Rikardo Arrue. Medikua

«Medikuntza euskalduntzen oraindik lan dezente dago egiteko»

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
His sortaren ezkerreko adarraren erabateko hersturaren eta zaingorrigrafiaren arteko koerlazioa. Izenburu horren atzean dago Rikardo Arrue (Amezketa, Gipuzkoa, 1942) mediku eta kardiologoa. 1976. urtean aurkeztu zuen berak izen hori zeraman tesia, eta euskal komunitate zientifikoan mugarri bat jarri zuen, euskaraz idatzitako lehena izan zelako. Garai zailetan tokatu zitzaion, gainera. Batetik, euskaraz argitaratzeko trabak jarri zizkiotelako, eta, bestetik, terminologia zientifikoa garatzeko zegoelako oraindik. 40 urte igaro dira orduz geroztik.

Zer dela eta erabaki zenuen tesia euskaraz argitaratzea?

Amezketan jaio ginen gu, eta gure giroa euskalduna zen, etxean eta kalean ez baitzen besterik hitz egiten. Doktrina ere euskaraz ikasi genuen, eta eskolara joatean erdaraz aritzen ginen arren, euskaraz egiten genuen gure bizia. Eta hortik zergatik aukeratu nuen tesia euskaraz egitea? Euskaldunak ginelako, eta euskaraz jaio ginelako. Beste arrazoirik ez zegoen.

Franco hil berritan euskarazko tesi bat argitaratzea, ordea, ez zen erraza izango...

Ez, garai hartan ere izan zen iskanbila pixka bat gobernadorearekin. Franco 1975eko azaroan hil zen, eta nik handik bi hilabetera argitaratu nuen tesia. Gobernadoreak esaten zidan ezin zela euskaraz argitaratu, eta, azkenean, onartu zuen euskaraz eta gazteleraz atera zedin. Ez dakit zer nahiko zuen gobernadore hark, baina kontua da urtarrilaren 12an aurkeztu genuela tesi hura, eta ondo joan zen.

Zu izan zinen lehena tesia aurkezten, eta dagoeneko badira 540 argitaratuak...

Ene! Asko dira, bai. Nere kide batzuek ere egin zuten tesia euskaraz.

...Zure tesian dei egiten zenien ondorengoei euren tesiak euskaraz egin zitzaten.

Bai, eta handik aurrera etorri dira lan berriak. Orain tesiak euskaraz egiteko zailtasunik ez dago.

Zuk izango zenituen zureak, hasteko eta behin, terminologia aldetik euskaraz ez zelako behar adina lexiko egongo.

Gaur egun lan asko egiten ari da alde horretatik, bai, eta hor Jabier Agirre medikuak ekarpen handia egin du. Gure garaian bazegoen hiztegi bat, Carlos Goenarena jesuita eta psikiatrarena. Euskarazko hiztegi bat zen, eta han begiratuta egiten genuen guk lan. Baina, gaurko egunean, Jabierrek lan asko egin du, eta beste askok ere bai. Nik orain ikusten dut denek euskaraz ikasi bai, baina gero hitz egiteko garaian ez dela hainbeste entzuten.

Lexikoa garatzen zure ekarpena egin zenuen; baina, ondoren, medikuntza arloan 18 tesi aurkeztu dira, eta horietatik bi bakarrik argitaratu. Horrek ere ez zuen asko lagunduko terminologia garatzen...

Tira, ez dakit bada. Aurrenekoak beti sortzen du interesa, eta hurrengoak hor gelditu egiten dira pixka bat. Esan daiteke interesa apaldu egiten dela.

Baina jakitun izango zara mugarri bat jarri zenuela, ala?

Bai, hasiera izan zen. Baina laguntza handiarekin egin nuen tesia, ez pentsa. Gotzon Nazabalen laguntzarekin aritu nintzen lanean. Hitzekin berarekin aritzen nintzen, bion artean euskarara itzultzen.

Gaur egun, ingelesak indar handia hartu du, ordea.

Euskarak medikuntzan indar handia du, hala ere. Euskaraz ikas daiteke, baina gero ikusten dut ospitaletan txostenak dena gazteleraz egiten direla. Batetik, medikua ez delako euskalduna, edo ez dakizulako zein medikuk irakurriko duen ondoren. Hor ikusten dut arazo dezente dagoela, medikuntza euskalduntzen. Baina horretarako kalean ere gehiago hitz egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.