Bigarren aldiz Kontxan batera

Anai-arrebak dira Asier eta Ainhoa Zurinaga, eta bigarrenez ari dira Kontxan lehian: Asier, Santurtzirekin, eta Ainhoa, Kaikurekin. 2010ean izan zuten aurrenekoa. Ia bizitza osoa daramate biek arraunean.
Asier eta Ainhoa Zurinaga anai-arrebak, aste honetan, Lutxanan.
Asier eta Ainhoa Zurinaga anai-arrebak, aste honetan, Lutxanan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Berria -

2018ko irailak 9
Abuztuak 30. Iluntzea ez du oso aparte Donostiako portuko arranplak. Jendez eta traineruz gainezka dago. Badator lehorrera Santurtziko Sotera, Asier Zurinaga (Sestao, Bizkaia, 1971) patroi duela. «Zurbil nentorren, Kontxarako estu eta larri sailkatu izanaren sustoarekin», kontatu du patroiak. Une horretan, oihu batzuk entzun zituen moila aldetik, «Asier, Asier, zorionak!» zioten marruek. «Eskua zabal-zabalik neukan, bosgarren izan ginela eta historian aurrenekoz Kontxarako sailkatu ginela erakusteko», azaldu du Ainhoak, Kaikuko arraunlariak. Arranplan batu, elkar besarkatu eta zoriondu, eta «selfie bat atera genuen, unearen garrantzia betiko gordetzeko», esan du Asierrek.

Aurtengoa ez da, ordea, Kontxan biak batera ari diren aurreneko aldia. 2010ean izan zen lehendabizikoa: «Bizkaiko selekzioarekin atera nintzen, eta Asier, Kaikurekin», dio Ainhoak. «Baina aurtengoak beste zerbait dauka niretzat. Orduan gure maila oso apala zen, eta orain bagara zerbait gehiago, lehen igandean erakutsi genuen bezala», gehitu du.

Berezitik ere badu, baina, ordukoak. Etxeko kontuak tarteko, familiakoak: «Ama eta aita ez dira izan Kontxara joatekoak Asier ikustera. Ama oso urduri jartzen da. Bada, 2010ean, zein azalduko Donostian, eta biak. Asierrek esan zien alaba ikustera bai, baina bera ikustera ez zirela joaten», oroitu du, txantxa moduan, Ainhoak. Asierrek aipatu ere ez du egin kontu hori.

Aita. Seme-alabak arraunera lotu zituen eragile handienetakoa. «Kaikuko zuzendaritzan zebilen, kluba berpizteko garaian zenean. Gu haurrak ginen, eta arraunera gerturatzeko aitzakia izan zen aita han ibiltzea», kontatu du Asierrek. «Beste eragile bat ere izan zen», oroitu dute biek: «Urbinaga auzoan bizi ginen Sestaon, erdigunetik aparte. Kaikuren egoitza kilometro batera zegoen, gertu, eta erdigunea, aldiz, urrunago. Ezinbestean joan behar arraun elkartera jolastera». Zazpi seme-alabak izan dira arraunlari.

Ainhoari zailtasun bat sortu zitzaion Kaikun jarraitu ahal izateko, 1989 aldera: «Ez zegoen emakumezkoen talderik, eta Santurtzira joan behar izan nuen, han bazelako nesken taldea». Asierrek oraingoarekin lotu du hori: «Begira orain: ni Santurtzin nabil patroi, eta bera da Kaikuko arraunlari. Bitxikeriak dira». Ainhoak ibilbide oparoa dauka, eta baita garaipen zerrenda mardula ere. Kaikura itzuli eta gero, 1999an atera zuen nesken taldea, eta bateletan Espainiako txapeldun izan zen urte hartan. «Euskadiko txapeldun ere izan naiz behin baino gehiagotan, eta aulki mugikorrean, Santurtzirekin, garaipen batzuk ere badauzkat».

Berriz atera da anai-arreben arteko alderaketa: «Anaietako batek esaten du nik dudala Asierrek baino palmares hobea. Kontua da hark traineruetan dituela irabaziak, eta badakigu arraun munduan zer den trainerua». Asierrek ihes egin dio alderaketari: «Oso harro nago arrebak egindakoaz, eta bera ere bai nire lorpenez».

