Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak

Chavismoa, atakan

Venezuelan bihar egitekoak diren presidentetzarako bozek chavismoaren higadura neurtzeko balioko dute. Madurok irabaztea espero da, baina oposizioko aliantza nagusiak boikoterako deia egin du. Beste hiru alderdi lehiatzen dira

Nicolas Maduro, asteartean, kanpainako ekitaldi batean, Charallaven. MIRAFLORES / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hugo Chavezek duela hogei urte idazten hasitako «historia ezabaezinean» pasarte berri bat izkiriatuko da bihar. 1998ko abenduaren 6an botoen %56,20 eskuratu zituen gerora chavismo gisa ezagun egin zen mugimenduak, eta, hogei urte geroago, iraultzak utzitako legatua, proiektu ideologikoa eta soziala, estatu egitura bera, ataka zailean dago. Venezuelak pobrezia maila ia erdira jaistea lortu zuen hamabost urteko epean; 1998an herritarren %49 ziren pobreak, eta 2013 amaieran %27,3. Azken lau urteetan, baina, irauli egin da egoera, eta, gaur-gaurkoz, elikagaiak eta botikak lortzeko zailtasun handiak daude herrialdean. Inflazioak etengabe egin du gora azken urteetan, eta, oposizioaren arabera, apirilean %897 zen, munduko handienetakoa.

Biharko presidentetzarako bozek, bada, krisi ekonomikoak eta politikoak chavismoa zenbateraino higatu duten neurtzeko balioko dute. Nicolas Maduroren kanpainaren ardatza «gerra ekonomikoa» izan da, eta horri egotzi dio oinarrizko produktuen hornikuntza arazoa, diruz lagundutako produktuen kontrabandoak eta merkatu beltzak ekonomia hondatu dutela argudiatuz. «AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Kolonbiaren» babesa duten «mafiak», enpresariak eta oposizioko kideak, egin ditu «boikot»horren erantzule, baina, hala ere, «begiak ezin direla itxi» adierazi du: «Gauza asko daude oker, eta zuzendu egin behar dira, ezin ditugu begiak itxi eta gaizki dagoena ez ikusi, ustelkeria handia da, eta horri aurre egin, eta amaitu behar da; burokratismoa dago, eta burokrata asko dago erabakiak haize girotua duen bulegoan hartzen dituztenak, herriaz ahazten direnak».

Caracasen, ostegun gauean, kanpainako amaiera ekitaldian bota zuen mezu hori hautagai chavistak. Ekonomia nazionala babesteko eta hazkunde ekonomikoa bermatzeko hitza ere eman zuen, baina, kritika politikoak uxatzean ere jarri zuen lehentasuna, eta «bakerako eta elkarrizketarako» deia egin: «Venezuelari aukera handi bat emateko elkarrizketa nazional zabal bat egiteko deia egiten dut, berriz hasteko, gauzak hobeto egiteko abiapuntu bat, sozialismorantz iraultza eginez».

Venezuelako 23 estatutan eginnahi ditu eztabaidak, «enpresariekin, alderdi politikoekin, eta herritarrekin», eta, horretarako «entzuteko prest» dagoela adierazi du: «Entzuten ikasi behar da, errespetuz hitz egiten, eta, ni aberriaren belarria izango naiz, ideiak entzungo ditut, herriaren oihua eta herritarren proposamenak».

Eskuina, zatituta

PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko hautagaiak «borroka handiaren» atarian «botere politikoa» ematen jarraitzeko eskatu zien herritarrei. Inork ez du zalantzan jartzen chavismoak berriz ere irabaziko ez duenik, baina, argi dago azken urteetan apaldu egin dela mugimendua. Madurok Chavezen heriotzarekin hartu zuen haren lekukoa, eta bozetan lehiatu zenean, 2013an, 7.505.338 boto eskuratu zituen, botoen %50,61. Henrique Capriles oposizioko kideari 234.935 botoko aldea atera zion, baina orduan bateratuta aurkeztu zen oposizioa, eta orain erabat zatituta dago.

MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak bozei zilegitasuna kentze aldera boikoterako deia egin du. Hauteskundeak «itxurakeria» direla esan, eta bermerik ez dagoela argudiatuz, abstentziorako deia egin du. Caprilesen PJ Justizia Lehenago eta Leopoldo Lopezen VP Herri Borondatea alderdiek osatzen dute gaur egun MUD.

Eskuinaren ildo ideologikoarekin lerratu diren herrialdeek eta erakundeek ere iragarri dute ez dituztela emaitzak onartuko. Ameriketako Estatu Batuak dira fronte horren gidariak, baina, babes zabala lortu dute herrialdearen demokrazia auzitan jartzeko ahaleginean. Europako Parlamentuak berak bozak bertan behera uztea eskatu zuen maiatzaren 3an, eta, aldarri horrekin egiten dute bat hainbat herrialdek. Limako Taldea osatzen duten hamalau herrialdek, esaterako, bozak sinesgarritasunik ez dutela esan eta aste honetan bertan eskatu dute bozak ez egiteko.

Eskuinak, baina, ez du bere osotasunean tesi hori babesten, izan ere, bi alderdik hauteskundeetan lehiatzea erabaki dute. Henri Falconi ematen dizkiote inkestek emaitza onenak. Falconen ibilbidea, baina, bitxia da, izan ere, chavistekin lerratu zen duela hamar urte eta azken bozetan oposizioarekin lerratu zen; Caprilesen kanpaina buru izan zen. MUDen barruan, hala ere, errezeloak pizten zituen haren iraganak, eta, boz hauetan, aliantzaren boikot deiari muzin egin eta bide propioa egitea erabaki du. Falcon chavismoa bozen bidez garaitu nahi dutenen hautagaia bihurtu da, eta presidentearen diskurtsoa deslegitimatzea izan da haren lema: «Erregimen sobietar batean bizi gara, ez daukagu xanpurik, jada ez dugu haragirik jaten, ez dago lanik, enpresarik ere ez dago. Sekula ez nuen bizi horrelako egoerarik. Venezuela diktaduratik askatuko dut».

Parte hartzea gakoa

Javier Bertucci da eskuineko beste hautagaia. Enpresa gizona da berez, petrolioaren kontrabandoarekin lotu izan dena, baina azken urteetan ebanjelismoaren diskurtsoa helarazten dabil. Ezkerrak ere badu beste izen bat:Reinaldo Quijada. Chavez babestu zuen iraultzaren hastapenetan, baina orain «politikari moraltasuna» itzuli nahi diola dio. Quijada ingeniaria da, baina antzerkiaren eta literaturaren munduan aritutakoa.

Oposizioko aliantza nagusiaren boikotak emaitzak zilegi egingo ote dituzten da gakoa. Orotara, 20,5 milioi herritar daude deituta parte hartzera, eta hor neurtuko da polarizazioa. 2013an %80 izan zen parte hartzea, eta orain, inkesten arabera, hogei puntu txikiagoa izango da. Batzar Konstituziogilea eratzeko hauteskundeetan, berriz, iazko abuztuan, %41,5 izan zen. Orduan, oposizioak ere boikoterako deia egin zuen, ulertu baitzuen chavismoak urte eta erdi lehenago galdutako hemegonia berreskuratzeko asmakizuna zela Batzar Konstituziogilea.

Venezuelako Asanblea Nazionala 2015eko abenduan geratu zen oposizioaren esku, botoen bi heren bereganatu baitzituen MUDek. Kolore anitzeko eskuinaren barne zatiketak, baina, ez du bidea egin, eta estatuko botere publiko nagusia, batzarra, chavisten eskuetan dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.