Laboaz besteko 'Lekeitioak'

Konposizio esperimentalak abiapuntu hartuta, hizkuntzaren gainean hausnartzen duten askotariko artelanak jaso dituzte Tabakaleran. Ekoizpen berriak sustatu dituzte, historikoak biltzeaz gainera

Josu Bilbao artistaren Sarà-sarà izeneko eskultura. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Mikel Laboaren lanak hiru bide nagusi ditu, oro har: kanta tradizionalak berreskuratzea, poeta garaikideen hitzak musikatzea eta esperimentazioa. Hirugarrenaren adierazle nabarmenena da Lekeitioak sorta, herri kulturaren eta abangoardiaren arteko mugak bihurritzetik sortutako konposizioz osatua. Horiek abiapuntutzat hartuta, Komunikazio-inkomunikazio izeneko erakusketa bat zabaldu dute Donostiako Tabakalera zentroan. Hainbat artistak Lekeitioen atzean gordetzen diren ideiak landu dituzte, arte garaikidetik. Atzo aurkeztu zuten, eta abuztuaren 29ra arte egongo da zabalik eraikineko erakusketa areto nagusian.

Lekeitioez hitz egiteko, kontzeptuen artean aldaroka aritu dira erakusketaren antolatzaileak, hiztegiari bi aldetatik tiraka, oreka bihurri bat iradokiz: herrikoia eta elitista, gertukoa eta ezezaguna, ulerterraza eta ulertezina, komunikazioa eta inkomunikazioa. Izan ere, bitasuna da erakusketaren bereizgarrietako bat, eta areto nagusian ere antzematen da hori, gunea bera bi zatitan baitago banatuta. Erakusketaren tesi nagusietako bat da, ordea, alde horiek bereizi ezinezkoak direla.

Muga horien arteko gune zabala esploratu dute hainbat artistak, hitzaren, irudiaren eta soinuaren bidez. Artxiboetatik hartutako material historikoarekin jantzi dute erakusketa, baina berebiziko garrantzia eman diete Tabakalerak bultzatu dituen ekoizpen berriei. Honako artista hauek sortu dituzte lanak propio erakusketarako: Zbynek Baladranek; Kimia Kamvarik eta Nader Koochakik; Asier Mendizabalek; Maria Salgadok eta Fran MM Cabeza de Vacak; eta Amaia Urrak.

Horiez gain, erakusketa osatzen dute Lawrence Abu Hamdan, John Akomfrah, Vicente Ameztoi, Joxean Artze, Tarek Atoui, Txomin Badiola, Josu Bilbao, Fernand Deligny, Peter Friedl, Dora Garcia, Francisco de Goya, Susan Hiller, Carsten Holler eta Philippe Parreno, Louise Lawler, Erlea Maneros Zabala, Jon Mantzisidor, Remigio Mendiburu, Itziar Okariz, Pauline Oliveros, Olatz Otalora, Lisa Tan, Jose Mari Zabala eta Jose Luis Zumeta artisten lanek.

Erakusketa aretoko piezak sei ataletan banatu dituzte, gaiaren arabera. Hizkuntzaren gainean egiten dute gogoeta, askotariko ikuspuntuetatik: identitatearekin, denborarekin eta pentsamenduarekin lotu dute, besteak beste. Erakusketak badu epilogo bat ere, Lau Pareta izeneko aretoan: Antigonak / Lekeitioak. The Living Theatrek Bertolt Brechten Antigona lanarekin egindako emanaldi batzuetatik hasita, behin eta berriz itzultzen diren gai eta gatazka batzuei buruzko hausnarketak bildu dituzte han.

Erakusketa programa publiko batekin osatu dute. Uztailaren 7tik 10era, Ezbaikaria izeneko mintegi bat egingo dute, San Telmo museoarekin elkarlanean. Hainbat hizlari arituko dira Laboaren unibertsoari buruz. Bestalde, udan, Lekeitioak aditzeko entzunaldiak antolatuko dituzte Tabakalerako zineman, Musika Hamabostaldiarekin batera.

Erakusketaren komisarioa Oier Etxeberria da, Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduraduna. Gainera, berak lantalde bat osatu zuen proiektua lantzeko eta ikerketa arlo oso bat martxan jartzeko. Itxaro Borda, Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio aritu dira horretan. Joan den martxoan, Non dago Lekeitio? izeneko mintegi bat egin zuten Tabakaleran, Hizketaldi Handia esaten dioten saio bat, erakusketaren atarikoa.

Erakusketaren atzeko asmoetan eta gogoetetan sakontzeko asmoz, BERRIAk Erkiziarekin, Etxeberriarekin eta Salgado artistarekin hitz egin du. Proiektuari ekiteko, Etxeberriak identifikatuta zituen Lekeitioak lanerako eremu interesgarri gisa; gaur egundik begiratu nahi zien 1960ko eta 1970eko hamarkadetako euskal kulturaren suspertzean gertatutako astindu eta berrikusketa guztiei: «Hori lantzeko ez dago ezer hoberik, eta horren gutxi aztertutakorik, Laboaren Lekeitioak baino», azaldu du.

