Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak

Euskara ikasleen laguntzak %38 igoko dituzte, eta doakotasuna 2020an nahi dute

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 9
Hedabideen arloko aldaketekin batera, euskaltegiekin lotutakoak dira berritasun nagusiak. Batetik, euskaltegi homologatuetarako ekarpena %6 handitzea proposatu dute aurrekontu proiektuan, eta horrekin irakasleen soldatak handitu nahi dituzte. 20,8 milioi euro bideratuko dituzte euskaltegi homologatuetara. Bestetik, igo egingo dute euskara ikasleei laguntzak emateko diru saila ere: %38. 2,5 milioi euro izango dira denera. Jaurlaritzak helburutzat jarria du B2 mailara arteko doakotasuna lortzea —gobernu programan sartu zuten—, probak gainditzen dituztenei dirua bueltatuta. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du 625.000 euro gehiago beharko liratekeela doakotasun horretara iristeko, eta, aurreikusi bezala, 2020an helduko direla horretara.

Euskaraldia bi aste barru hasiko da, baina datorren urtean segitu nahi dute ildo horretan lanean. Ikerketa abian jarria dute —parte hartzaileei atzo bertan bidali zizkieten lehen galdetegiak—, eta datorren urtean amaituko dute. Aurrekontuan sartu dute hori ere. Hizkuntza ohiturekin lotuta, segitu egingo dute abian jarri berri diren proiektu batzuekin: Mingaina Dantzan udalekuekin eta Euskarabenturarekin, adibidez. Leku soziolinguistiko desberdinetako gaztetxoak nahasi dituzte.

Wikipediaren ildoa ere indartu nahi dute. Euskarazko edukiak ugaritzea lehentasuntzat hartua du Jaurlaritzak, eta 200.000 euro jarri asmo ditu datorren urtean.

Berdintasunaren ildoa

Hizkuntza Politikako Sailak erdigunean jarri du genero berdintasunaren gaia, zeharkako arlo gisa jorratzeko, eta hizkuntza politikaren esparrutik ere helduko diote. Dobaranek aurreratu du ikerketa soziolinguistikoetan generoaren aldagaia txertatuko dutela, eta genero prestakuntza emango dutela. Feminismo hiztegi bat egiteko asmoa ere agertu du. Horrekin batera, genero berdintasunaren eta hizkuntzaren arteko harremana aztertu nahi dute, eta beka deialdi bat antolatuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna