Koronabirusa

Sanchezek iragarri duen txertaketa plan bateratua kritikatu du Jaurlaritzak

Urkulluk ez du begi onez ikusi txertaketa estrategia aurrez erkidegoekin ez alderatzea. Astrazenecak eta Oxfordek esan dute beraien txertoak %70ko eraginkortasuna duela

Oxford Unibertsitateko laborategiko ikerlari bat, lanean. JOHN CAIRNS/ EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
COVID-19tik babesteko txertoa lortzeko lehia eta lasterketa abiadura bizian doaz, eta agintariak konfiantza erabatekoa erakusten ari dira egunotan argitaratzen ari diren iragarpenetan. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, esaterako, igandean jakinarazi zuen urtarrilean jendea txertatzen hasteko asmoa dutela. Zehaztasunak ere eman zituen: txertaketa estrategia bateratu bat lantzen ari dira, eta txertoa jarri ahal izateko 13.000 gune ezarriko dituzte.

Iragarpen horrek, baina, ezinegona sortu du Eusko Jaurlaritzan. Aurrez erkidegoekin kontsultatu gabe iragarri baitu Sanchezek estatu osorako txertaketa estrategia bakarra, eta hori ez zaio gustatu Jaurlaritzari. Koordinazioa erabat beharrezkoa dela erantzun zion atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzarenlehendakariak Sanchezi, eta gogoratu horrelako erabakiak erakundeen arteko adostasunetik hartu behar direla. «Ez dut ulertzen Espainiako Gobernuko jarrera, planak aurreratzen ditu erkidegoak kontuan hartu gabe», salatu zuen.

Urkulluk ostiralean bertan iragarri zuen Eusko Jaurlaritza txertaketa estrategia propioa prestatzen hasia dela, eta harremanetan direla txertoa gorde eta mantentze lanak egin ditzaketen euskal enpresekin. Atzo berretsi egin zuen txertaketa plan propioa garatuko dutela, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Txertaketa Kontseilua eta Osakidetza bete beharreko estrategia lantzen ari direla. Edozein modutan, egunotako albisteen aurrean «zuhurtzia» eskatu zuen lehendakariak:«Txertoarekin edo txertorik gabe, zorrotz jokatu beharko dugu prebentzio eta babes neurriak betetzen». Ohartarazi zuen aurretik hilabete «oso zailak» datozela, eta «txertorik onena» dela garbiketa, maskara eta distantzia.

Astrazenecaren iragarpena

Txertaketa noiz hasiko den da orain zalantza nagusia, ia ziurra baita txertoa egon egongo dela. Izan ere, botika enpresen arteko lehiak abaila handia hartu du asteotan. Atzo, Astrazeneca botika etxeak jakinarazi zuen Oxfordeko Unibertsitatearekin batera garatzen ari den txertoak %70,4ko eraginkortasuna duela. Datu horretan harago ere egin daitekeela adierazi zuen: «dosi egokia» jarrita, eraginkortasuna %90era ere hel daiteke. Botika etxeak azaldu zuen bi modutan egin dituztela txertoaren entseguak, eta hortik datozela eraginkortasunari buruzko datuak: hilabeteko epean bi dosi oso hartuta, %62ko eraginkortasuna du txertoak, baina lehenengo txertaketan dosi erdi eman eta bigarrenean dosi osoa mantenduta, askoz hobea izan da emaitza, %90ekoa.

Astrazenecak nabarmendu du beraiek lantzen ari diren txertoa besteak baino merkeagoa dela, eta logistikoki ere ez lukeela besteen konplexutasunik: erosoa dela garraiatzeko eta gordetzeko,ez baitu hotz handirik eskatzen.Biltegiratzeko erraztasun horrek mundu guztira azkar zabaltzen lagunduko duela esan dute botika etxeko arduradunek.

Urtea amaitu aurretik 200 milioi dosi ekoitzi nahi dituztela iragarri dute, gainera. Immunitatearen iraupenari buruzko zalantzak, baina, argitzeke daude oraindik. Gutxienez urtebeteko babesa bermatuko lukeela esan du Andrew Pollard Oxfordeko Unibertsitateko txertoaren zuzendariak.

G20koek konpromisoa hartu dute herrialderik txiroenen artean COVID-19aren aurkako txertoa «modu orekatuan» banatzeko. G20koek goi bilera egin zuten atzo, eta adostu zuten 28.000 milioi euroko inbertsioa egingo dutela txertoaren banaketa unibertsala bermatzeko. 28.000 milioi horietatik 4.200 milioi urte honen amaieran jarriko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.