Tutoretzapeko ume bat hil dela eta, auzitara

Umea, 9 urtekoa, Nafarroako Gobernuaren zaintzapean zegoen. Familiak salaketa jarri du; esan du bere buruaz beste egiten saiatu zela haurra, eta horren ondorioz hil dela

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako ataria. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Atzo goizean zabaldu zen albiste baten harira, deus gutxi adierazi zuen atzo Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak; onartu zuen hil egin dela administrazioak tutoretzapean hartua zuen 9 urteko ume bat eta, era berean, auzitegietan salaketa bat jarrita dagoela heriotza horren harira. «Ikerketa abian da», esan zioten BERRIAri: «Besterik ezin dugu erantsi». Gobernuko iturriek «samina» ere azaldu zuten heriotzagatik.

Datu gehiago zabaldu ziren albiste agentzien eta hedabideen bitartez. Efe albiste agentziak azaldu zuten salaketa lehengo astean ipini zutela bi abokatuk, haurraren familiaren izenean. Artean bizirik zegoen umea, baina larri. Salaketaren arabera, babesgabe dauden adingabeentzako etxebizitza batean zegoen, etahantxe bere buruaz beste egiten ahalegindu zen joan den asteartean; hainbat zauri egin zizkion bere buruari, eta larri aurkitu zuten. Bere gelara erretiratua zen, eta han aurkitu zuen, kide batek. Tuterako osasun zentro batean eman zizkioten lehen artak, baina Iruñeko Ospitale Gunera eraman zuten gero. Han hil zen, atzo. Hasieran, salaketa Iruñeko instrukzio auzitegi batean ipini zuen sendiak, baina Tuterara bideratuta dago orain auzibidea, han baitago umeak bizitoki zuen etxea, eta han zauritu baitzen.

Zabaldu diren datuen arabera, haurra urte hasieratik zegoen Tuterako etxebizitza batean harreran hartuta. Aurrez amonarekin bizi zela azaldu dute, baina harekin ezin zuela jarraituebatzi zutela gizarte zerbitzuetako arduradunek 2019 amaieran, eta orduan hautatu zutela haurra adingabeentzako etxebizitza batera eramatea.

Adingabe bat babesgabe dagoela ebazten dutenean erabakitzen dute erakundeek haren tutoretza hartzea; bolada baterako, edo betiko. Kasuan-kasuan hartzen dira halako erabakiak. Haurraren gaineko legezko ordezkaritza galtzen dute gurasoek edo familiartekoek umeen gaineko tutoretzarik gabe dauden garaian. Tutoretza kentzeko erabakiarekin ados ez badaude, auzitara jo dezakete; erabaki hori ez dela egokia izan argudia dezakete han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.