Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Estilo baten zantzuak

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'Runner'

Zuzendaria: Marian Mathias. Aktoreak: Hannah Schiller, Darren Houle, Jonathan Eisley, Gene Jones. Herrialdea: AEB, Alemania, Frantzia. Iraupena: 76 minutu.

Zinemaldiek balio dute norberarengandik gertuago edo urrutiago sentitzen ditugun egileen obraren bilakaera jarraitzeko, eta, zorionez, begirada berriak ezagutzeko ere bai. Opera prima bat da Runner, eta erraza da zerrendatzea jaialdi giroko lehen lanekin lotzeko moduko osagaiak, lehiakideen azpitik jartzeko-edo. Marian Mathiasen estreinako filmak enkoadratze ezohikoak ditu, eszena zeharo ilunak, isilune luzeak, elkarrizketa gutxi eta errezitatu antzekoak, formatu aldaketa apetatsu bat du —4:3 telebistako formatuan filmatuta dago— eta plano finkoak erabiltzen ditu, gehien-gehienetan.

Kamera Haas (Hannah Schiller) protagonistari jarraitzeko mugitzen da, tarteka: aitarengandik aparte dagoenean, haren mendetik libratzen denean, mugimenduak bere askatasunari laguntzen dio. Mugimendu horri batuko zaio gero Will (Darren Houle) mutiko ezezaguna.

Filmak gutxi behar du: hasieratik bukaerara gertatzen den guztia esaldi bakarrean konta liteke, lau pertsonaia esanguratsu besterik ez ditu, eta 76 minutu irauten du. Horrek muga nabarmenak jartzen dizkio, baina Mathiasen planifikazio bereziak lortzen du narrazio eskas bat irudi esanguratsuen bidez kontatzea.

Pertsonaiek irudien bidez hitz egiten dute hitzez baino garbiago, eta horrela aberasten da haien arteko harremana ere. Filmak badu kezka bat loturekin, komunikazioarekin eta bideekin —telefonoa, trena, bizikleta, ontzia—, eta modu interesgarriak aurkitzen ditu, adibidez, intimitatea filmatzeko lehen planotik urrun, abesti baten inguruko eszena gozo batean. Istorio iheskor horren erdian, irudiek sortutako giroak irauten du azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.