Entzule aktiboen alde

Gorka Urbizu musikariak idatzi du testu nagusia 'Jakin' aldizkariak 2019ko kultur balantzea egiteko kaleratu duen zenbakian

Gorka Urbizu musikaria Berri Txarrak taldearen agur biran. I. ZABALETA / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Berri Txarrak taldearen agurra izan da 2019ko kultur gertakari nagusietako bat, Jakin aldizkariko ordezkarien ustez, eta horregatik idatzi du Gorka Urbizuk urtearen kultur errepasoa egiten duen zenbakiko testu nagusia. Taldearen ibilbidea aletzen du testuak, eta profesionalizazioari, euskal kulturaren neurriaren ondorioei eta euskarari buruzko gogoetak ere bildu ditu. Besteak beste, euskaraz mota guztietako edukiak sortzeko beharra defendatzen du: «Entzule aktiboak behar ditu gure hizkuntzak eta horretarako denetarik behar dugu: ertza eta ertza ez dena». Urbizuz aparte, testu bana idatzi dute Alberto Barandiaranek, Miren Rubiok, Eneritz Artetxek, Beñat Gaztelumendik, Aiora Sampedrok, Leire Palaciosek, Xabier Gantzarainek, Maialen Goñik eta Libe Mimenzak. Gai librean aritu dira haietako batzuk, eta besteak, berriz, gaia jarrita; horregatik, alorrez alorreko testu espezifikoak datoz aldizkarian literaturaz, musikaz, arte eszenikoez, bertsolaritzaz, arteaz, zinemaz eta hedabideez.

Joan Mari Torrealdaik egindako 2017ko euskarazko argitalpenen zerrenda eta hari buruzko interpretazioa ere badakartza zenbakiak, eta, soziologo eta Jakin Fundazioko lehendakariak dioenez, datuek erakusten dute Euskal Herrian erabiltzen diren euskarazko testuliburu gehienek «curriculum espainola» daukatela muinean.

Ohi bezala, Unai Iturriaga marrazkilariaren lanak ixten du aldizkaria, kontrazalerako sortutako irudiarekin, baina oraingoan beste hainbat marrazkilariren lanak ere bildu dituzte urteko kultur balantze ilustratua eskaintzeko. Hamar dira, guztira, parte hartu duten irudigileak: Antton Olariaga, Diego Palles, Eider Eibar, Arrate Rodriguez, Josevisky, Loinaz Lekuona, Nerea Unanue eta Txakur Gorria kolektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.