunero betetzen ditut, goizean goiz esnatzen naizenetik oheratzen naizen arte. Proiektuei dagokienez, egitasmo asko ditugu fundazioarekin, indarkeria eta gatazka ugari jasaten ari diren komunitateetan garapena sortzen eta sustatzen dihardugu. Bestelako ametsak denborarekin etortzen dira; oharkabean dimentsionatzen eta gauzatzen dira. Nahiago dut etorkizunean ez pentsatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.