Alavesek sasoiko lehen puntuak batu nahi ditu, Granadaren zelaian irabazita

ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Alavesek dezente sufritu behar izan zuen aurreko sasoian mailari eusteko. Oraingoan, ez du halakorik nahi; eta, horretarako, onena lehen partidetatik puntuak pilatzen hastea da. Aurreko jardunaldian aurrenekoa lortzetik gertu egon zen Betisen kontra, baina, Tellok luzapenean sartutako golaren erruz, esku hutsik amaitu zuten lehia arabarrek.

Gaur, Granadan, denboraldiko bigarren lehia izango du Pablo Machinen taldeak. Partida gaiztoa da, etxekoek jokatutako bi lehia ofizialak irabazi baitituzte: ligan, Athleticen aurka (2-0); eta, Europa Ligan, Albaniako Teutaren kontra (0-4).

Beraz, une gozoan dira. Baina Albaniako partida ostegunean jokatu zuen Granadak, eta apenas izan duen atseden hartzeko denborarik. Hori baliatu nahi du Alavesek. «Ez da partida erraza izango. Granada aurreko sasoiko bolada onari segida ematen ari zaio. Gainera, egin dituen fitxaketei esker talde lehiakorragoa eta arriskutsuagoa da», nabarmendu zuen. Machinek partida atariko prentsaurrekoan. Taldea pixkanaka «hazten» ari dela uste du. «Baina Betisen aurkako partidan argi geratu zen ezin dugula minutu bakar batean ere arreta galdu».

Arabarren hasierako hamaikakoan Lejeune izan daiteke berritasuna. Erdiko atzelariak estreinako partida joka dezake Alavasen elastikoarekin. Ostegunean Europa Ligako beste partida dutenez, txandakatzeak egin ditzake, berriz, Diego Martinezek. Foulquierrek, Millaketa Machisek hasieratik joka dezakete.

GRANADA-ALAVES
Granada. Rui Silva; Foulquier, Vallejo, German, Carlos Neva; Milla, Yangel Herrera, Fede Vico;Puertas, Machis eta Soldado.
Alaves.Pacheco; Duarte, Lejeune, Laguardia; Edgar,Tomas Pina, Pere Pons, Battaglia, Rioja; Joselu eta Lucas Perez.
Epailea. Del Cerro Grande.
Ordua. 18:30 (La Liga).
Lekua. Los Carmenes (Ikuslerik gabe).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.