Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Quebecen espainolez

Jose Mari Pastor -

2017ko azaroak 4

Espainola ederto entzun da aste honetan Quebeceko erakundeetan eta goren-goreneko agintarien aurrean. Ez, Uruguaiko presidentea ez da bertara joan, ezta Espainiakoa edo Argentinakoa ere. Hango kultura-erakundeek ez diete saririk eman Isabel Allenderi edo Mario Vargas Llosari. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da Montrealen. Iñigo Urkullu Quebec aldera joan da bidaia ofizialean eta, protokolozko hitz batzuk alde batera utzita, Hego Euskal Herriko erdaraz egin du gehienetan.

Iñigo Urkullu Quebeceko lehen ministro Philippe Couillard jaunarekin elkartu da. Couillard frantsesez mintzatu da. Eta lehendakaria? Espainolez. Hegoaldeko erdara garbi ozenaren oihartzun sendoa eraman du Urkulluk Quebecera. El español recio del norte. Irudietan ikusi eta entzun dugu Urkullu. Aurkezpenetan —«le presento a la consejera...»— eta bestelako azalpenetan: «Tenemos una historia del siglo XVI...». Couillarden ondoan gizon bat zegoen —interpretea, antza— eta horrek lehendakariaren berbak itzultzen zizkion. Quebeceko Asanblea Nazionaleko presidente Jacques Chagnon jaunarekin ere hitz egin du lehendakariak. Asanblea Nazionalean nola dagoen galdetu diote. «Muy bien, muy agradecido». Gero, bidaiaren arrazoiaren berri eman du Urkulluk: «Hemos venido con un objetivo...». Beste irudi batzuetan frantsesezko hitz bakan batzuk esaten ikusi dugu lehendakaria, baina jarraian beste erdarari lotu zaio. Espainolari, alegia.

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu abenduan. Euskarak nola egin duen aurrera azalduko digute geure agintariek. Hizkuntzaren edertasuna goratuko dute, egunerokoan erabili beharra, bla, bla, bla. Halakoxeak entzungo ditugu. Betikoa. Zertarako balio du horrek guztiak nazioarteko harreman ofizialetan euskarak presentziarik ez badu? Lehendakariak berak prestigiorik ematen ez badio euskarari ekitaldi ofizialetan, hemen zein kanpoan, zertarako balio dute kopla horiek? Zertarako egin irakurraldi luzeak Euskararen Egunean, zertarako bertsolariak, kantaldiak eta biribilketa folklorikoak, autoflagelazio ariketaz gozatzeko besterako ez bada?

Hain zaila al da halako bidaia ofizialetan euskaraz egitea? Quebec bezalako herri batek ez zion oztoporik jarriko euskaldun batek bertan euskaraz egiteari. Euskara-frantsesa itzulpen zerbitzua izateari, espainola-frantsesa izan beharrean. Han itzulpen zerbitzu hori eskaintzerik ez badute, zergatik ez eraman interpretea edo itzultzailea Euskal Herritik? Diru publikoz ordainduta, noski. Munduko beste herriek egiten duten legez. Ez dago legerik, hori debekatzen duenik. Borondate falta da. Eta konplexua, beldurra. Akaso gobernukide erdaldunak haserretuko zaizkio lehendakariari kanpoko agintariekin elkarrizketa ofizialetan euskaraz egiteagatik, eta gobernu ituna hautsiko dute?

Ez, seguruena ez. Baina gizabide lezioak emango dizkigute euskaldunoi. Halako egoeretan euskaraz egiten tematzea matraka identitarioa dela esango dute. Eta itzultzaile lanak ordaintzea, luxua. Kapritxo nazionalista. Lehendakaria erdaraz ari denean eta interpretea behar denean, ostera, ez dago matraka identitariorik, ezta luxurik edo gehiegizko gasturik ere.

Euskarak ekintzak behar ditu, ez hitzak. Quebecen —edo Berlin edo Londresen— erdaraz esaten diren hitzek hutsean uzten dute abenduaren 3ko mezua, diskurtso folkloriko bihurtzen dute. Zertarako balio du mezu horrek, Montrealera bazoaz eta erdaraz egiten baduzu, euskara bazterrean utzita?

Inork ez digu debekatzen munduko agintarien aurrean euskaraz egitea. Inork ez gaitu espainieraz egitera behartzen. Kontu bakar batek galarazten digu goreneko maila horietan euskaraz jardutea: gure pentsaera kolonizatu eta menpekoak, euskaldun arlotearen konplexua barru-barruan daramagulako oraindik. Euskara umeekin eta txakurrekin hitz egiteko ez ezik, diplomaziaren aretoetan jarduteko ere erabiltzea da kontua. Bestela, jai dugu. Euskarak prestigioa behar badu, halaxe lortuko du. Han eta hemen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

artxibok argazkia, marxoak 8ko manifestazioa Baionan ©Guillaume Fauveau

Frantziako Senatuak abortatzeko eskubidea Konstituzioan idaztearen alde bozkatu du

Garazi Aduriz Zuñeda

Atzo bozkatu zuen Senatuak. 166 boz alde izan zituen, eta 152 boz kontra.

Lezetxikiren Lagunak taldekoek ateratako argazki batzuk, Lezetxikoko galeria suntsituan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

AHTaren tunel batek Lezetxikin kalteak egin dituela salatu dute

Xabier Martin

Aztarnategi baliotsuaren gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez. Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzten lekua da Arrasateko koba
Gaindegiaren webgunea, artxiboko irudi batean. ©

Munduko batez besteko gas emisioen bikoitza isurtzen da Euskal Herrian

Iosu Alberdi

Gaindegiak 2022ko adierazle galeria nagusia txostena osatu du, lan publikoaren eten baten ostean. Datu demografikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak landu ditu. 

Osasun langile bat, atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Osasunbideko gehiengo sindikalak grebara joko du, Sindikatu Medikotik bereiz

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOOk hilaren 15erako egin dute deialdia. «Osasun publikoaren kalitatea eta lan baldintzak» hobetzea daukate xedetzat. Negoziazioa gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren artean egin izana salatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...