Ainhoa, Lutxanan agintari

Etxeko kideak hain arraunzaleak izanik, ez da harritzekoa kirol honek haien arteko solasaldietan duen presentzia: «Saltsa izaten dugu etxean, aitarekin-eta. Eztabaida politak sortzen ditugu gure artean», kontatu du Asierrek.

Kaiku, Santurtzi eta beste talde bat ere bada anai-arreben istorio honetan: Lutxana. Biak bizi dira Erandion, eta hangoa da Lutxana. «2003tik nabil ni Lutxanan», esan du Ainhoak: «Harrobiko arraunlarien entrenatzaile lanetan nabil, eta presidente ere banaiz». Buruari buelta azkar bat eman ondoren, ondorio hau atera du: «Uste dut emakumezko presidente bakarra naizela arraunean».

Bizilekuko klubean lanean, eta Kaikun arraunlari, aukera hau nondik atera zitzaion kontatu du: «Iaz Portugaleten ibili nintzen, eta hango arraunlari multzoa Kaikun ari da aurten. Eskatu zidaten ea lagunduko nien, eta, halako asmorik ez banuen ere, animatu eta hemen nabil. Oso pozik ibili ere». Datorren denboraldian egingo duenaren inguruan, ilusio baten berri eman du: «Lutxanako Ederra trainerua emakumezkoena izatea ere nahi dugu, eta ari gara lanean. Gazte mailako arraunlari batzuk badauzkagu, eta aukera izan dezakegu taldea osatzeko. Agian, goizegi izango da ETE ligan lehiatzeko, eta baliteke neguko traineru jaitsieretan soilik ateratzea».

Geroko hori ez dago hain urrun, baina orainaldian ere baditu lanak osatzeko. Esate baterako, Kontxako bigarren igandean arraun egitea Kaikurekin: «Lehen urtea izateko uretan, oso ondo ari gara. Bizkaiko Txapelketa irabaztea sekulakoa izan zen, adibidez, eta Kontxarako sailkatzea ere bai». Onartu du bi estropada horiek helburutzat jarri zituztela prestakuntza zehaztean, Euskotren ligara sailkatzeko bi jardunaldiekin batera: «Bagenekien zaila izango zela liga nagusian sartzea, baina lehen egunean bosgarren izan ginen, eta huraxe izan zen Kaikuk aurten eman duen aurreneko ezustea».

Oso gaztea da taldea, eta Ainhoa da zaharrena: «Txantxak egoten dizkidate taldeko amatxo naizela esanez, baina azkar erantzuten diet nik, amatxo baietz, baina arraunlari askoz gazteagoak lehorrean uzten ditudala oraindik, eta ez direla gai niri lekua kentzeko», kontatu du erdi serio, erdi isekaz Zurinaga arraunlariak.

Gaurkora begira jarrita, erakusten segitu nahi du «aurreko igandekoa ez zela kasualitatea izan. Ziaboga hobea eman izan bagenu Hibaikarekin lehiatzeko moduan izango ginela uste dut».

Asierren azken urtea agian

Santurtzik denbora onenetan hirugarrena egin zuen igandean, eta patroiari ez zaio gustatzen ezustetzat hartzea: «Uste dut jendea ez dela ari gure denboraldiari balioa ematen, eta igandekoa ez zen izan zerutik eroritako estropada bat». Gaur, ohorezko txandan joango da Sotera mitikoa, eta oso garbi dauka lemazainak zein den helburua: «Irabaztera goaz, hori erakutsi digulako Iker Zabala entrenatzaileak. Hiru talde ezin baditugu atzean utzi, bi uzten saiatuko gara, eta ezin bada, bat». Izan daiteke estropada berezia patroiarentzat, aitortu baitu hau izan dezakeela azken denboraldia: «Ez nago erabat ziur, baina inoiz baino indar handiagoarekin ari zait burua esaten uzteko garaia dela. Ikusiko dugu».

Horregatik ere, agian, beste zurinagatarrak zerbait berezia ari dira prestatzen gaurko, Ainhoak aurreratu edo susmatu duenez: «Usaina hartuta nago ari direla zerbaitetan; ez nai fio hauekin». Lortuko dute berriz ere aita eta ama hunkitzea, sailkatze estropadan Ainhoak eta Asierrek egin zuten bezala: «Bi aldiz hunkitu ziren. Batetik, kaikutarrak direlako, nola ez, eta, bestetik, Asier ere sailkatu egin zelako estropada handi hau jokatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna