KRITIKA. Antzerkia

Determinismoak jota

Tristan Ulloa eta Elisabet Gelabert aktoreak. BERRIA.
Agus Perez.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun

'El precio'



Egilea: Arthur Miller. Zuzendaritza: Silvia Munt. Eszenografia: Enric Planas. Argiak: Kiko Planas. Antzezleak: Eduardo Blanco, Gonzalo de Castro, Elisabet Gelabert, Tristan Ulloa. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 28.

Eraikin zaharra laster botako dute, eta etxea hustu behar da. Han altzari zaharrak baino ez dira geratzen, baina leku hartan bizi izandako familiaren bizipenak gordetzen dituzte, eta altzarien salmentak oinordeko geratu diren bi anaien arteko gatazka azaleratuko du. BatekVictor zientzialari izatearen ametsari uko egin, eta funtzionario bihurtu zen aitaren alboan egotearren. Bestea Walter zirujau egin zen familiatik urrun, eta ondo doakio diru aldetik. Azkenik, Victorren emazteak estutasunetik irten nahi izango zuen eta posible deritzo bi anaien arteko etsaitasuna amaitzeari.

Ikusten denez, sakoneko gatazka mamitsua planteatu zuen Arthur Millerrek 1968an estreinatu zen obra honetan, baina, haren zein lanetan ez da kontu sakonik planteatu? Gainera, bere antzezlan guztietan bezala, ederto uztartu zituen pertsonaien bizipen pertsonalak —berez interes psikologiko handikoak direnak— eta kapitalismoak jende arruntarengan duen eragin krudela. Horrekin batera, pertsonaiak gizatasun nabarmenez eratu eta elkarreragin etengabean paratu zituen, sinesgarritasun handiko dialogoen laguntzaz.

Esate baterako, kasu honetan behintzat, oso deigarria egin zait zein era naturalean hasi den antzezlana Victor eta Esther beren bizitzako kontu arruntez ari zirela, «zinemarako sarrerak erosi ditut gaurko» edo «jaso beharko dugu zure trajea tindategitik» bezalako huskeria naturalak esanez, gu-guztiok jakin arren hastapen apal horiek ere funtsezkoak izango zirela geroan etorriko zenerako. Rol bakoitza determinismoak jota balego bezala.

Eta hor sartu da Gregory Solomon tasatzailea, 91 urtekoa, jakituriaz betea, eta dena zipriztindu du bere umore eta ateraldi paregabeekin, etxeko altzarien ditxosozko salneurria finkatu ezinik eta denbora modernoen eitea bera gazte zenekoarekin alderatuz. Zer pertsonaia fina harena, eta zelako kontraste aberasgarria, bi anaien arteko etsaitasun gotortuari eman diona!

Silvia Munten zuzendaritzapean —hasierako Teatre Lliureren kide nabarmena izan zen— lau antzezleek sendo eutsi diote esku artean zuten erronkari, jakitun izanik opari hutsa zela Millerrek diseinatutako rol bakoitza, eta haien artean distira nabarmena hartu du tasatzailearen pertsonaiak, ahots, keinu eta jarreretan. Ordea, Tristan Ulloari Victor ez zaio erdia ere ulertu, bere ahots proiekzioa hutsaren hurrengoa izan delako, eta ikusleren bat ozen kexatu da eta guzti, bere besaulkitik «ozenago» esanez. Azkenik, aipamen berezia merezi du argien diseinuak, gris koloreko horma zikinetan aulki pilatuen itzalak proiektatu eta beste efektu batzuk sortu dituelako, egoerak berez zeukan balio emozional handia horrela areagotuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.