Bertsolaritza

Kantaera berezi baten lilura

Eñaut Martikorena gailendu da Andoainen, Gipuzkoako txapelketako lehen final-laurdenean

Eñaut Martikorena bertsotan, kantukideak atzean dituela, Andoaingo Bastero kulturgunean jokatutako saioan, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Manex Mantxola Urrate.
Andoain
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Entzulea eta epaileak, biak liluratu zituen atzo Eñaut Martikorenak bere kantaera eta ideia jenialekin. Bukaerako arrazoia omen da bertsoaren zati garrantzitsuena, baina bidean sekulako aleak uzteko gaitasuna erakutsi zuen hernaniarrak. Mukuru bete zen Andoaingo Bastero kulturgunea, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenei hasiera emateko, eta Martikorena nagusitu zen. Harekin batera, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Iban Urdangarin eta Unai Mendizabal bertsolariak aritu ziren, Inaxio Usarralde gai jartzailearen gidaritzapean. Oholtzan, oro har, arrak oro. Hain zuzen, hari horri tiraka abestu zuen Azpirozek hasierako agurra: «Gure ego txiki ta gure zilbor heste/ sei gizon hemen gatoz zuen txalo eske/ ea gizonkeritik ez degun hainbeste».

Gogoz ekin zioten sei bertsolariek saio puntuagarriari. Zortziko handian eta txikian joan baitziren saioko bertsoaldi borobilenak. Aipatzekoak, Azpirozek eta Mendizabalek zortziko handian indarkeriaren zilegitasunaz eztabaidatzen duten independentista katalanen roletik botatakoak. Baita Iguaranek eta Urdangarinek beraien haurrari ingeles klaseetara apuntatu edo ez erabaki beharrean dauden gurasoen larrutik kantatutakoak ere.

Zortziko txikian, nola ez, umorea izan zen nagusi. Esaterako, Azpirozek eta Iguaranek osatutakoa ofizioan: bata, lore saltzailea, eta bestea, bezeroa, hamabost egunetik behin loreak erostera itzultzen zaio, aurrekoak zimeldu egiten zaizkiola eta. «Loreari behar zaio hitz egin ta entzun,/ Maria Luixak gutxinez hala egiten zun», aholkatzen dio Azpirozek, eta «bat ekarriko dizut eginda jaramon/ ta ea esaten dizun zer pasatzen zaion», Iguaranek erantzun.

Seiko motzean eta hamarreko txikian ere ale ederrak utzi zituzten, nahiz eta aurreko bi ariketetan izandako maila berdintzerik ez zuten lortu. Azpimarragarriena, seiko motzari eman ohi zaion seriotasunetik at, umorerako bidea zabalik uzten zuten gaiak izan ziren. Bikain aprobetxatu zuten, adibidez, Martikorenak eta Iguaranek, zahar etxetik nola ihes egin planeatzen ari diren agureen larrutik.

Kartzelan izan zen ale ederrik, irristadaren bat ere bai akaso, baina gaiari benetako zukua atera ziona Martikorena izan zen, saio osoan egindako lana borobilduz. Kataluniari erreferentzia eginez ekin zion saioari, ohi den bezala etxetik prestatuta ekarri ordez, aurreko bertsolarien agurrei erantzunez: «Nire zilborrai begira nago besteek aipatu gisara/ mundua sutan egonagatik gu hona txapelketara». Eta Kataluniako eskola zuzendari baten roletik amaitu zuen kartzelako ariketa. Honela zioen gaiak: «Eskolako zuzendaria zara. E-maila bidali duzu. Dagoeneko ez dago atzera bueltarik».

Presoen aldeko greban parte hartuko zutela esanaz eta hedabideen «adoktrinamendu» salaketei erantzunez bota zituen lehen bi bertsoak. Hirugarrenarekin aretoa txalo zaparrada amaigabe batean lehertzea lortu zuen arte: «Nola egon ba orain gordea/ borrokatzea askoz hobea/ horrek kostu bat dauka ordea/ baina halare egongo gea/ hezkuntza ez da matematika, forma eta kolorea/ natur zientzietan ikas dezaten zerk osatzen dun lorea/ esperientziaz ikasten denak dauka balio doblea/ eta honela ikasiko dute borrokaren balorea».

Gaur, Irunen

Irunen jokatuko da gaur final-laurdenetako bigarren kanporaketa, Amaia kultur zentroan, 17:00etan hasita. Bertan, Agin Laburu, Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iñigo Izagirre, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi arituko dira bertsotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.