Bere garaian, askok ez zien estimu handirik pieza horiei, eta ohiko erreakzioa zen esatea: «Tira, hasi da Laboa bere gauza arraroekin», Etxeberriaren hitzetan. Hala ere, berebiziko garrantzia eta indarra dute harentzat: «Orain entzuten dituzu, eta, arraioa, oraindik ere ez dira digeritzen errazak; esperientzia bat da, interpretazioak irekitzen dizkizuna: zer ari naiz entzuten? Nola kantatzen du? Nola jotzen du gitarra? Ematen du mailuka ari dela... Berezia da, eta entzule bat sortzen du aldiro».

Hizkuntza eta gerra

«Laboa ahotan dugunean, burura etortzen zaizkigu modernismoa, abangoardia eta horrelakoak, eta hori, hain xuxen, Lekeitioengatik da», Erkiziaren ustez. Laboak kantei emandako trataerak ere egiten ditu berezi, harentzat: «Ez du banaketarik egiten; ez ditu argitaratzen konposizio hauek modu batean eta beste kantuak bestean: hor dago haren proposamenaren ausardia».

Gaur egundik begiratuta, zenbait galdera sortzen zaizkio Erkiziari: «Zer entzun dezake hor Laboa nor izan zen ez dakien batek? Zer geratzen da bizirik konposizio horietan gaur egun oraindik jakin-mina piztu ahal izateko? Milaka erantzun daude, eta hori da gauza ederrenetako bat, zer ugaritasun gordetzen dituen».

Lekeitioetatik bi adar atera ditu Etxeberriak: alde batetik, hizkuntzarekiko maitasuna, Lekeitioko hizkerarekikoa; eta, bestetik, gerraren agertoki dramatikoa, Gernikako bonbardaketaren lekukotasuna jasotzeraino. «Hizkuntza eta gerra. Hizkuntzaz hausnartzea gerraz hausnartzea da; gatazkaz, indarkeriaz». Ideia horrek garrantzi handia du erakusketan, eta Artzeren Isturitzetik Tolosan barru lanarekin azaldu du: «Ez gerra indarkeria fisikoaren zentzuan soilik, baizik eta hizkuntza behartzea munduarekiko jarrera kritiko baten gisa. Kritikoa izan nahi baduzu, hizkuntza tenkatu beharra dago, hizkuntzak mundua eraikitzen duelako, eta deseraiki ere bai».

Hizkuntzarekin lan egiten du, hain justu, Salgadok. Eta «kanpotik» iritsi da erakusketara: «Euskararen kanpotik eta Laboaren kanpotik». Soinu pieza bat sortu du Fran MM Cabeza de Vaca artistarekin, Tabakaleran egindako egonaldi batean ondua. Hizkuntza landu dute material gisa, «ezinbestean, ez zentzuari lotuta». 48 minutuko pieza zirkular bat sortu dute: hitzak entzuten dira, aurrez «gustu batekin eta bitxitasun batekin» aukeratutako ehunka hitz, eta etenak daude, tonua, frekuentzia eta abiadura nahasten direlako grabazioan. Hizkuntza eskuratzeko prozesua azaltzetik hasi zuten proiektua: «Ezinezkoa da ahaztutako une bat gogoratzea; poesia eta musika dira bide bakarra». Bidean, hainbat hausnarketarekin lotu dute lana: «Komunikazioren unea fikzio bat da; uste dugu gauza bera esaten dugula, baina beti dago ezberdina den zerbait».

Oinak orainean

Etxeberriak azaldu du Lekeitioak «lan tresna» gisa erabili dituztela, zerbait berria sortzeko. Bide horretan, euskal artistek hartu dute parte, eta atzerrikoek ere bai, baina guztia «arroztuta» dago, nolanahi ere. Inportantea iruditzen zaio euskal tradizio artistikoari «afektutik, hurbiletik, zaintzatik» heltzeko joera baztertzea eta interpretazioen eremua zabaltzea. «'Gustatzen zait identifikatzen naizelako' horrek kalte besterik ez du egiten; kultura bat errepikakor bihurtzen du, agortzera bultzatu».

Erkiziak argi du erakusketaren asmoa ez dela aldarrikapen bat egitea, ez dutela nahi «nostalgiarik eta memorabiliarik». Gaur egundik hitz egiteko gogoa da nagusi, iraganari begiratu arren: «Lan horretatik abiatuta, ikus dezagun zenbateraino gordetzen den sinbologia hori, gaur egungo kezkak eta horiei aurre egiteko modua berdinak ote diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.