urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Flandria eta aurrekarien gezurra

2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Kataluniako presidenteak Bruselara jotzeko erabakiaren bikaintasuna egunez egun nabarmenagoa da. Errepublikako kontseilariak espetxean izateak kostu politiko bat badu ere, presidentea erbestean libre eta lanean ibiltzea baino nabarmen merkeagoa zaio Madrili hura gatibu izatea. Iraina, gutxiespena eta burla Puigdemontengana bideratu zituzten hasiera batean. Gero, Belgikako Gobernua, Belgikako Estatua bera eta, zehazki, flandriarrak izan dituzte jomugan.

Mugimedu flandriarra eta hartan nagusi den N-VA Flandesko Aliantza Berria alderdi abertzalea berariaz Vlaams Belang eskuin muturreko taldearekin nahasi gura izan dute. Mundu guztiak daki N-VA zentro-eskuinean kokatzen dela ardatz politikoan, eta mendebaldeko Europako mugimendu independentista gehienak nagusiki ezkertiarrak direla: Eskozian, Euskal Herrian, Galizian, Korsikan, Katalunian, Irlandan zein Galesen, esaterako. Ñabardura asko egin daitezke, herrialde horietan badira sektore kontserbadore eskuindarrak, baina askoz gutxiago ezkerreko independentismoaren aldean. Helburua eta, errealitatea ere bai tarteka, transbertsalak izatea da, noski, independentziaren hautua ezkerretik eskuineraino hedatzea, baina errealitatea da ezkerrak tiratzen duela independentziaren aldarrikapenetik. Europa ekialdean bestela izan da azken hamarkadetan, estatu sozialistetatik bereizi nahi eta, ondorioz, agenda eskuindarra izatea independentismoak. Belgikako kasuan, Wallonia industriala izan da historikoki ezkerraren eremua, eta Flandriak eskuinerago bozkatu izan du. Eta berebiziko garrantzia duela iruditzen zait, sozialki eta politikoki zentro-eskuinean kokatzen den nazio batek zer-nolako gaitasuna izan duen historian laguntza behar zuten herrialdeei elkartasuna adierazteko. Duela 80 urte gerratik ihesi joan ziren euskaldunetatik euskal independentismoaren alderik ezkertiar eta iraultzaileraino, beti jaso izan du flandriarren elkartasuna. Beste horrenbeste ikastolek babesa izateko orduan. Bart de Wever Anberesko alkateak N-VA Belgikako alderdi nagusi bihurtzea lortu du, ez Flandriakoa soilik. Eta elementu garrantzitsua da hori, ikusiko dugunez. Bereizi gura duten estatuaren ardura politikoa izatea egokitu zaie flandriar independentistei, eta hor ere beti izan dute tarterik elkartasunerako. Galdakaon azken adibide.

Orain katalanei adierazitako elkartasunak berriz Espainiaren amorrua ekarri die, eta flandriarren memoria historikoa iratzarri du; umeak beldurtzeko aipatu ohi zen Albako duke hori nondik zetorren berpiztu die, Gaztelaren uztarritik askatu eta lau mendera. Espainiarekiko oroitzapenak, euren independentismoak eta elkartasun historikoak ekarri die flandriarrei katalanei babes ematea. Ez euren helburuak lortzeko kalkulu politikoak. Katalunian eta Espainian gertatzen denak ez du Flandriako independentismoaren lana erraztu edo zailduko, ondo dakite euren lana etxean egin beharrekoa dutela. Teoria politikoak frogatu duenez, estatu batean bi nazio daudenean, eta sezesio-helburua duenak biztanleen erdiak baino gehiago baditu (flandriarrak Belgikako biztanleen % 60 dira), errazago zaie estatuaren jabe egitea, estatutik bereiztea baino. Konfederazio bihurtu da Belgika praktikan, eta urratsez urrats loturak askatzen doaz (eta hala ere, ekonomikoki eta politikoki nagusi izanda ere, frantsesez dakiten flandriarrak nederlanderaz dakiten walloniarrak baino askoz gehiago dira oraindik).

Izan ere, gezurra da Europa mugimendu independentista mordo bat dituen lurraldea dela eta Kataluniako independentziak horiek guztiak hauspotuko lituzkeen aurrekaria litzatekeela. Flandriarrek euren bidea dute. Eskoziar zein galestarrek ere bai: erreferenduma agendan, hauteskundeetan gailendu, Londresekin negoziatu eta galdeketa irabazi. Danimarkak atea zabalik dauka Faroe eta Groenlandiak bereizi gura dutenerako. Frantziak Kaledonia Berriarekin adostu berri du erreferenduma, eta Europan, Korsika da orain bertan, autonomismoak eta independentismoak elkar hartuta, nolabaiteko bulkada daukan bakarra, hau da Frantziako lurraldeen eta biztanleen %1 ere ez diren lekuan (eta Parisek, jakobinismo estuenean ere, negoziatzeko tarte zabala dauka oraindik). Italian Lega Nord xenofoboak ez dauka agenda independentistarik, Hego Tirolen eta Aostan autonomismoa da nagusi eta Sardinian, ezaugarri guztiak bete arren, inoiz ez da mugimendu independentista indartsurik eratu). Europa zaharreko herrialde horietatik kanpo, 1995etik EBn sartu diren 16 herrialdeetan, gutxiengo etniko eta linguistiko ugari izanda ere, ez dago estatu berririk sortzea proposatzen duen mugimendu edo politiko sendorik.

Aurrekari bakarra, estatu barruan da, errepublika baltikoen ostean inoiz bereizi nahi ez zuten Asiako errepublikak ere independente bihurtu ziren, eta Eslovenia eta Kroaziaren ostean, Mazedonia. Espainiaren baitan, nabarmen eragingo luke (Euskal Herrian argien) Kataluniako errepublika gauzatzeak, estatua bera guztiz ahulduko litzatekeelako. Baina ez beste inon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.