'Arrotz eta eder'

Nitasunaren ifrentzuak

Egilea: Pako Aristi. Argitaletxea: Susa.

2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zer jakin nahi dut nitaz? Dena? / Ala bizitza gehiegi / eskastuko ez didan / informazio galbahe bat aski?», dio Pako Aristik (Urrestilla, 1963) Selfie izenburuko poeman, Arrotz eta eder (Susa, 2016) bere azken liburuan. Nitasunaren ifrentzu den besteaz mintzo da. Iruzkintzen ari garen liburu honetan, ordea, Aristik dena jakin nahi du, bizitzak ematen dion soseguak eta ezinegonak akuilatuta, bizitzaz, bere buruaz, eta besteek sortzen dizkioten urradurez eta plazeraz dihardu.

Poesiarik argitara eman gabe 11 urte eman ondoren, Urari ostutako poemak (Susa, 2014) liburuan ekindako bideari eutsi dio berriro ere Urrestillakoak: esentzia (izpirituaz harago) pertsonalaren arakatze prozesuan murgildu du bere burua eta bere poesia, gizartearekiko hausturetan sakonduz eta berezkoa duen bide propioa eraikiz. Aurreneko liburuan zenbait poema umotu gabeak begitandu bazitzaizkidan ere, oraingo honetan Aristik asmatu egin duelakoan nago, poesian ere asmatzeak garrantzia baitu, eta ez da beti lortzen.

Liburua zazpi ataletan banatuta dago, oso bestelako gaien arteko uztartzearekin jarraituz: Egunsentiak, Mundura Esnatuak, Gerla Isilak, Balak eta Izarak, Arroztu Gintuztenei, Aroen Legean (hermetikoena eta enetzat gorenena) eta Soseguaren Taupadak. Poesiaren betiko gaiak eta, nola ez, «superpotentzia emozional honi» dagozkion beste batzuk ere: bizitza, heriotza, maitasuna, gorputza, sexua, gatazkaren ondorengo heroi garaituak. Aristik ondo eusten dio erritmo poetikoari, eta, noizean behin larregizko narratibitatearen urmaeletan urperatzen bada ere, ahots sendo baten jabe dela erakusten du.

Orainaren aldarean edan dezagun du guraririk sakonena poetak, guztiok edan dezagun, dena aldatu dadin eta ezer aldatu ez dadin, haren existentziak xede bakarra izan baitu. «Noiz izan gara ederrago / gaur garena baino», dio liburuari izenburua ematen dion Arrotz eta eder poema esanguratsuan, «laket bizi nahiaren adiskide».

Isiltasunaren kronika bezalako poemetan poetak gailurra jotzen du. Ahotsa eta existentzia bare direnaren seinale ezkuta-ezin bilakatzen baitira. «Hostoen dantza haizearen menera, / ba ote gauza ederragorik? / Jakin beharra al dago / hostoak haltzarenak direnik?». Bizitzak aurre hartzen dio literaturari, alta, poesiak beste zirrikitu bat eskainiko dio bizitzari berari ere, lerro gogoangarrion bidez eskaini ere: «Egon zaitez seguru / bakea dugula aiduru, / noizbait gauden lekuan / egoten ikasten badugu». Esatea erraza, egonean egotea zailago, poesiak erakutsi lezake bide iniziatikoa, apika.

Liburuak ez ditu ahazten Gure Gaiak eraginiko kalte-ordain sekundarioak edota garapenaren ondoriozko kalte sekundario krudelenak. Aristiren begirada anti-heroiari gorazarre egiteari zuzenduko zaio. Balak eta Izarak atala paratu du propio xede horretarako egileak. Distantziak ematen duen boterea lagun, gatazkaren ondorengo potreta lazgarriak marraztu dizkigu Aristik. «Agur eta ohore gudari zaharrari, / Estatuari aurre egin ondoren /zorupeko sukalde ketsuan / ogitartekoak prestatzen / dituen heroiari, / heroi orain den / ala lehen izan zen /erabakitzen duen bitartean».

Aristiren begirada poetikoak, eta politikoak, azken aldian eraso ugari jasan dituen arren, eder eta harro jardun du ahots poetikoaren berreskuratzean, artaldetik kanpo dagoen existentzia sosegatua bidaide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.