Bilboko Aste Nagusia

Zaharra eta berria uztartzen

Eskulan, jostailu, tailer eta atrakzio eskaintza handia dago egunotan Bilboko Casilda Iturrizar parkeko Txikigunean: ipuin kontaketa, egurrezko jostailu berritzaileak eta uretako txirristak. Ilarak luzeak izan dira, baina guneen arteko joan-etorria jarraitua izan da.

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Trena hutsik joan da, eta beteta etorri. Guraso eta seme-alaben tropela jaitsi, eta berriz ere abiatu da Bilboko Kale Nagusian behera. Casilda Iturrizar parkea Txikigunea bihurtzen da urtero zenbait egunetan, eta ehunka jolas, jostailu, tailer eta eskulan daude Bilbo eta inguruko umeentzako.

11:00etan zabaldu, eta segituan bete da parkea familiaz jaietako hirugarren egunean, eta gutxi izan dira ilara gabeko jarduerak. Gargantuak —kopia bat, benetakoa Arriaga plazan jarri dute—izan du ilara luzeenetako bat goiz osoan. Bilboko jaietako klasiko ukaezina da. Erraldoiaren ondoan, kaleko pailazo zahar bat dago zigarro bat erretzen, bere txandari hasiera eman baino lehen. Atoan hasi da puxikez egindako txapelak eta bestelakoak egiten, bere bozgorailutxotik irteten diren kantuak —80ko hamarkadako Parchis, chis, chis, adibidez— abestu dituen bitartean.

Badira urte batzuk Txikigunea Erripako kaitik Casilda Iturrizar parkera eraman zutela. Aurten, parkean bertan mantendu arren, asfaltotik behera jaitsi dute, landetara. «Lehen dena zegoen hurbilago», kexatu zaio ama bat semeari. Beste batzuei ondo iruditu dute aldaketa, hala ere. «Hemen gerizpea daukagu; ederragoa da, eta apaingarri gehiago jar ditzakegu inguruan», esan du Ander Hernandez ipuin kontaketarako txokoko begiraleak. Ez du jende asko izan inguruan, baina ez gunearen arrakasta faltagatik, baizik eta tailerreko gehienak antzerki bat ikusten egon direlako ondoan, Bilbobus egokitu batean.

Egurrez eta poleaz egindako tramankulu batzuk daude hortik hurbil, jolas konplexu eta korapilatsuak, bakarrik eta binaka jokatzekoak. Belaunaldi zaharragoetakoek ezagutu ez, eta inbidiarekin begiratzen dituzten jostailu berritzaile eta landuak. Horietan nabari da gehien Gargantuaren sasoitik zenbat aldatu diren umeentzako atrakzioak, mende eta erdi baitu erraldoiz mozorrotutako txirristak. Arrakastatsuenetako batzuk izan dira egurrezko horiek, baina ohi baino jende gutxiago egon omen da, aro eskasagatik. «Tresna gutxiago dauzkagu, eguraldiagatik. Atzo [herenegun], hogei jostailu izan genituen, eta gaur bost bakarrik atera ditugu», azaldu du Iban Garcia de Marinak, begiraleetako batek. Askotan lagundu behar izan diete gurasoek seme-alabei, batzuetan jostailu eta trasteen zailtasunagatik, eta besteetan euren kabuz ausartzen ez direnak animatzeko.

Geldi egoteko aukerarik ez

Txikiguneko beste aldean, instrumentuak egiteko eta probatzeko tailer bat izan dute umeek, jogurt potoekin, zartaginekin eta metalezko ontziekin egindako musika tresna ezohikoak.

Ile-apaindegi tailerra ere egon da gertu, ilea orraztu eta koloreztatzeko. Hasieran gehienak neskak izan dira, baina goizean zehar animatu dira hainbat mutil ere. Ondoan daude, berriz, mugimendu gehiagoko labirintoz eta sokez egindako oztopo zirkuituak.

Eguraldia kaskarra izan arren, asko dira bainujantzia jantzi eta busti diren haurrak. Hainbat uretako txirrista eta puzgarri daude, eta zenbait begirale ur mahukekin umeak bustitzen aritu dira.

Ehunka izan dira guztira egon diren jolas, jostailu, tailer eta eskulanak. Txikiguneak ez die lasai geratzeko aukerarik eman umeei, gune batean amaitu eta hurrengora joaten aritu direlako ilara egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.