urtzi urkizu
ANALISIA. EUSKARAZKO TELESAILEK 30 URTE (ETA V): ESKER ONA ETA ESKAERA BAT.

Premiazko deialdi bat, fite

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Kantitatearen aldeko apustu biziegia egin dugu kalitatearen kaltean», esan zuen Pello Sarasola zenak, ETBko programazio buru zela, Telelilura. 1990-2000. Euskal Fikzioa liburuan —Ainhoa Irazuk idatzia, 2001ean—. Autokritika egin zuen Sarasolak, 1990eko hamarkadako telesailen inguruan. Kantitatearen kalteak kalitate oso ona ekarri izan balu azken hamarkadan, gaitz erdi... Zaila egiten da 1990eko hamarkadako euskarazko lehen telesail haien kalitatea objektiboki neurtzea. Baina esker ona merezi dute urte haietako sortzaileek. Erreportaje sorta honetan aipatu gabe gelditu dira makina bat euskarazko telesail: Bertan zoro, Beni eta Marini —izen bereko bi oilo obediente ditu Elena Iruretak, Penelope-Enea, Flamingo Berria, 64 —gaztelaniaz grabatua eta euskarara bikoiztua—, Duplex, Amaren etxea, A ze parea!, Gure familia eta beste piztia batzuk, Benta berri, Ertzainak...

1990-2000ko hamarkadan, ETBk hogei telesail sortu zituen: horietatik, hamahiru euskaraz. Urte horietan sortutako telesailek onurak ekarri zituzten: nahiz eta bizkor eta merke ekoiztu, eskarmentua hartu zuten euskal profesionalek; ETB1eko programazioa barne ekoizpeneko fikzioaz hornitu zuten; eta ikus-entzuleek ohitura hartu zuten euskarazko telesailak ikusteko.

Hurrengo hamarkadan, Goenkale foiletoiak jarraitu zuen, eta aldi berean, sortu ziren beste telesail batzuk: Hasiberriak, Kilker Dema, Martin, Balbemendi, Pilotari, Brinkola... Ez ziren goi mailako telesailak izan, baina ikus-entzuleek jarraitu zuten aukera hori izaten. Istorio desberdinak azaleratu ziren eta genero berriei zabaldu zitzaien atea.

Azkeneko hamarkadan, ordea, 2010-2020 artean, euskarazko telesailen ordu kopuruak nabarmen egin du beherantz. Sektorean sarraskia egin du —telesailetan aritu ziren profesional asko zineman aritu dira, behintzat—. Eragina larriki kaltegarria izan da ikus-entzuleen ohituretan: euskarazko telesailak ikusteko grina eta gogoa (ia) desagertu egin dira. 2016ko udaberritik 2019ko abendura helduentzako euskarazko telesail bakar bat eman ez izanak kalte handia eragin du.

Udazken honetan, loraldi moduko bat aurkeztu du ETBk: hiru telesail errenkadan emango ditu, bakoitza lau atalekoa. Aurrenekoa Alardea (K2000) izan da: lau atalen batezbesteko ikusle kuota %1,6koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko abenduan, Ihesaldia-k —aste berean eman zituzten bost atalak— %2,1eko batezbesteko kuota izan zuen. Koldo Almandozen Hondar ahoak (Txintxua Films) ikusteko aukera izango da azaroan. Eta Asier Urbietaren Altsasu (Baleuko) emango dute abenduan. Halaber, neska-mutikoei zuzendutako Go!azen-en denboraldi berriaemango dute azarotik otsailera. Bada zerbait.

Zerbait bada, baina gogoan hartu behar da Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu 2019. urtean egin zuten ekoiztetxeentzako deialdi baten fruitu direla. Ez dago beste proiekturik martxan—websail pare baten jarraipena, bai—, eta une honetan ez dago bestelako deialdirik euskarazko telesail berriak grabatzeko.

Horrenbestez, Andoni Aldekoak zuzenduko duen EITBko zuzendaritza berriari eskaera zehatz bat doakie lerro hauetatik: lehenbailehen deialdi bat egiteko, 2021. urtean euskarazko telesail berriak ekoizteko. Halakorik egiten ez bada, hilabete asko pasa daitezke Altsasu abenduan emititzen denetik telesail berri bat iritsi arte. Eta, euskarak, garai jakin honetan —ikus-entzunezkoen kontsumoa hazi egin da, gailu guztietan, eta beste hizkuntzetan dagoen eskaintzak ez du mugarik— produktu berri erakargarriak behar ditu. Ahal dela, izan daitezela kopuruan asko. Beste basamortu luzerik ezin du jasan euskarazko fikzioak, eta eragile guztiek egon behar dute prest 2021. urtetik aurrerakoak loreztatzeko eta ureztatzeko. Erakunde publikoek ere pizgarriak eman ditzakete, horretan EITBri laguntzeko. Estrategikoa da auzia, ez da kontu hutsala.

Premiazko deialdi bat behar da euskarazko telesail berriak ekoizteko. Duela 30 urte Aitzpea Goenagak eta Elena Iruretak sortu zuten Hau da A.U. umoretsu hark «hori da hori euskal telesail ederra» bihur dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.